joxerra senar

Haserre itsuaren arrakasta eta arriskua

2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

Laborarien azken asteotako protesten lorpenik handiena izan da lehen sektorearen krisiaren larritasuna agerraraztea. Deiadar ozen horiek eraginkorragoak izan dira iraganeko mezu ugari baino, eta presioaren hatsa gogotik nabaritu dute agintariek. Adibidez, asteon jakin da maiatzaren 19tik 21era Gasteizen egitekoa den Familia Nekazaritzaren Mundu Konferentziara ez direla joango ez Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroa ez eta Janusz Wojciechowski Europako Batzordeko Nekazaritza komisario poloniarra ere. «Ez dira ausartu», kritikatu du EHNEk. Ez zaio arrazoirik falta. 

Duela aste gutxi, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak berak onartu zuen lehen sektorea entzun beharra zegoela. Deigarria da hori orain esatea, noiz eta aspaldiko mobilizazio handienak egin direnean. Bai, sektorea entzun beharra dago, aldaketak eskatzeko arrazoi franko baitituzte. Mundu zabaleko merkatu handi batean lehiatu behar dute, joko arau desberdinekin: EBtik kanpoko produktuei ez zaizkie baldintza berak eskatzen. Gainera, elikagai katearen kontrola banaketa enpresa handiek dute, eta prezioak estutzeko ahalmen horrek zaildu egiten die laborariei duin bizitzea. Elikagaien katearen legea irtenbide gisa planteatu zen duela lau urte, baina legea betearazteko gabeziak daude.

Nafarroako mobilizazioak

Sektorea oso konplexua da, eta errealitate anitz daude haren barruan. Eta hori islatu da nekazarien bestelako aldarrikapenetan ere. Horren erakusgarri argiena Nafarroako Otsailaren 6a plataforma da. Fenomeno berri horrek mundu guztia hartu du ustekabean. Ororen gainetik, laborari horien sumina nabarmendu da: haserre daude nekazaritza sindikatuekin, erakundeekin, burokraziarekin, zergekin... Haserre horrek bultzatu ditu kalera Lizarraldeko, erdialdeko eta Erriberako milatik gora nekazari eta abeltzain: autobideak moztu dituzte, Iruñeko erdigunea geldiarazi hainbat egunez, VWeko produkzioa eten, lurraldeko bi egunkariren egoitzetan mobilizazioak egin…

Otsailaren 6a plataformaren arrakasta hori bera arazo handi bihurtzen hasia da, baina. Batetik, ez dago argi zehatz-mehatz zer aldarrikatzen duten. Arestian aipatutako aldarrikapenekin batera beste batzuk nahasten dira: zerga arloko proposamen sorta, klima larrialdiari aurre egiteko 2030erako Agendaren aurkako mezua, diru laguntzei lotutako gehiegizko tramitazioa amaitzea, ingurumen arloko baldintzak leuntzea... Gai bakoitzak du bere bulegoa, bere konplexutasuna. Jo beharreko ate nagusiak Madrilen eta Bruselan daude, eta, zergen arloan, Nafarroako Gobernuak irtenbide batzuk proposa baditzake ere, neurri nagusiak parlamentuan eztabaidatu behar dira. Bere bidea egin behar dute, gehiengoak osatu behar dira... Gai bakoitzean nekez lor daiteke konponbide bat oraintxe bertan. Nola kudeatu, hortaz, mobilizazioek piztutako grina aseezin hori?

Aste honetan agerian geratu da arazoa zenbatekoa den. Astelehenean, plataforma horretako kide batzuek irain matxistak egin zizkioten Txibiteri, baina ostegunean gertatutakoa larriagoa da. Parlamentuan aurrekontuak eztabaidatzen ari zirelarik, manifestariak eraikinean sartzen ahalegindu ziren, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erabaki baitzuten UPNren zerga arloko zuzenketa bat ez eztabaidatzea. Ez dago argi zer lortu nahi izan duten horrekin, baina beste inor zeharkatzera ausartu ez den marra zeharkatu nahi izan dute. Duela hiru aste agerian geratu zen plataformako eledunek arazoak zituztela euren jendeari gobernuarekin izandako bilera baten emaitza saltzeko. Ezin argi esan mugimendu horrek ezkutuko asmo politikoei erantzuten ote dien,  edo noraezean doan haserrealdi itsu bati. Bata ala bestea izan, dena lokazten ari dira, eta arriskua dago gizarteak sektore osoaren arazoei bizkarra emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.