Ivan Santamaria.
GEURE KONTU

Langileekin oroitu dira Bruselan

2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bederatzi urtez krisian sartuta egon ondoren, agenda soziala ahanzturatik erreskatatzea bururatu zaio Europako Batzordeari. Maiatzaren Leheneko bezpera honetan, langileekin oroitu dira azkenik Bruselan. Ez da gauza txarra, azken urteotan finantza erakundeak salbatzeko txeketegia beti izan dutelako prest Europako herrialdeak, baina eskasak izan dira tamainan eta handinahian ondorio sozialak arintze aldera hartu diren erabakiak.

Kostatu zaie. Europako Batasunaren proiektua bera zalantzan eta ia setio egoeran dagoen abagunera arte itxaron dute. Hauteskunde prozesu demokratikoei mesfidantzarekin eta hil edo biziko drama balira bezala begiratzen hasi zaien arte. Erresuma Batuak alde egitea erabaki duen arte. Euroeszeptikoek batasuna benetan puskatzeko abagunea argi ikusi duten arte. Orain, iritzi publikoa berreskuratzeko ahalegina dator. Orain dator saialdia distira ateratzeko merkatu ekonomia soziala marka arranditsuari.

Ez da eztabaida berria. Batasunak dimentsio sozial bat izan behar ote zuen eta nolakoa izan behar zuen luze eztabaidatu zen 1992. urtean Maastrichteko Ituna sinatu baino lehen. Erresuma Batuak hondoratu zuen. Londresek irteerako atea ireki duenean berriro plazaratzea ez da kasualitatea. Ez eta Frantziako hauteskundeen erdian gertatzea ere. Disimulu gutxirekin lotu zituen bi gaiak Marianne Thyssen komisarioak, neurrien aurkezpenean: «Begiratu zer gertatu den Frantziako hauteskunde kanpainan: politika sozialak jendearen lehentasunetako bat dira, eta erakundeak behartuta gaude euren konfiantza berreskuratzera». Pentsa liteke gizartearen eskaerak hasi zirela Frantziako hauteskundeak iritsi baino askoz lehenago, baina orduan entzungor egiten zitzaien Bruselako boli dorrean, austeritate hedakorraren esperimentuan tematuta.

Xisteratik atera behar zen herritar arrunten bizitzan eragina izan zezakeen zerbait, eta gurasoentzako baimenak indartzea da proposamen esanguratsuena. Berdintasunaren ikuspuntutik arrazoiak ez dira falta, noski, eta langileentzako aurrerapausoa izango da, besterik ez bada Europako patronalei zein gutxi gustatu zaien ikusita. Horrekin batera abiatuko dira urratsak ekonomia informal berrian ere lan eskubideak errespetatzen direla aztertzeko eta gehiegizko lanaldiak gelditzeko. Multzo handiago baten lehen partea lirateke neurri horiek. Ekonomia eta diru batasunarekin batera, eskubide sozialak bihurtuko lirateke Europako eraikuntzaren «hirugarren zutabea».

Dimentsio sozial horri buruzko eztabaidak beste ardatz bat du, ilunagoa. Europako Batasunak bere etorkizunari buruz hartu beharko dituen erabakiei buruzko partea da. Hiru irtenbide leudeke hor. Lehena, integrazio soziala bere horretan uztea, mugimendu askatasunetik aparte bestelako urratsik egin gabe. Bigarrena, herrialde talde batean —eurogunean, bereziki— integrazio eta konbergentzia handiago batera jotzeko pausoak ematea. Hirugarrena, 27 herrialdeek batera ibiltzea integrazio handiago baten bidea. Hortik atera beharko du Europaren etorkizunak, eta ez dago argi zein nagusituko den.

Aste honetan atera den Eurobarometroak dio EBko herritarren %57k uste dutela euren herrialdea batasuneko kide izatea ona dela. 2007ren pareko emaitza da, baina azpian zatiketa oso handia dago. Hamar herrialdetan ez dira %50era iristen, horien artean Austria edo Italia, eta azken horretan soilik %35ek ontzat jotzen dute. Beste bost herrialdetan %55etik behera dago onarpena. Agenda soziala berreskuratzeko arrazoiak nahi badira, hor daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.