joxerra senar

Herri lurrak salgai, energia bereganatzeko

2024ko urriaren 6a
05:00
Entzun

Iragan asteburuan ezagutarazi zuen Iberdrolak Nafarroako parke fotovoltaiko handiena egiteko egitasmoa gerarazi egin duela, Azkoienen. Argindar sarera konektatzeko eskaeren epea bost urtetik bederatzi urtera luzatu zuen iaz Espainiako Gobernuak eta legediak eskainitako koltxoi handiago hori baliaturik, argindar taldeak erabaki du denbora gehiago ematea bere buruari. Argindar tarifa merkeko testuinguruan 207 milioi euroko inbertsioa orain gauzatzea ez zaio komeni, antza.

Nahiz eta Espainiako Gobernuari jada jarri dion data bat, oraindik ez du jakinarazi noiz arte atzeratuko dituen obrak —printzipioz inbertsioari eutsiko dio—.  Atzerapenak lur hori erabiltzen duten nekazariei arnasa emango die. Izan ere, Azkoiengo lurren 354 hektarea hartuko ditu, eta horiek herri lurrak dira. Hala, lanak hasten ez diren bitartean urtero lursail horiek alokairuan hartzen dituzten laborariek zereala ereiteko balia dezakete, gutxienez beste urtebetez. 

Iberdrolak Portugal hegoaldean sustatutako parke bat. IBERDROLA
Iberdrolak Portugal hegoaldean sustatutako parke bat. IBERDROLA

Albisteak balio izan du agerian uzteko Nafarroan sustatzen ari diren proiektu energetiko ugari herri lurretan egingo direla. Nafarroako azaleraren %41 dute komunalek. Batetik, mendi eta basoetako larreek gestio komunitarioa izan dute historikoki —Bardea, Urbasa eta Andia, Aralar, Pirinioak, Iratiko basoa...—. Bestetik, udalerri bakoitzak bere herri lur propioak ditu, eta udalen esku dago haiekin zer egin erabakitzea.

Hala, udal batzuek aukeratu dute  lur horiek 30 urtez ustiatzeko baimena esleitzea bertan proiektu bat eraiki nahi duten enpresa sustatzaileei. Hiru hamarkadatan diru sarrera oparoak eta iraunkorrak ziurtatuko dizkiete, baina zoru publikoaren salmentak bestelako ondorioak utz ditzake. Beste udal batzuek, berriz, nahiago izan dute ondare historiko horren alde egin eta betiko bidetik jo: lur horiek herritarren esku utzi eta trukean historikoki bertatik lortu duten etekinari eutsi, kopuru apalagoan bada ere —izan zura ustiatzeko, laboreak lantzeko, animalien bazkarako, ehizarako...—.

Oraindik ere herri lurren eremu zabalean tanta batzuk besterik ez dira bultzatutako egitasmoak, baina aurrera begira komeniko litzateke zehaztea hori al den XXI mendean funtzio soziala egiteko bidea.

Ez da zuri-beltzeko gaia, erpin ugari baititu. Izan ere, herri lurren kudeaketak berak itzulinguru ugari ditu, eta gatazka iturri izan da historikoki zein gaur egun ere. Kasurako, gaur egun zereala lantzeko erabili ohi diren lursail batzuk iraganean abeltzainen onurarako erabili izan dira. Hala, udal batzuk nahiago izan dute segurtasun ekonomiko handiagoko jarduera bat sustatu bestearen ordez, eta ahaztuz joan da abeltzainen erabilera historikoa, era berean haien gainbeherari bere ekarpen txikia eginez. Hots, orain proiektu energetikoekin gertatzen denaren antzera, neurri apalagoan, ikuspegi ekonomikoa nagusitu da aintzat hartu gabe izaera soziala dela herri lurren helburu nagusia.

Casedako gatazka

Lur horiek luzaroan erabili izanak ere makina bat liskar eragin du. Casedan, kasurako. 1980ko hamarkada hasieran, anabasa juridikoa baliaturik notarioen aurrean herri lurrak pribatizatzen ahalegindu ziren Zangoza aldeko herri horretan, urtetako erabilera argudiatuz . Nafarroako Gobernuak esku hartu zuen, baina lursail horiek epaitegietan amaitu zuten.

Orduko liskarrak gaurdaino iritsi dira. 2020 geroztik, Heliosol enpresak 99 hektareako eremuan bi parke fotovoltaiko sustatu nahi ditu. Lur horien %40 komunalak dira, baina zatirik handiena (32 hektarea) jabego publikoa auzitan jartzen duten norbanakoek erreklamatutako lurrak dira. Onuradun nagusia, gainera, Casedako alkatea da, UPNkoa. Liskarrak bete-betean eragin dio proiektuari.

Asteon, Mikel Irujo Industria kontseilaria egon da afera horri buruz hitz egiten. Haren teilatu gainean dago pilota. Nafarroako Gobernu barruan Landa Garapen departamentuan herri lurren kudeaketaz arduratzen den atalak Casedako proiektu horren aurka egin du, legez kanpo okupatutako lurretan eraiki nahi zela argudiatuta. Alta, auzia korapilatuta egon da bi urtez. Enpresa lur horiek desjabetzen ahalegindu da, baina udalak ez dio bide eman eskaerari eta ez du konponbiderik proposatu. Ez du argitu lur horiek publikoak zirela, eta alkateak berak interes partikularrak izateak prozesua kateatu du, ez atzera ez aurrera.

Mikel Irujo Industria kontseilaria Nafarroako Parlamentuan.
Mikel Irujo Industria kontseilaria Nafarroako Parlamentuan.

Bere egitasmoa gauzatzeko asmoz, Heliosolek aurrera jo du, eta, azkenik, Espainiako Argindar Sektorearen legea baliaturik, erabilera publikoko egitasmotzat jotzeko eskatu dio Industria departamentuari. Irujoren sailak erabaki behar du orain baimen hori ematen dion: zoru hori desjabetzeko aukera luke enpresak, horretarako prezio bat ezarriz. Dirua udalaren eta lurra beretzat jotzen duten norbanakoen artean banatuko litzateke, eta zeharka azken horien jabego eskubidea aitortu.

Ez dira proiektu energetikoek desjabetutako lursail bakarrak izango: Tuteran, Corellan, Cortesen, Cabanillasen... Espainian, martxoan Auzitegi Gorenak ontzat jo zuen lur komunalak desjabetzea proiektu energetiko bat sustatzeko, funtzio sozialeko egitasmoa dela iritzita. Oraindik ere herri lurren eremu zabalean tanta batzuk besterik ez dira bultzatutako egitasmoak, baina aurrera begira komeniko litzateke zehaztea hori al den XXI. mendean funtzio soziala egiteko bidea.

Ekonomiaren deskarbonizaziorako energia berriztagarriak ezinbestekoa izaki, interes soziala agerikoa da. Zalantza da proiektuok zabaldu ahala ez ote duten talka egiten lur horien erabilera tradizionalarekin eta elikagaiak ekoizteko beharrarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.