Kontra zegoen Elisabeth Borne lehen ministroa, eta kontra zeuden beste ministro asko. Kontra zeuden gobernua sostengatzen duten diputatu gehientsuenak; eta kontra zeuden, noski, oposiziokoak, «demokraziaren ukazioa» salatzen. Baina, hala ere, Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak erabaki zuen erretretaren erreforma indarrez pasaraztea, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabilita. Jakin arren erabaki horrekin legitimitatearen hondarrak ere kenduko zizkiola erreformari. Herritarren babesa lortzerik ez zuenez —protesta jendetsuek ez ezik, inkestek ere erakutsi dute erreformaren arbuioa oso zabala dela—, behintzat parlamentuko bozketa batek ematen duen legitimitatea eskuratzea zen Macronen eta gobernuaren asmoa, baina porrot mingarria izan zuen; hedabide batzuen arabera, LR Errepublikanoen bi diputaturen botoak bakarrik falta zitzaizkion gehiengoa ziurtatzeko.
Jokoan zer zegoen ikusita, arriskatu egin nahi zuten gobernuko batzuek, baina ez Macronek. Ezezko batek finantza merkatuetan eragin zezakeen astinduaz kezkatuta zegoela adierazi zien ministroei. Jakin arren herritarren sumindura koska batzuk igoko zela, eta ordura arte baketsua izan den protesta indarkeriaz tinda zitekeela. Eta hori ari da gertatzen.
Zentsura mozioak, bihar
Oposizioak bi zentsura mozio aurkeztu ditu gobernuaren aurka, eta bihar arratsaldean aztertuko ditu Frantziako Asanbleak. Lehenengoak, RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiarenak, ez du aurrera egiteko inolako aukerarik, Nupes ezkerreko koalizioak jada iragarri duelako ez duela bozkatuko.
Aukera gutxi batzuk gehiago ditu LIOT taldearenak, «asmo transbertsalarekin» egindakoak. Korsikako hiru diputatu abertzaleak, Bretainiako diputatu erregionalista bat eta zentrista batzuk biltzen dituen talde txiki horren mozioaren aldeko botoa emango dutela jakinarazi dute ezkerrak eta eskuin muturrak. Baina horiekin guztiekin ere ez dira beharrezkoak diren 287 diputatuetara iristen. Ezinbestekoa dute LRko 30en bat diputatuk ere babestea, eta jendaurrean lauk bakarrik iragarri dute babestuko dutela.
Ulergarria da LRkoen ezezkoa. Batetik, erreformak alderdiaren izena —edo haren buruzagitzarena behintzat— idatzita darama, haren eskaeretako batzuk onartu dituelako gobernuak. Baina bada beste arrazoi alderdikoiago bat: zentsura mozioak arrakasta izango balu, eta ordezko gobernu baterako gehiengoa osatzerik ez balu, legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzera eraman dezake Macron. Eta orain bozetara joateko interes bakarra RNk dauka, eta ezkerrak, agian, bere batasun ahula sendotzeko gai izango balitz. LRri doi-doi kontrakoa interesatzen zaio: Macronen inguruko egoera usteltzea, gero haren aurrean galdutako botoak berreskuratu ahal izateko.
Eta hori da, hain zuzen ere, gerta daitekeena. Herritarrekin eta sindikatuekin etsaituta, kapital politikorik gabe, aliatuen faltan, parlamentuan ezer aurrera ateratzeko gehiengorik gabe... Lau urte asko dira politikan, baina egoerak ez dauka itxura onik Macron bakartuarentzat. Lehen ministroa aldatzen saiatzea da aukeretako bat. Bornek berak onartu zuen ostegunean presidentearen «fusiblea» dela eta hura estu izatearen prezioa agian berak ordaindu beharko duela. Baina horrek nekez aldatuko du egoera, Macronen jarrera delako oztopoa. Gobernatzeko «molde berriak» agindu zituen bigarren agintaldiaren hasieran, baina horrek aurrez aurre egiten du talka presidentearen izaerarekin —zuzen ari dela uste du— eta bere agintaldirako jarri zuen xede nagusiarekin: agindutakoa bete zuen presidentea izatea, kosta ahala kosta.
Konstituzionala eta erreferenduma
Zentsura mozioak aurrera egingo ez balu ere, oraindik badaude beste bi aukera erretretaren erreforma indarrean ez jartzeko. Nupesek iragarri du Auzitegi Konstituzionalera eramango duela, hura parlamentuan eztabaidatzeko gobernuak baliatutako prozedura eztabaidagarria dela eta. Gainera, ekinaldi partekatuko erreferendum bat sustatzen ari da: 185 diputaturen botoa eta 4,7 milioi herritarren sinadura (hautesleen %10) bilduz gero, erreferenduma egin beharko da gaiari buruz.
GEURE KONTU
Macron bere bakardadean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu