«Zeure buruarekin gezurretan ez aritzea da lehendabizikoa, esango nuke, bizitzaren arlo guztietan». Mario Draghik hitz gordinekin, apaingarririk gabe, aurkeztu du Ursula von der Leyenen enkarguz Europako Batasunaren lehiakortasunari buruz egin duen txostena aste honetan.
Premia, larritasuna transmititu nahi zuela adierazi du; diagnostikoa erruki gabe azaldu, egoera egiaz nolakoa den irakurri, EBren erraldoitzarrean mugimendua eragin nahian.
AEBen eta Txinaren oso atzetik txiki geratzen ari den eta pobretzen ari den hazkunde moteleko EB zaurgarria erakutsi du Draghik. Erronkak existentzialak direla esan du; egoera irauli ezean EBk ezingo diela eutsi bere balioei, eta agonia luze bat jasango duela.
Nola iritsi da, baina, EB egoera honetara? AEBen atzetik joatea ez da berria, baina azken hamarkadan oraindik atzerago geratuz joan da Europa, batez ere produktibitatean. Eta hori azaldu du Draghik, nola goi teknologiak kontuan hartuko ez balira produktibitatean antzeko mailan egongo liratekeen AEBak eta Europa. Baina, hain zuzen, estatubatuarren goi teknologia sekulako arrakala zabaltzen ari da, Europa atzean utziz.
Egoera geopolitikoa azalarazi ditu, hain zuzen, produktibitatean eta lehiakortasunean EBk dituen ahultasun horiek guztiak. EBk galdu egin ditu Errusiako energia merkea, Txinarako esportazioak eta AEBen defentsarako aterkia. Agerian geratu da EBk izugarrizko mendekotasuna duela kanpoko material eta osagaiekiko. Gero, AEBak jada ez dira Europak mesederako zuen globalizazioaren berme. Eta Europarentzat gero eta gaitzagoa da lehiatzea estatubatuarrek eta txinatarrek dirutzarekin laguntzen dituzten industriekin.
Hain zuzen, azken bide hori industria politika bateratu, koordinatu eta sendo bat da, Draghik Batasunaren lehiakortasuna berpizteko proposatzen duena.
Produktibitatea handitzea, berrikuntza eta goi teknologiak bultzatzea, energia prezioak bezatzea, eta segurtasuna (defentsa ahalmena) jartzen ditu lehentasun bere txostenean (ehunka proposamen gehiago eta zehatzago ere baditu 400 orrialdeko dokumentuak).
Diruak
Jakina, industria politiketarako dirutza beharko litzateke, 800.000 milioi inguru urtero. Draghik argi dauka arlo pribatua ez dela iristen finantzaketa maila horietara, herrialdeek diru gehiago jarri beharko dutela, eta zorpetze bateratuaren tresna ere erabil daitekeela.
Eta diruak aipatu bezain pronto azaleratu da Europako Batasunaren beste ezaugarri bat: hala nolako batasuna dela.
Alemaniako Gobernuko kide diren liberalen buruak, Christian Lindnerrek, zor bateratuari ezezkoa eman dio berehala. Ezaguna da jarrera: ‘Zergatik ordaindu behar dute Batasuneko iparraldeko herrialde zuhur eta aurrezleek hegoaldeko herrialdeen gehiegizko gastua?’. Oposizioko CDUko buruak Friedrich Merzek ere hitz egin du zor bateratuaren kontra.
Berez, eztabaida zilegi da, baina ez gaude Grezia eurotik ateratzear egon zen egun haietan. Eta Draghik EBri diagnostikatu dizkion gaitz guztiak ditu, adibidez, Alemaniak berak. Baten batek ere esan du batez ere Alemaniari ari zaiola Draghi. Zalantza gutxi Alemaniako industria motelaldian dela, eta funtsezkoa duela bultzada berri bat. Hori ez dio Draghik bakarrik; Alemaniako Industrien Federazioak esan du herrialdeko industriak ezinbestekoa duela moldaketa, eta estatuak dirutza jarri beharko duela.
Tiraderaren arriskua
Edonola ere, zenbat diru behar den eta nondik etorriko den eztabaidatzen hasi aurretik, beharbada, diagnostikoaren larritasunaz jabetzea behar du Europako Batasunak, eta Batasuneko herrialdeek. Hor dago lehen koska handia eta. Horretara zetozen Draghiren hitz gordinak, propio kalibratuak «premia azpimarratzeko», prokrastinazioan, erabakiak geroratzean espezializatuta dauden batasun kideei.
Enrico Lettak ere kezka bera zuen. Italiako lehen ministro ohi eta Jacques Delors institutuko presidenteari ere enkargua egin zion Von der Leyenek, merkatu bakarraren etorkizunari buruzko txostena egiteko. Apirilean, bere agiria aurkeztean, Lettak ere erreforma sakonen eta inbertsio handien beharra aipatu zuen, eta «alarma gorria» piztu.
Lettak esan zuen bere txostenarentzako «arrisku handiena tiradera batean bukatzea» zela. Lettak eta Draghik diagnostikatutako egoeraren larriaz jabetuko al dira Batasuneko gobernuak? Von der Leyenen Europako Batzorde berriak helduko al die premiazko beharrei? Beste aukera tiradera da, eta EBk eta Batasuneko herrialdeek bere buruari gezurretan jarraitzea.