Ekialdetik iristen ari diren berri kezkagarriak alerta egoeran jarri dute Europako Banku Zentrala. Oraingoz, ezer ez egitea erabaki du, udan Txinako burtsak izan duen amiltzeak eta haren ekonomiaren geldialdiak Europan eragin txikia izango duten esperantza txikiarekin.
Baina banku zentralen artean arreta handiena ez du EBZk erakartzen, AEBetako Erreserba Federalak (Fed) baizik, haren erabakiek mundu osoan izaten ohi dutelako eragina.
Euroguneko bere kolegek bezala, ezer ez egitea erabaki dezake Fedek ere. Ziurgabetasuna inoiz baino handiagoa den garai honetan, ez daki interes tasak igo behar dituen ala ez. 2008an, Lehman Brothersen erorketak ekaitza leherrarazi zuenean, interes tasak hutsean utzi zituen, ekonomiari bultzada emateko. Aspaldi berreskuratu zuen AEBetako ekonomiak krisi aurreko maila, eta, are inportanteago izan daitekeena, enplegua. Prezioei ez ezik, Fedek lan merkatuari begiratu behar dio —EBZk ez bezala—, eta hor ikusten diren datuak ez dira txarrak, langabezia tasa %5,3ra jaistea lortu baitute —%10,9 eurogunean—. Gaur, abuztuko enplegu datua argitaratuko dute, eta egoerak gozoa izaten jarraitzen duela baieztatzen bada, bi aste barruko bileran interes tasak igotzeko baldintzak beteko lirateke, enpleguari dagokionez behintzat. Tasa txikiek zenbat eta luzaroago iraun, orduan eta aukera handiagoak burbuilak puzteko. Eta ikusi dugu interes tasa txikiek AEBetan eragindako etxegintzaren azken burbuilak zein ondorio eragin zituen.
Prezioen bilakaerari buruzko dudak handiagoak dira: gaur egun, hutsean dabiltza, eta ez da ziurra epe erdian %2 ingurura hurbilduko ote diren. Are gutxiago Txinako diruak, yuanak, balioa galtzen jarraitzen badu. Izan ere, diru ahularen eskutik, Txinak, produktu mordoa ez ezik, inflazio txikia ere esportatzen du.
Txinak uda amaiera garraztu aurretik, irailean interesak igoko zirela espero zuten analista guztiek, horretarako bidea prestatzen aritu zelako Janet Yellen Fedeko burua. Orain ez bada, abenduan edo hurrengo urtean izateaez da baztertu behar.
Erabaki horretan zerikusia izan dezake EBZren jarrerak ere. Atzoko bileran, Draghik ezkortasun handiz hitz egin zuen, eta etorkizunean bere politika ultra hedakorra are gehiago areagotu dezakeela onartu zuen. Estatubatuarren eta europarren arteko politiken dibergentziak euro-dolar erlazioan dauka bere adierazle nagusia. AEBek interes tasak igotzeak dolarrak berehala balioa handitzea ekarriko luke, eta urte hasieran garbi ikusi zen dolarraren apreziazio azkarrak zer nolako eragin negatiboa izan zuen AEBetako ekonomian. Hori ez gertatzeko, hobe da interesak ez ukitzea, edo, behintzat, garbi adieraztea etorkizunean gorakadak ez direla etorriko modu jarraian.
Interes tasak ez ukitzeko arrazoiren faltarik ez du Fedek. Batetik, NDFk berak atzo halakorik ez egiteko eskatu zion, garabidean dauden herrialdeak ez hondatzeko. Bestetik, atzeraldian sartu da Kanada, AEBetako esportazioen bezero nagusietako bat.
Erabakia, irailaren 17an, iluntzean.
IRITZIA
Igo ala ez igo, horixe da koska
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu