Irune Lasa.

Imazen presioa, berriz ere

2024ko urriaren 22a
15:30
Entzun

Repsolek atzo jakinarazi zuen Portugalen, Sinesko portuan duen konplexua hautatu duela hidrogeno ekoizpenerako hurrengo inbertsioa egiteko. 15 milioi euro dira, lau kilowatteko elektrolizagailu bat jartzeko. Albistea ematean energia konpainiak gogorarazi zuen oraindik stand by, izoztuak dituela Espainiako inbertsio industrial batzuk.

Funtsean, iragarpen hori, ezer baino gehiago, aurrerapen bat zen, atariko jokaldi modukoa gaur Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak esan behar zituenentzat.

El Correo taldeko egunkarietan eta La Vanguardian argitaratutako Industria edo populismoa iritzi artikuluan, Imazek, beste behin, gogor jo du energia enpresen gaineko zergaren kontra. Zergatik? Carlos Cuerpo Espainiako ekonomia ministroak Europari esan diolako energia konpainien gaineko zerga berezia betikotzeko asmoa duela hurrengo aurrekontu orokorretan.

Eta hortxe kokatu behar dira bi gertaerak, Sinesko inbertsioa eta Imazen adierazpenak, Espainiako Aurrekontu Orokorren negoziazioan. Hirugarren urtea baita Imazek antzekoak esaten dituena Madrilen negoziazio arantzatsuak iristen direnean.

«Zerga demagogikoa»

2022. urteko udan, zerga berezia artean proposamena soilik zela, tasa «demagogikoa» eta «antikonstituzionala» zela esan zuen Repsoleko buruak, kalte egingo ziela enpleguari eta inbertsioari. Zerga, ordea, ezarri egin zen: %1,2ko tasa 2022ko eta 2023ko salmenten gainean, ordaintzekoa 2023an eta 2024an. Repsolek auzitara eraman zuen neurria.

2023ko urriaren amaieran, Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioak ziren Madrilen, eta PSOEren eta Sumarren gobernurako akordioak zerga bereziaren luzapena jaso zuen. Imazen erantzuna berehala etorri zen. Inbertsio batzuk «Espainiatik kanpora» eramateko aukera mahai gainean jarri zuen, Petronor bera aipatuz.

Findegien sektorea garai erabakigarrian bizi da, zalantzarik gabe. Trantsizio energetikoak petrolioarekin lan egiten duten konpainiak sustraitik astindu ditu

Petronorrekin EAJri presio egiten zion horrela Repsolek, Sanchezek praktikoki ezinbestekoa zuelako alderdi jeltzalearen babesa. Gerora, Teresa Ribera ministroak proposatu zuen zerga betikotzearen truke haren eragina murriztea, tasatik libre utziz trantsizio ekologikorako egindako inbertsioak. Imazek, hasieran begi onez ikusi zuen proposamena. Baina ez dirudi gustura azken proposamenarekin, eta berriz ere presio egiten hasi da.

Imazen esanetan, «zerga populismoak» arriskuan jarriko du industria. «Milaka milioi euro beste herrialde batzuetara desbideratuko dira. Deskarbonizatzeko zailtasunekin, baliteke Espainiako findegi sektoreak estutasunean egotea hamarkadaren amaierara iristeko. Zerbitzuetan, ziurrenez gaizki ordaindutako balio erantsi txikiko enplegu asko sortuko ditugu».

Findegien sektorea garai erabakigarrian bizi da, zalantzarik gabe. Trantsizio energetikoak petrolioarekin lan egiten duten konpainiak sustraitik astindu ditu, eta, findegi batzuk ixten ari badira ere —Europan batez ere—, beste batzuek beren prozesuak hidrogeno berdearekin edo bioerregaiekin garbitzeko bidea hartu dute, hala nola Petronorrek Muskizen, eta Repsolek Cartagenan, Tarragonan, Coruñan eta Puertollanon.

Hidrogeno berdea

Hidrogeno berdean inbertitzea ez da soilik emisioak murriztea, negozio berrien muina ere bada Repsolentzat. Petrolio konpainia izateari utzi eta energia konpainia bihurtzea, eta Iberdrola bezalako lehiakideen pare ibiltzeko modua, besteak beste.

Baina egia da, era berean, azken urteetan hidrogeno berdearen inguruan piztutako ikusmina baretuz doala, batez ere Europan, eta zenbait azpiegitura, batez ere Alemanian, atzeratuta edo bertan behera geratu direla. Aldiz, AEBetako administrazioak gogor heldu dio hidrogeno berdearen apustuari. Hor ere ataka estuan da Imazen Repsol.

Ohiko negozioan, petrolioa fintzen, ezin ukatu Repsolek urte oso onak izan dituela. 2022. urtean, 4.251 milioi euro irabazi zituen, eta 2023an, 3.168 milioi. Baina ikusi beharko da zer gertatzen den petrolioarekin, erakunde askoren arabera AEBetan eta Txinan eskaria jaitsi egingo baita datozen urteetan, eta upelaren prezioak behera egingo baitu. Horrek eragin zuzena izango du Repsolen, eta Petronorren emaitzetan.

Petronorreko inbertsioa

Ezin da ahaztu, halaber, hidrogeno berdeko bere proiektuetarako laguntzak jasotzen ari dela Repsol. Adibidez, uztailean Ministroen Kontseiluak 160 milioi euroko laguntza onartu zion Petronorri, 100 megawatteko elektrolizagailu bat ezartzeko. Teorian, horretarako inbertsioa izoztua du Repsolek, baina jada egin ditu laguntza onartzeko tramiteak. Beraz, badirudi oraingoz inbertsio hori aurrera doala, presioak presio.

Imazen idatziak ia berehalako erreakzioa eragin du EAJn. Aurrekontu Orokorren negoziazioen testuinguruan, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak Madrilen esan du ez dagoela ados energia konpainien gaineko zerga luzatzearekin: «Ez da hil behar urrezko arrautzak erruten dituen oiloa», esan du Ortuzarrek.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, aurreratu du zerga onartzen bada itunpekoa izatea exijituko dutela, «hemen hartzeko erabakirik egokiena».

Petronorrek EAEko ekonomian duen pisuaren erakusle dira adierazpen biak, baita Imazen presio ahalmenaren erakusle ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.