Iker Aranburu.

Kartelak ere argi dauka: «Funtziona»

2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

Zerbait badabil, zertarako aldatu? Horixe pentsatu dute Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideek eta haien aliatuek, LPEE+ taldea izenekoek. Aste honetan egindako bilera telematikoan ezer ez egitea erabaki zuten, kostata bada ere, haren ekoizpen murrizketek azkenean izan dutelako eragina petrolioaren merkatuan, prezioak gorantz egiten ari baitira etengabe. Beste hark esan zuen moduan, «funtziona».   

Abenduaren erdialdeaz geroztik garestitzen ari da petrolioa. Nahiko poliki egin du, hori bai: abenduaren 12an 73 dolarretan salerosi zen Brent upela, baina ostiralean jada 91 dolarrera iritsi zen, lehen aldiz udaz geroztik.

Garestitze hori antzematen da Euskal Herriko gasolindegietan ere, baina kasu horretan ere, ez da aurreko batzuetan bezain bortitza izan. Urtarrilean, batez beste 1,53 euro balio izan zuen gasolio litro batek Euskal Herrian, eta 1,587ra iritsi da. Gehiago garestitu da gasolina: 1,575etik 1,694ra.

Igoera horren atzetik merkatu estuago bat dago. Hau da, eskaintzak ez du lehen bezain erraz betetzen eskaera, eta horrek eragiten du petrolio konpainiek eta artekariek beren produktua pixka bat garestiago saldu ahal izatea erosi nahi duten banatzaileei. 

Horrelakoetan ohikoa izaten da galdera: helduko al da Brent upela ehun dolarretara? «Auskalo» da erantzun laburrena eta zintzoena. Baina ez da erantzun bakarra, merkatuaren mugimendu txikiena ere aztertzen duen analistez josita baitago sektorea, eta haien lana etorkizuna asmatzea baita. Oraingoz, garestitzen jarraituko duen ustea da nagusi, baina bi faktoreren menpe dago. Lehenik, diziplinari eutsiko al diote LPEE+ taldeko kideek, ala norberaren interes propioak nagusituko dira. Bigarrenik, iaz bezala, gai izango dira AEBak eta Ameriketako beste herrialde batzuk haien ekoizpena handitzeko kartelaren murrizketak konpentsatzeko?

LPEE versus IEA

Baina epe motzeko bilakaeratik harago, hurrengo urteetan egingo duenari buruzko oso ikuspegi desberdinak daude, eta lotuta daude kontsumo espektatibekin. Batetik, ekoizleen aldetik, LPEEk dio aurten petrolio kontsumoa 2,25 milioi upel handituko dela eta gutxienez bi hamarkada igaroko direla haren egarria txikitzeko. Iritzi interesatua? Bai, noski, baina badu bere funtsa, urtetik urtera handitzen ari baita munduan petrolio kontsumoa.

Hazkunde horrek, ordea, lehen arrakalak erakutsi ditu. Mendebaldeko herri industrializatuetan, elektrifikazioaren eta eraginkortasunaren ondorioz, behera egiten ari da kontsumoa. Hori gertatzen ari da Euskal Herrian ere: iaz 2,89 milioi tona gasolio eta gasolina saldu ziren, 2022an baino %4,9 gutxiago. Jaitsiera ez da, gainera, urte bakarreko kontua: 2018an jo zuen goia, eta beheranzko joera du ordutik.

IEAk eskatu du dagoeneko inbertsio gehiago ez egiteko erregai fosiletan. Ez diote, ordea, kasu handirik egin

Datu horiei heltzen die IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak iragartzeko goia jotzear dagoela, eta hamarkada bukatu aurretik beheranzko bidea hartuko duela. Horregatik IEAk eskatu du dagoeneko inbertsio gehiago ez egiteko erregai fosiletan. Ez diote, ordea, kasu handirik egin, oraindik ere negozio mamitsua baita hidrokarburoena.

Aste honetan Global Energy Monitorrek kaleratu duen txosten baten arabera, gutxienez hogei petrolio eta gas hobi ustiatzeko azken erabakiak hartu ziren joan den urtean. Guztiz ustiatuko balira, 8.000 milioi upel gehiago batuko lirateke, hau da, 800 egunerako kontsumoa. Ez dira azkenak izango: gutxienez beste 64 putzu berri espero ditu 2030erako, hau da, 31.000 milioi upel.

Azken urteetan ohikoa bilakatu den moduan, AEBetan doaz aurrera proiektu gehien —munduko ekoizlerik handiena da dagoeneko—, eta haren atzetik Guyana dago. Hego Amerikako herrialdea iritsi berria da ekoizle handien taldera, eta ez du alferrik galdu nahi pobreziatik atera dezakeen urre beltza. Talde horretan daude Zipre, Namibia, eta Zimbabwe ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.