Glovoren buruzagiek 115 milioi euroko bonusa poltsikoratu zuten enpresaren salmentarekin, nahiz eta 2021ean enpresak ia 496 milioi euroren galerak pilatu.
1. 496 milioi euroren galerak, eta 115 milioi poltsikora... Nola egiten da hori? Ea: berez, 115 milioi horiek akzioetan dauzkate, Delivery Heroren akzioetan, eta ez dirutan. Alemaniako konpainiak bere akzioetan ordaindu zuelako 2021. urteko abenduan Glovoren gehiengoa eskuratzeko operazioa —lehendik ere bazuen zati bat—. Glovoko buruzagi eta zuzendariek erosketaren unea baliatu zuten erabiltzeko euren akzioak erosteko aukerak edo stock option delakoak. Aukera horiek ordain modukoa izan ohi dira zuzendaritzentzat, baita pizgarria ere. Orokorrean, etorkizunean enpresaren akzioak prezio finko batean erosteko eskubideak dira, eta, ondorioz, aukera horiek dituztenei komeni zaie enpresa ondo joatea, akzioaren balioak gora egitea.
2. Hala ere, hainbeste irabaztea, galerak izan arren?Cinco Días egunkariaren arabera, 2021. urteko kontuetan, Glovok jada gorde zuen diru bat stock option horiek gauzatzen baziren ere. Hots, salmenta bat edo burtsaratze bat gertatuz gero, Glovok eskubideetan ezarritako prezioa baino garestiago zeuden akzioen aldea estali behar bazuen ere. Guztira 200 milioi euroko hornidura bat egin zuen enpresak. Eta, besteak beste, kopuru horrengatik ere handitu ziren Glovoren galerak, 496 milioi euroraino 2021ean.
3. Hainbeste diru galtzen duen enpresa bai mahuka ederra Alemaniako horientzat. Bada, hori pentsatu zuten merkatuek ere. Inbertsiogileentzat egindako oharrean, HSBCk esan zuen ulertezina zitzaiola Glovoren gehiengoaren erosketa, gehiago zirudiela erreskate bat. Delivery Hero bera ere galerak pilatuz joan da, baina merkatuarentzat arrazoizko zenbaki gorriak ziren, 2022. urtera arte behintzat. Glovo erosi ostean, Delivery Heroren burtsako kapitalizazioa %60ra murriztu zen.
4. Enpresa hauek ez al dute dirurik irabazten? Glovok ez du irabazirik izan inoiz. 2022. urtean 300 milioi euro inguruko galerak pilatuko dituela esan berri du Delivery Heroko kontseilari ordezkari Niklas Oestbergek La Vanguardia egunkarian. Hori bai, espero du irabaziak bizpahiru urtetan iristea. Orain artean, banaketa enpresa handi horien estrategia izan da haztea eta haztea, dirua galdu behar bazen ere, arerioei gailentzeko eta askotan lehiakide horiek irensteko ere. Dena den, ikusi behar da inbertsiogileek nahikoa pazientzia duten dirua erretzen jarraitzen duten konpainia horiekin.
5. Eta bitartean, bizikletako banatzaileak... Hori da. Enpresa horiek jarraitzen dute langile ustez autonomoekin, baldintza horiek arautzera behartzen dituen legeari menik egin gabe. Dena den, auzi mordoa dauzka Glovok zabalik, eta horrek ere izan dezake eragina negozioaren etorkizunean.
6. Langileak baldintza eskasetan, enpresak eta inbertsiogileak dirua galtzen... A ze negozioa! Bai, baina, hala ere, batzuek beti irabazten dute.
BAKARRIZKETA
Glovoko irabazleak eta galtzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu