Irune Lasa.

Gerraren irabazleak

2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun

Jakinekoa da gerra bat hasi orduko zeinek egiten duen gora burtsetan, eta, oraingoan, gerra luzatu den heinean, luzatuz doa enpresa horien goraldia. Duela bi urte Errusiak Ukrainari eraso egin zionetik hona, adibidez, Alemaniako arma eta munizio egile nagusiaren, hau da, Rheinmettalen burtsako balorea lehen halako lau da.

Ez da bakarra izan. Munizioak, lehergailuak, misilak, tankeak, droneak, radar sistemak... Guztien eskaria handitu egin da, eta, onuradunen artean, Rheinmettal bera, Saab, Leonardo, Kongsberg, BAE Systems, Nammo, Nexter... Europako konpainia asko daude.

Defentsa sektorea deiturikoak, armagintza alegia, esne mamitan bizi da egunotan. IISS Ikerketa Estrategikoen Nazioarteko Institutuaren arabera, «defentsa gastu globala %9 handitu da 2023an. Eta hazkunde handiagoa espero da 2024rako».

Hori gertatuko da Europan ere. Iaz, gastu militarra %4,5 handitu zen, BPGaren %1,6raino. Baina oraindik hauspo handiagoa etorriko da armagintza sektorera.

«IISS Ikerketa Estrategikoen Nazioarteko Institutuaren arabera, «defentsa gastu globala %9 handitu da 2023an. Eta hazkunde handiagoa espero da 2024. urterako».

Erraz antzeman daiteke hori hedabideetako tituluetan. Askori kirioak dantzan jartzeko modukoak izan dira aste honetan Emmanuel Macronek esandakoak —biharamunean Olaf Scholzek gezurtatutakoak—: ez dela baztertu behar Europako edo NATOko lurreko tropek Ukraina zapaltzea.

Ukrainarentzat babes praktikoa adosteko bileraren porrota ezkutatzera omen datoz Frantziako Errepublikako presidentearen hitz horiek. Antzeko zerbait gertatu omen da EBko hauteskundeei begira dagoen Ursula von der Leyenekin, esan baitu gerra ez dela ezinezkoa.

Baina gehiago ere entzun dira. Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek, esaterako, gogorrak esan berri ditu. Europak «naif izateari utzi behar» diola, eta era agresiboagoan egin behar diola aurre «Errusiaren inperialismoari».

Vladimir Putinen mamua pizgarri eraginkorra da armagintza sektorearentzat. Ukrainako gerrarekin agerian geratu da Europaren ahalmen militarra batez ere puntako teknologietara bideratuta zegoela, eta ez lurreko gerraren munizio eta abarren beharretara. Horrez gain, droneen eta antzeko zaintza makina eta arma autonomoen eskaria ere handitu da.

Orain, Putini beste mamu bat gehitu zaio agertokira: Donald Trump. AEBetako presidente ohiaren itzulera gero eta posibleagoarekin babesgabetasun sentipena hedatzen ari da Europako gobernuetan.

Hain zuzen, Trump izan zen —eta da oraindik— NATOren bazkide europarrei behin eta berriz leporatu diena gastu militar txikiegia zutela. Eta kanpainan berriz aipatu du gaia. Esan du Errusia «animatuko lukeela nahi duena egitera» %2ko gastu helburua betetzen ez duten NATOko herrialdeei.

Mamuak hor, hitzekin batera ekintzak ere badatoz, eta diruak ere bai. Europako Batzordea laster da aurkeztekoa bere Europako Defentsa Industriarako Estrategia, eta, lehen filtrazioen arabera, orain arteko defentsa programa motzen tokian, asmoa da programa orokorrago bat abiatzea.

Besteak beste, aurreikusten dira inbertsio eta erosketa bateratuak, zerga kenkariak eta baita herrialdeek gastu militarrerako bonuak jaulki ahal izatea ere Europako funtsen bermearekin. Helburuen artean, 2035erako, EBko defentsako gastuaren heren bat izatea gutxienez Batasunaren barruan egindakoa.

Dirutza izango da. Thierry Breton Barne merkatuko komisarioak urtarrilean aipatu bide zien kopuru bat kazetariei: 100.000 milioi euro, datozen hamabi hilabeteetan. Eta, ziurrenez, diru gehiago joango da armagintzara hurrengo urteetan.

Horrekin non geratuko dira Europak pandemia ostean hitz arranditsuekin bere buruari jarri zizkion beste erronka handietarako —trantsizio ekologikorako, digitalizaziorako...— diruak? Izango al du horietan eragin kaltegarririk gastu militarraren igoerak?

Hori argitu bitartean, norbait gerra irabazten ari bada, hori armagintzaren industria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.