EBZko kideak motz geratu dira. Egoerari aurre egiteko neurri gehiago espero ziren, baina neurri antzuak baino ez dituzte hartu.
Aurreko hilean interes tasak jaisteko zorian egon eta gero, azkenean interes tasak %1en azpitik kokatu dituzte, egoera ekonomikoa geroz eta gehiago okertzen ari dela-eta, bultzada bat emateko asmoz. Hala ere, interes tasak jaisteak ezer gutxi aldatuko du, bankuei maileguak ematea kosta egiten baitzaie eta enpresak eta kontsumitzaileak zorrak kitatzen ari baitira buru-belarri.
Bestalde, gordailu tasa, bankuek EBZn dirua edukitzeagatik jasotzen duten interes tasa, zerora jaitsi dute. Efektu gutxi izango duelakoan nago. Orain arte ia 800 mila milioi euro eduki dituzte EBZn geldirik, %0,25eko tasan, eta saria zerora jaitsi arren, diruak bertan segituko duela uste dut. Ziurgabetasun egoera honetan, bermea eta konfiantza bilatzen dituzte, eta bost axola interes tasa. Horren adibide garbia dira Alemaniako Gobernuaren bonuak: urtebetera interes tasa negatiboa ematen dute.
Azkenik, gobernuen zorraren merkatuan parte ez hartzea erabaki du. Gobernuen esku utzi du arazoa konpontzeko ardura. Honek espekulatzaileei bertan jarduteko bidea errazten die eta ondorioz, murrizketa gehiago jasatea besterik ez zaigu geratzen.
Krisia eurogunean. Analisia
Hankamotz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu