Koloretako txartelak etxean utzi zituen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak asteartean, AEBetako presidentearekin bildu zenean. Joe Bidenek badu esperientzia —jakintza eta interesa ere bai—, eta ez da beharrezkoa nazioarteko merkataritzari buruzko ideia sinpleak koloretako txarteletan idaztea. Donald Trumpen arretari eusteko, ordea, sistema hori erabili zuen Jean Claude Juncker Europako Batzordeko aurreko presidenteak, 2018ko uztailean bildu zirenean. Funtzionatu al zuen? Erdizka. Junckerrek ez zuen lortu Trumpek altzairuarekin eta aluminioarekin hasitako gerra komertziala bukatzea, baina Trumpen etorria baretu zuen, eta Europara ez baizik Txinara begiratzea lortu zuen.
Ia hiru urte pasatu dira, eta gauza batzuk aldatu egin dira; horietako garrantzitsuena da Trumpek are denbora gehiago duela orain golf zelaietan igarotzeko, baina beste batzuk ez dira aldatu. Europako altzairuak eta aluminioak artean muga zerga gehigarriak pagatu behar dituzte AEBetan sartzeko, eta Washingtonen haize protekzionista dabil, lehen baino ufada txikiagoekin bada ere. Baina bada aldatu ez den faktore bat, garrantzitsuena ziur aski: Txinarekin daude kezkatuta AEBak, eta ez Europarekin.
Bidenek helburu garbi batekin ekin zion Bruselarako bidaiari: aliatu bila dabil, «Txinako Gobernuaren gehiegikeria ekonomikoei eta mehatxuei aurre egiteko». Beste guztia bigarren mailan zegoen, eta horregatik prest zegoen EBrekin izan duen eztabaida komertzialik luzeena lurperatzeko, duela zazpi urte hasi baitziren mokoka Boeingi eta Airbusi batek zein besteak emandako laguntza publikoei buruz. Auzi horrek eragindako muga zergak —ardoari, olioari, makinei...— ezabatu egingo dira, behin betiko konponbide bat aurkitu bitartean.
Oztopo hori kenduta, galdera bat dago orain mahai gainean: zer jarrera hartuko du orain EBk Txinarekin? Edo beste modu batera esanda: erosiko al du Europak AEBen kontakizuna Txinari buruz? Kontra egin behar zaion aurkaritzat joko al du, Washingtonek nahi duen moduan, ala haren bekatutxoak barkatuko dizkio, ondasunen fluxua ez trabatzeko?
Hasi da hortzak erakusten
Orain arte, AEBen eta Txinaren arteko lehia hegemonikoan harmailetan jartzeko tentazioa izan du EBk. Azken finean, ez da bere borroka, eta asko du galtzeko barrikada batean edo bestean jarrita: AEBak eta Txina dira bere bi bazkide komertzial nagusiak, eta hori oso faktore garrantzitsua da esportazioek EBren ekonomian duten pisua ikusita. Esanguratsua da Alemania izatea epelena Pekinekin.
Baina Berlinen ere ez dira inozoak. Badakite ezin direla beti ulerkor agertu Pekinekin, haien kalte ere badelako. Txinak bere araudi propioekin jokatzen du merkataritzaren partida —mugarik gabe laguntzen ditu bere enpresak, ez du zigortzen lapurreta industriala...—, eta Europaren interes propioa da horiei guztiei muga bat jartzea. Faktore politiko hutsak ere batu dira saltsara, hala nola uigurren eta tibetarren bazterketa, Hong Kongeko errepresioa, Hego Txinako itsasoaren militarizazioa...
Berez, EB jada hasi da Txinari hortzak erakusten. Bat egin zuen uigurren aurkako errepresioa salatzeko AEBek, Kanadak eta Erresuma Batuak Txinako buruzagi batzuen aurka jarritako zigorrekin; Pekinek erantzun zuenean, Europako Legebiltzarrak izoztu egin zuen Batzordeak eta Txinak abenduan sinatutako inbertsio akordioaren berrestea.
Azken asteetan ere, Europako Batzordeak arau berriak proposatu ditu Batasuneko konpainiak atzerriko enpresa publikoen esku geratzea zailtzeko; «atzerriko» jarri zuten, «Txina» jartzea agian itsusiegia zelako. Eta, azkenik, EBk bat egin du AEBek «munduko demokrazia nagusien» babesarekin abian jarri nahi duen egitasmo batekin: B3W Berreraiki dezagun mundu hobe bat. Txinaren Zetaren Bide Berriaren bidea itxi nahi duen proiektua, alegia.
Trump joan zen, koloretako txartelak ere bai, eta borroka hegemonikoak aro berri bat hasi du.
GEURE KONTU
Harmailetatik barrikadara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu