1. Kanibalismoa? Papua Ginea Berriaz ari zara? Ez, Europaz.
2. Nola lotzen dira egungo Europa eta kanibalismoa? Kapitalismo neoliberal digitalaren bidez. Agian, errazago ulertuko duzu esaten badizut janaria eta beste produktu batzuk etxera banatzeko negozioak enpresen arteko lehia basatia eragin duela, eta batak bestea jateko lasterketa bat martxan dagoela Europan.
3. Eta nor dira parte hartzaileak? Glovo, Dija, Getir eta Gorillas; oraingoz, horiek dirabeste zenbait start up jan dituztenak supermerkatuen ohiko erosketak etxera eramateko zerbitzuaren sektorean. Europako hainbat hiritan, hamar minutuko epean, erosketak etxera eramatea eskaintzen dute, epeak gero eta gehiago murriztuz. Inbertsio handiak egiten ari dira sektore gaztean, eta bat egiteak eta xurgatzeak azkar gertatzen ari dira, tartaren zati handiena norentzat izango den jokoan.
4. Enplegua sortuko dute orduan. Milaka langilek jarduten dute enpresa horientzat, baina lehiakideen artean Glovo ikusteak esango dizu zerbait, ezta?
5. Tamalez, bai... Hori da; tamalez, lanpostu prekarioez ari gara, algoritmo digitalen bidezko kontrolaz, bizikletaz eta motorraz, eta bezeroei zerbitzu handiak eskaintzeaz tarifa txikien truke, betiere eskulanaren bizkarretik.
6. Janaria partitzen dute bakarrik? Ez, ez gara ari Deliberoo edota Just Eat moduko enpresei buruz, supermerkatuen erosketa oso bat banatzen dutenei buruz baizik, nahiz eta lehengusuak izan. 2.000 produktu inguruko gama bat eskaintzen dute, tartean janaria, noski, baina baita garbitasunerako eta higiene pertsonalerako produktuak ere, esaterako. Hirietan barna biltegi txikien sare bat dute, eta bezero batek deitzen duenean produktu zerrenda bat eraman diezaioten etxera; harenetik hurbilen dagoen biltegiak hornitzen du eskaria. Azkartasuna eta gertutasuna hertsiki loturik daude. Hori da negozioaren funtsa.
7. Supermerkatuen lehiakide bihurtu dira orduan? Maila batean, bai. Produktuak hornitzaileei erosten dizkiete zuzenean, baina batzuetan baita supermerkatuei ere. Kontua da sektoreko iturriak esaten ari direla supermerkatu kateekin akordioak lortzeko aukera gero eta argiago ikusten dutela. Supermerkatu askok eskaintzen dute erosketak etxera eramateko zerbitzua, baina ez enpresa berri horien azkartasunarekin, eta ez da zaila aurreikustea, azkenerako, supermerkatuek zerbitzu hori azpikontrata dezaketela, hain zuzen, Glovo, Dija, Getir eta Gorillasen bidez.
8. Merezi die banatzaile handiei enpresa txiki horiek elikatzea? Prekaritatearen ereduarekin ari diren banatzaile azkar horien ustez, bai, «arazo bat kenduko dutelako gainetik». Banatzaile tradizionalei «garesti» ateratzen omen zaie etxera partitzeko zerbitzua. Nekez ei da errentagarria.
BAKARRIZKETA
Janari banatzaileen kanibalismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu