Kontsumoa sustatzeko, kapitalismoak etengabe saltzen du Eguberriak asmo onen garaia direla. Baina asmo onei ekin ordez, ikatza banatu dute enpresek asteon: Siemens Gamesak iragarri du bulegoetako 250 langile kaleratuko dituela; SDA Factory hartzekodunen konkurtsoan dago, eta Balenciaga ontziolako konkurtsoa aurrera doa. Hori gutxi ez, eta Nafarroan hauxe: Sunsundegui lantegia larri dago, eta Antolin taldeak Orkoiengo lantokia itxiko du aurki.
Aurpegirik krudelena, baina, BSHk azaldu du. Alemaniako zuzendari bat bidali zuen Ezkirotzera bertako 655 langileei jakinaraztera sei hilabeteren buruan lantokia itxiko dutela. Beste azalpenik eman gabe. Urteetako lan guztiak ezer balio ez balu bezala. Iritsi, jakinarazpena leitu eta alde egin, eragindako hondamendi pertsonalei erreparatu gabe.
Azken batean, lantegi hori ixtea beste mugarri bat da Euskal Herriko etxetresna industriaren gainbeheran. BSHk berak Etxarri Aranazko (Nafarroa) Ufesa itxi zuen 2004an, eta Villatuertako lantokia (Nafarroa) hamarkada bat geroago, bertako langile asko Ezkirotzera bidali ondoan hain justu —logistika gune gisa mantentzen dute egun—. Mugarri gehiago ere izan dira. Industriaren ikurretako batek, Fagor Etxetresnak enpresak, kiebra jo zuen 2013an, krisiari buelta eman ezinda, eta Candyk Bergarako (Gipuzkoa) garbigailu lantokia itxi zuen 2018an. Asteon bertan, Gasteizko SDA Factory hartzekodunen konkurtsoan sartu da —BSHrena zen enpresa hori, baina saldu egin zuen—, eta langileek uste dute ixteko arrisku handia dagoela.
BSHk argudiatu du Ezkirozko lantokia ez dela lehen bezain lehiakorra, eta ikusita Euskal Herrian sektore bereko beste enpresa batzuek porrot egin dutela edo zailtasunak dituztela, baliteke argudio horrek pisua izatea. Dena den, arazo hori nahieran kudeatzeko ahalmena dute talde handiek: lan eskariak Turkiako eta Poloniako fabriketara bidaliz edo Ezkirozko fakturazioa BSHren Espainiako adarraren kontu liburuetan xurgatuz. Langile batzordeak martxoan ohartarazi zuen enpresak neurri gogorrak hartu zitzakeela, eta, abisu horri erantzunez, Nafarroako Gobernuak azalpenak eskatu ditu Alemanian azken hilabeteotan. Ez dute inongo erantzunik jaso.
Aldaketarik ezean, ekainean itxi asmo dute lantegia, eta, beraz, egoera iraultzea da langileen eta gobernuaren helburua. Oso zaila dirudi, baina okerragoa izango da besoak gurutzatzea. Erabakia Alemanian hartu bada ere, parez pare izango dute Pepe Juste, Nafarroako Industria Elkarteko presidente, eta, hara, BSHko zuzendari teknikoa. Elkartean berrindustrializazioaren beharraz mintzatzen den agintari horrek zer du esateko deslokalizazio honen harira?