Ez sakatu berriro botoiari alferrik. Ez dabil. Norbere merituen arabera klase sozialean gora egiteko igogailua ez dabil. Luzaroan dago hondatuta, eta inor ez dabil uhertutako engranajeak konpontzen. Oraingoan OCDEk berak, munduko 34 herrialde garatuenen elkarteak, txosten batean onartu du igogailu sozialak ez duela funtzionatzen. 355 orriko datu salda, azterketa sakon, eta ohartarazpen etsiak, igogailu sozialaren itxitako ateko ohar sinplea esplikatzeko: Ez dabil, barkatu eragozpenak.
Ez da nobedadea. Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak sarri azaldu izan du: «Pobre jaiotzen direnen %90 pobre hiltzen dira, bidean eginahalak egin arren, eta aberats jaiotzen direnen %90 aberats hiltzen dira, bidean edozer egiten badute ere». Kezkagarriena da, XXI. mende hasiera honetako krisi ekonomikoaren laguntzaz, egoera okerrera egiten ari dela: aberatsak aberatsago direla, eta pobreak pobreago.
OCDEk «lurzoru likatsuaren teoria» berretsi du txostenean. Diru sarrera gutxiko herritarren seme-alabak jaiotzez ei daude kondenatuta langile pobre izatera. Jakina, teoriak, funtzionatu ahal izateko,B aldea ere badaukala azaldu du OCDEk: hau da, sabaia ere likatsua dela. Diru sarrera handiena dutenak ez dira igogailuan behera jaisten.
Aberastasun arrakala duela 25 urte baino zazpi aldiz handiagoa da 34 herrialde aberatsenetan: %10 dirudunenek aberastasun osoaren erdia dute poltsikoan; aldiz, eskala sozialean beheren dauden herritarren %40k aberastasun osoaren %3 baino ez. «Eta tarteko mailan dauden herritarrek, onenean, soilik apur bat egin dezakete gora». Gizarte likidoa deitzen diote gaur egungoari, baina inoiz baino hermetikoagoak dira klase sozialak, 2008ko krisia baino lehen ia desagertutzat jo zirenak.
Matxuraren ondorioak
Saldu digutenaren kontra, meritokraziak ez du benetan funtzionatzen. OCDEk hala aitortu du. Berdintasuna errealitate bihurtzeko, bi oinarri behar ditu: hezkuntzarako eskubide berberak eta aberastasunaren banaketa orekatua. Ez dira betetzen ez bata, ez bestea. Hemen ere ez, Euskal Herria ere OCDEn baitago. Irabaziak dituzten enpresei eta fortuna handienei presio fiskala txikitzeak, gainera, aberastasunaren banaketa orekatua trabatzen du.
Hezkuntza ezberdintasunak ez du esan nahi soldata txikiagoa bakarrik; bizitza motzagoa ere esan nahi du. OCDEren herrialdeetan, batez beste, unibertsitatean ikasitako 25 urteko gizon batek zortzi urte gehiagoko bizi itxaropena dauka behe mailako ikasketak egin dituen batek baino. Emakumeen artean, diferentzia 4,6 urtekoa da. Desberdintasun sozialak, hortaz, gaixotasun hilgarritzat jo daitezke.
Larritasuna sartu zaio azken txostenean OCDEri, eta alarmak piztu ditu. «Desberdintasun sozialak handitzea onartezina eta jasangaitza da, ez bakarrik etikoki edo sozialki, baita produktibitatearentzat eta hazkunde ekonomikoarentzat ere». Kontsumitzaile sutsu barik, sistemari ezin zaio eutsi, eta langile pobreek kontsumitu, ezin dute asko kontsumitu, baldin eta bankuei esker asko zorpetzen ez badira. Eta azken krisian agerian geratu da zorpetze masiboak zelan kaltetu duen hazkunde ekonomikoa.
Baina ekonomia bakarrik ez, gobernantza politikoa ere kolokan jar dezake igogailu sozialaren matxurak. «Estatus soziala galtzeko arriskuak txikitu egiten du norbere autoestimua eta kohesio soziala, eta eta klase ertain eta apalekoek sentitzen dute haien ahotsak ez duela balio. Ondorioz, konfiantza galtzen dute sistema soziopolitikoan, eta indartu egiten dira muturreko politikak eta populismoak».
GEURE KONTU
Igogailua? Ez dabil, barkatu eragozpenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu