Aurki, 2020ko otsailaren 1ean, bost urte urte izango dira Erresuma Batua Europako Batasunetik atera zela ofizialki. Ezkontza gatazkatsu baten ondoren, dibortzio luze eta katramilatsu bat etorri zen, eta, haren ondorioz, bi auzoek praktikoki elkarri begiratu gabe igaro dituzte azken urteak, besteaz gogaituta. Denborak, ordea, gauza asko sendatzen ditu, eta kontserbadore brexitzaleek boterea uzteak ere bai.
Gauzak horrela, brexit aroko laugarren lehen ministroari egokituko zaio Mantxako itsasartearen bi aldeen arteko harremanak berriro abiatzea. Keir Starmer laboristak onartua du goi bilera bat egiteko EBk egindako eskaintza; otsailaren 3an batuko dira, defentsa eta atzerri politikako gaiak jorratzeko antolatutako bileran. Aurrerago elkartuko dira merkataritza harremanen eguneratzea jorratzeko. Beste modu batera esanda: lehenik gai errazagoak jorratuko dituzte, eta gero helduko diote gai korapilatsuenari.
Izan ere, gaur-gaurkoz ez da argi ikusten aldaketa sakon bat izango denik bien arteko harremanean, ez batak eta ez besteak ez daudelako prest beren marra gorriak mugitzeko.
EBri dagokionez, espektatiba askoren aurka, merkatu bakarraren defentsa tinkoa egin zuen haustura negoziazioetan, eta orain ez du amore emateko arrazoi handirik. Erresuma Batuak pisua galdu du bere kanpo merkataritzan —Hego Euskal Herrian, esaterako, esportazioen %8,9 joan ziren hara 2019an, baina %5,9 besterik ez 2023an—, baina Mercosurrekin egindako itunak erakusten du merkatu berriak aurki ditzakeela.
Norabidea aldatzeko arrazoi gehiago izango ditu Starmerrek, azken finean Erresuma Batuari egin baitio kalte handiena EB uzteak. Ez, ez da iragarritako hondamendi ekonomikorik gertatu, baina Erresuma Batuaren datuak EBrenak baino okerragoak dira dibortziatu zirenetik.
Baina Starmerrek, bere aurreko toryek bezala, baztertu egin du merkatu bakarrera itzultzea, eta ez du aduana batasunari buruz hitz egin nahi. Hau da, ez du merkataritza harremanak erraztuko lituzkeen neurririk hartu nahi. Arrazoiak ez dira ekonomikoak, politikoak baizik. Brexit-aren ondorioz Ingalaterra erdialdean eta iparraldean galdutako barrutiak berreskuratzeari esker irabazi zituen hauteskundeak, eta ez du hango herritar aski brexitzaleak berriro galtzeko keinurik txikiena egin nahi.
Inkestak, harreman estuagoa izatearen alde
Starmerren zuhurtziak talka egiten du britainiarrek inkestetan azaltzen duten iritziarekin. ECFR-ren zundaketa baten arabera, Erresuma Batuko herritarren %55ek nahi dute «harreman estuagoa» izan EBrekin, eta %10ek baizik ez «urrunagoa». Harreman estuagoa izatearen aldeko iritzia nagusi da EBko herritarren artean, baina datu apalagoekin, bereziki Frantzian (%34).
Harreman estuago horren adibideetako bat izango litzateke bi aldeetako gazteen egonaldiak erraztea beste blokean. Europako Batzordeak proposatu du 30 urtetik beherakoek lau urte arteko ikasketa eta lan baimenak izatea, baina horren inguruan ere uzkur azaldu da Starmer, herritarren mugimendu librearen antz handiegia izango lukeelakoan.
Starmerrek baztertu egin du merkatu bakarrera itzultzea, eta ez du aduana batasunari buruz hitz egin nahi. Hau da, ez du merkataritza harremanak erraztuko lituzkeen neurririk hartu nahi. Arrazoiak ez dira ekonomikoak, politikoak baizik.
Baina bada Erresuma Batuaren eta EBren arteko merkataritza harremana baldintzatu dezakeen beste faktore bat, Donald Trump izenekoa. Gerra protekzionista bat hasteko irrikaz azaldu da Etxe Zuriko hurrengo maizterra, nahiz eta posible den muga zergak ezker-eskuin handitzeko mehatxuak negoziatzeko tresna bat besterik ez izatea, bere intereseko gaietan abantailak lortzeko. Baina batera edo bestera izan, Trumpek astindua emango dio mahaiari, eta oso litekeena da beste aktoreak piezak lurrean berriro egonkortu arte itxarotea beren mugimendu propioak egiteko.
Ez da baztertu behar Londresek Washingtonekin nolabaiteko itun bat egitea. Horrela bete liteke brexit-a bultzatu zutenen ametsa: Bruselaren uztaitik kanpo, mundu zabalera —eta batez ere Atlantikoaren beste aldera— begiratzen duen Erresuma Batu bat. Negoziazioak izan ziren kontserbadoreen agintaldian, baina Joe Bidenek eten egin zituen. Trumpekin halako akordio bat egiteko oztopo nagusietako bat nekazaritza da, edo, zehatzago esanda, AEBetan ohikoak diren praktikak: aziendari hormonak ematea eta oilaskoak kloroarekin garbitzea bakterioak akabatzeko. Nekez onartuko du Starmerrek halakorik, eta horrek maila txikiagoko itun bat bat ekar dezake; eta haren ondoren, agian, Londresen eta Bruselaren arteko akordio bat.