Espainiako finantza sistema munduko onenetarikoa da», aldarrikatzen zuen, harro, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak. «Espainiako finantza sistemak ez du inolako arriskurik», erantzuten zion, irmo, Pedro Solbes Ekonomia ministroak. Bi adierazpenak 2008ko irailaren 30ekoak dira. Zer gertatzen ari zen orduan? Bada, finantza sistemaren ustezko apokalipsiak jota zegoen mundu osoa. Lehman Brothers erori ondoren, AEBetako inbertsio banku ahalguztidunak belauniko jarri, eta George Bushen gobernu neocon sutsuaren laguntza behar izan zuten. Europan ere alarma piztu zen.
Historia ezaguna da: banku handien balantzeak zaborrarekin eta aktibo kutsatuekin bete ondoren, arazoak zituzten erakundeak diru publikoarekin erreskatatzea erabaki zuten gobernuek. Erortzeko handiegiak ziren banku horiek, eta gehiegizko arriskuak hartu bazituzten ere, zergapekoen laguntza behar zuten. Auziak eragindako eztabaida moral gordinetik at geratu zen Espainia, Munduko sistemarik sendoena zuelako, antza.
Egia da finantza erakunde gehienak AEBetako subprime hipoteken lurrikaratik libratu zirela, baina ordurako Made is Spain aktibo kutsatu propioak pilatzen ari ziren balantzeetan. Eraikuntzari emandako kreditu neurriz kanpokoen zama agerian geratuzen etxebizitzaren burbuilak eztanda egin zuenean.
Bankuen eta kutxen egoera gai deserosoa izan da. Zapateroren gobernuak hainbat plan bultzatu zituen, kutxak elkartu eta banku bihurtzera bultzatu zituen, baina merkatuen mesfidantza ez zuen uxatu. PSOEren ekimen gehienek PPren aldeko botoa izan zuten, baina gobernura iritsi bezain pronto finantza sistema onbideratzeko plan «erabakigarria» agindu zuen PPk. Lau hilabete pasatu dira, eta argi dago ez duela ezer konpontzea lortu.
Finantza sisteman 184.000 milioi garbitzea falta da. Orain, erakundeei diru publikoa zuzenean emateko prest da Raxoi, Bankiarekin hasita. Lau urte eta erdi geroago, erreskateak dira finantza sistema onenaren erantzuna.
Analisia
Lau urte eta erdi berandu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu