Bi aukera txarren artean hautu bera egin dute Europako Batasunak eta AEBek: hobe industria propioa defendatzen saiatzea, horrek erregai fosilen aurkako borroka atzeratuko duen arren. Babestu beharreko industria autogintza da, eta alboko kaltea, berriz, haien herritarrek prezio txukuneko auto elektriko gutxiago izango dituztela aukeran.
Izan ere, joan den asteazkenean Europako Batzordeak erabaki zuen Txinako auto elektrikoen gaineko muga zergak handitzea: %10ekoak dira orain, eta horiei gutxienez %17 eta gehienez %38koak gehituko zaizkie, ekoizlearen arabera. Hau da, auto elektriko batzuk %48ko muga zerga ordaintzera iritsiko direla. Bruselak eman duen arrazoia da hainbat urtez Txinako Gobernuak diruz josi duela autogintza sektorea, eta horri esker lortu dutela auto elektriko merkeak ekoiztea.
Ikusi gehiago
Uztailaren 4an dira indarrean jartzekoak, behin-behinean, baldin eta hurrengo hiru asteotan Europako Batzordeak eta Txinak ez badute konponbideren bat aurkitzen. Nekez gertatuko da horrelakorik: Txinak dio EBren jokaerak autogintzaren hornidura katea trabatu dezakeela. Iazko urrian hasi zuen ikerketa Bruselak, eta bi aldeak ez dira gai izan orduz gero ezer adosteko. Hala ere, ahalegin bat egin nahi du Alemaniak, eta Robert Habeck Ekonomia ministroa Txinara doa datorren astean. Galtzeko asko du Berlinek —Txinara asko esportatzen du, autoak barne—, eta muga zergak kentzen edo txikitzen saiatuko da.
Hiru ondorio
Hiru ondorio izan ditzakete EBren muga zergek. Lehenik, EBko herritarrei eskaintzen zaizkien auto elektriko askoren prezioa igo egingo da. Gaur egun EBn saltzen diren lau auto elektrikotatik bat Txinatik dator, baina ehuneko hori bizkor ari da handitzen. Txinatik iristen dira, gainera, Mendebaldeko autogileen modelo batzuk, hala nola Tesla Model 3, Dacia Sandero elektrikoa eta Volkswagen iX3.
Dagoeneko merkatuan daudenei ez ezik, iristekoak direnei ere eragingo diete muga zergek, eta horien artean daude modelo eskuragarri batzuk. BYDk, esaterako, 20.000 eurotik beherako prezioarekin eskaini nahi zuen Seagull modeloa 2025etik aurrera. Baina kontuan izanda modelo hori bera Txinan 10.000 eurotik behera eskaintzeko gai dela, gerta liteke muga zerga gehigarriekin ere Txinako autogileak gai izatea auto merkeak eskaintzeko.
Edonola ere, muga zergek ez dute lagunduko auto elektrikoen zabalpenean, noiz eta hedapen hori moteldu egin denean, neurri handi batean auto elektrikoak garestiegiak direlako EBko herritar gehienentzat. Aurtengo lehen lau hilabeteetan EBn matrikulatu diren autoen %12 izan dira elektrikoak, iazko kopuru bera. Arrakasta handia dute Eskandinavian eta Herbehereetan, baina nahiko apala hegoaldeko eta ekialdeko herrialde gehienetan; merkatu nagusian, Alemanian, haien kuota jaitsi egin da laguntza publikoak kendu zituztenetik. Hego Euskal Herrian, %7 izan dira maiatzera arte. Kopuru horiek zaildu egiten dute EBren helburua: 2035erako agur esatea errekuntzako auto berriei.
Fabrikak Europara
Bigarrenik, bizkortu egin da Txinako autogileek EBren barruan fabrikak jartzeko prozesua. Muga zergek lehen unean lagun diezaiekete Europako autogileei, denbora emango baitiete bere ekoizpen prozesuak hobetu eta modelo merkeagoak eskaintzeko. Baina aldi berean eragingo dute lehiakidea etxeraino sartzea, aurretik japoniarrek eta hego korearrek egin zuten moduan.
Cheryk aurten bertan hasi nahi du modelo elektrikoak egiten Bartzelonan. BYDk Hungarian planta bat irekiko du 2025ean, eta bigarren baten bila ari da. Eta muga zergak «uste baino handiagoak direnez», Carlos Tavares Stellantiseko buruak iragarri berri du Europara ekarriko dituela Leapmotor txinatarrarekin batera egin nahi dituen auto batzuen ekoizpena.
Gerra komertzialik ez
Muga zergen azken ondorioa da Txinaren erantzuna ekarriko duela. EBren «protekzionismoa» salatu du Pekinek, baina derrigortuta dago hitzez harago joatera. Motor handiko autoen inportazioak ditu jomugan, baina horrek Alemaniari egingo lioke kalte, eta Berlin da auzi honetan duen aliaturik onena. Auto elektrikoen muga zergen oso alde azaldu dira, berriz, Frantzia eta Espainia, eta haien bi esportazio daude balizko erantzunen artean: koñaka eta Espainiako txerrikia.
Edonola ere, analistek baztertu egiten dute oraingoz Xi Jinpingek EBren aurkako gerra komertzial erabateko bat hastea. Bere bazkide komertzial handiena da, eta autoak hartu-eman horren zati txiki bat baizik ez dira: 2023an, ibilgailu elektrikoen 10.000 milioi euro saldu zizkion, eta esportazioak, guztira, 515.000 milioi izan ziren. Europara ez bada, beste leku batzuetara eraman ditzake bere autoak, Asia Hego Ekialdera eta Hego Amerikara, esaterako.