Bart %10-12ko igoerak izan dira AEBetako burtsetan. Seinale, beraz, muga zergak 90 egunez gelditzeko erabakiak lasaitasuna ekarri duela urduri bainoago zoratzear zeuden finantza merkatuetara.
Seinale, era berean, baten batzuek dirutza irabazi dutela aste honetako eromenean. Istorio horren azpian dauden makurkeriak denborarekin argituko diren itxaropenez, aipatu beharrekoa da Trumpek Truth Social sarean burtsan erosteko esan baino minutu batzuk lehenago salerosketa bolumenek jauzi handi bat egin zutela gorantz balore batzuetan.

Ziurrenez informazioa aurretik izango zuten haien ostean beste guztiak jokoan sartu direnean, Wall Streetek 3,5 bilioi euroko igoera izan du balioan, azken egunetan odolustu eta gero. Eta, gauza batzuk ez dira aldatzen, ultraaberatsak ultraaberats dira oraindik ere.
Euforia Asiako finantza merkatuetara hedatu zen gero —gutxiagoko Txinakoetara, noski—, eta Europako indizeek ere errebote handia izan zuten, %5 ingurukoa.
Gertuko intxaurrak
Baina urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Trumpen eta haren ingurukoen arabera izugarri adimentsua izan den jokaldia, oinarrian, AEBetako presidentearen begirada motzeko beste jokaldi bat besterik ez da izan, bonuen merkatuak eztanda egingo zuen beldurrak eragindakoa. Hor kikildu egin da harroa, eta, disimulatzeko, Txina jarri du jopuntuan.
Eta, funtsean, merkataritza gerrak bete-betean jarraitzen du AEBen eta Txinaren artean, eta munizioaren neurria gero eta handiagoa da. Orain AEBek %145eko muga zergak ezartzen dizkiete Txinako inportazioei, eta gaur ezarri dira indarrean Txinak atzo AEBetako salgaien gainean iragarritako %84ko tarifak.
%25
Urtarrilean, AEBen batez besteko muga zergak %1-2koak ziren. ‘Askapenaren Eguna’ deiturikoaren ostean, %32ra igo ziren, eta atzoko atzerapausoarekin %25era murriztu dira.
AEBetako ekonomiari begira soilik, beraz, orain indarrean dauzkate Txinako inportazioen gaineko %25eko muga zergak, Mexikori eta Kanadari ezarritako %125eko muga zergak —atzo argitu du Etxe Zuriak horiek ez zirela %10era apaltzen—, altzairuari eta aluminioari jarritako %25eko muga zergak, automobilgintzaren gaineko %25ekoak, eta beste herrialdeei ezarritako %10eko tarifak.
Are gehiago, Trumpek bart esan du konpainia farmazeutikoen gaineko muga zergen mehatxua oraindik hor duela, laster etorriko direla.
Eta, hala, Estatu Batuetako ekonomiak muga-zerga shock betean jarraitzen du. Urtarrilean AEBen batez besteko muga zergak %1-2koak ziren. Askapenaren Eguna deiturikoaren ostean, %32ra igo ziren, eta atzoko atzerapausoarekin %25era murriztu dira, eta behin-behinean murriztu gainera.
Bloombergen arabera, gaurko muga zergen egoera, berez, AEBentzat okerragoa da asteazkenetik zegoena baino, herrialdean kontsumitzen diren Txinako produktu ugariengatik eta Txinari ezarritako %125eko muga zergagatik.

Ziurtasun falta
Ziurtasun falta ere ez da desagertu, areagotu ez bada. Horrek konpainien inbertsio erabakiak atzeratzen ditu, langile kontratazioak, erosketak... Horregatik, gauza ziur gutxi daude orain, baina bat da AEBetako ekonomiaren hazkundeak ezbaian jarraitzen duela.
Atzean geratu da, oraingoz, AEBetako Altxorreko bonuen merkatuak eztanda egiteko arriskua, zeinak finantza sistema osoa kolapsatu zezakeen. Baina agerian geratu da, era berean, Trumpek topatu duela langa gaindiezin bat. Bonuekin kikildu dela.
Izango du hori kontuan Txinak? Bera da, Japoniaren ostean, AEBetako Altxorreko 10 urterako bonuetan diru gehien duen herrialdea.
Ez da aurreikusten Txinak halako bonbarik jaurtitzerik, baina bere jarrerari eutsi eta AEBei aurre egiten jarraitzeko prest azaldu da oraingoz. Txinako Atzerri Ministerioko eledun Mao Ningek, gaur, X sare sozialean, Mao Tse Tungen 1953. urteko bideo bat zabaldu du, eta esan: «Txinatarrak gara. Ez gara probokazioen beldur. Ez dugu atzera egingo».
We are Chinese. We are not afraid of provocations. We don’t back down. 🇨🇳 pic.twitter.com/vPgifasYmI
— Mao Ning 毛宁 (@SpoxCHN_MaoNing) April 10, 2025
Ikusiko da gaur zer dioen Txinak, zer dioen Europak, eta zerekin etortzen den Trump. Horrelakoa ari da izaten Trumpen agintaldia ekonomiaren ikuspegitik. Malkarra. Ez dago besterik.
Hori bai, ekonomiako titularrei begira, ez ahaztu, ez begiradatik kendu AEBetako presidentearen eta bere segizioaren beste azio guztiak. Hor intxaur guztiak ustel.