Irune Lasa.

Kriptodiruak eta Ama Birjina

2025eko martxoaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Eskerrak Guadalupeko Ama Birjinari ebanjelistak garela». Adiskide salvadortar batek entzun zien mexikar batzuei Estatu Batuetan. Badu mamia esaldiak, berez, teorian, ebanjelistek ez dutelako sinesten Ama Birjinarengan.

Bada, esan daiteke kriptodiruekin ere antzeko zerbait gertatzen ari dela. Berez, teorian, banku zentraletatik eta oro har botere zentraletatik aske izateko diru gisa sortu ziren bitcoin diru digitala eta beste kriptodiruak. Baina, hara, AEBetako Gobernuaren legitimazioa eta babesa edukitzeko sekulako lobbygintza egin du kriptoen AEBetako industriak, eta dirutza jarri du Trump presidentetzara eramateko.

Artean Etxe Zurira iristeko kanpainan ari zela, Trumpek kritptodiruen mesederako hainbat neurri iragarri zituen. Mesede nagusia zen SEC finantza merkatuen gainbegiratzaileak kriptodiruei jarritako oztopoak kenduko zituela. Eta hori jada hasi da egiten administrazio berria, David Sacks kriptoetarako izendatutako tsarrarekin. Adibidez, Coinbase kriptodiruen artekaritza enpresaren kontrako auzia bertan behera utzi du SECek, eta baita Gemini eta Open Searen kontra zabaldutako ikerketak ere.

(FILE) SWITZERLAND CRYPTOCURRENCY
PABLO GIANINAZZI / EFE

Kanpainan bota zuen lehen aldiz Trumpek kriptodiruen erreserba estrategikoaren ideia, eta joan den astean mahai gainean jarri du berriz, Truth Social sarean esan duenean zer kriptodiru sartuko diren erreserba horretan.

Itzal handiko bitcoin eta ethereum kriptodiruez gain —espero zen bi horiek egotea—, hain hedatuta ez dauden beste batzuk ere sartuko omen dira erreserba horretan: solana, XRP eta cardano tokenak.

GlDlDEsb0AAYxKA
Trumpen mezua Truth Social sarean. 

Argitzeko, labur-labur: erreserba estrategiko bat da noizbait behar izatekotan badaezpada ere erosi eta pilatzen den gordailu bat, adibidez, larrialdi baterako behar denean diruz bizkor ezin erosi diren gaientzat. Adibidez, AEBetako Gobernuak petrolioaren eta ikatzaren erreserba estrategikoak ditu, eta erabili izan ditu, adibidez, upelaren prezioa jaisteko.

Deigarria da, hala ere, dolar estatubatuarra nagusi den mundu honetan, munduan erreserbetarako diru nagusia dolarra izanda, Estatu Batuetako Gobernuak kriptodiruak eta tokenak erosteko eta pilatzeko asmoa izatea. Zergatik, zertarako? Badaezpada? 

Erreserbaren helburuak agian ez daude argi, baina ondorioak jada ikusten dira. Azken asteetan, ziurgabetasun orokorraren ondorioz balioa galtzen ari ziren kriptodiruen eta tokenen balioek gora egin zuten tarte batez —eta gero jaitsi, egoera ekonomikoaren ziurgabetasunarengatik—.

Eta gorakada eta beherakada horien onuradun handienen artean, hara ustekabea, Trump sendia dago. Otsailaren 25ean jada bazekien zerbait presidentearen seme Eric Trumpek, eta X sarean gomendatu zuen beherantz zihoazen (dip) bitcoinak erosteko.

Ez hori bakarrik; Trumpek erreserba aipatu eta egun bakarrean, %19 igo zen Solana tokenaren balioa, zeinaren blockchainak (sistemak) Donald eta Melania Trumpen memecoinak eta beste memecoin gehienak hartzen dituen. Memecoinekin, hain zuzen, SEC AEBetako Burtsa eta Baloreen Batzordeak orain, Trumpek izendatutako Paul Atkinsen zuzendaritzapean, nahi du haiek balore bezala ez hartzea «bildumetako objektuen antzera funtzionatzen dutelako». Horrek gardentasun eta informazio betebeharrak arinduko dizkie, eta iruzurrak erraztu. 

Trump familiak bere kriptodiru plataforma propioa eratu zuen orain hilabete batzuk, eta Donald eta Melaniaren memecoinak Trumpek presidentetza hartu baino egun batzuk lehenago jaulki zituen. Financial Times-ek egindako ikerketa baten arabera, Trumpen memecoinen inguruko proiektuak 350 milioi dolarren etekinak izan ditu egun gutxian.

Ezin jakin, ordea, zein dauden memecoin horien erosleen artean. Trumpdarren inguruko zaleak dira, asko dirutza galduko zutenak, Trumpen memecoina 75 dolarrera iritsi eta 13ra jaitsi baita? Edota asmo ilunagoko inbertsiogileak?

Edonola ere, erreserba estrategikoarekin beren negozioetarako eta gordailuentzako babesa irabazteaz gain, kriptodiruen industriak etekin politak ere lortuko ditu.

USA CRYPTO SUMMIT
Trump, kriptodiruei buruzko goi bileran. Eskuinean, David Sacks, bere kriptoetarako tsarra. CHRIS KLEPONIS / EFE

Kriminalak eta motozerrak

Horren guztiaren ifrentzuan, bi orbain. Batetik, zerga ihesetik eta jarduera kriminaletatik ateratako irabazien legitimazioa —eta zenbaiten ustez, iruzur sistema oso batena—.

Eta, bestetik, defizitaren eta gastuaren murrizketaren aitzakian, Elon Musken motozerra nozituko duen gizarte batean, aurrekontuko diruak kriptodiruak pilatzeko erabiliko dituzte, kriptodiru eta memecoin jabeen onurarako. Kezka ere badago, hau guztia ez ote den kriptoaren industriaren erreskaterako oinarriak jartzeko. Oraingoz, David Sacks Trumpen administrazioko kriptoen tsarrak zehaztu du erreserba gobernuak kasu kriminaletan konfiskatutako kriptodiruekin osatuko dela. 

Hain zuzen, Etxe Zurian kriptodiruen inguruko goi bilera bat egin zuten ostiralean, besteak beste, dolarrari lotutako stablecoin kriptodiruez, eta alorraren erregulazioaz hitz egiteko. 

Auzipean egotetik, eta botere zentralizatutik at egon nahi izatetik Etxe Zurira iritsi da kripto industria. Esan daiteke Donald Trumpekin kriptozaleei Ama Birjina agertu zaiela —edo agerrarazi dutela, horrelakoak pasatu izan dira-eta Ama Birjinekin—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.