Iker Aranburu.

Gerra komertzial baterako lehen urratsa

2024ko azaroaren 6a
09:50
Entzun

Azken urteetako inflazio handiari buruzko kezkak eta, oro har, ekonomiari buruzkoak asko lagundu diote Donald Trumpi Etxe Zuriko giltzak berreskuratzen. Inkesta guztien arabera, herritarrei begira Kamala Harris baino prestatuago agertzen zen Trump gai ekonomikoetan, eta haren garaipenaren faktoreetako bat izan da. Kezka horiei, nola bestela, konponbide sinple batekin erantzun die hautagai errepublikanoak: muga zergak handituko ditu, %10-20 herrialde gehienetako produktuentzat, eta gehiago Txinakoentzat, %60 arterainokoak. 

Tarifa horiekin espero du herrialdea berrindustrializatzen lagunduko duela, orain atzerrian egiten diren produktu batzuk berriro AEBetan egitea ekar dezakeelako. Protekzionismo dosi bat gogorrago bat, globalizazioak kaltetutako industria propioari arnasa emateko.

Oso zalantzagarria da, ordea, muga zergak handitzeak inflazioa murrizten lagunduko ote duen; are gehiago, kontrakoa gertatu beharko litzateke, inportatzen diren produktuak garestitu egingo baitira, funtsean, produktua erosten duenak ordaintzen baititu tarifak.

Baina kate horren beste aldean ere arazoak eragiten dituzte muga zergek, eta hor daude, hain zuzen ere, Europako Batasuneko enpresak eta, noski, baita Euskal Herriko enpresak ere.  

Herritar bat emaitzei begira, kezka aurpegiarekin. WILL OLIVER / EFE
Herritar bat emaitzei begira, kezka aurpegiarekin. WILL OLIVER / EFE

AEBak bazkide komertzial garrantzitsua dira Euskal Herriarentzat. Gaur egun 1.700 enpresa inguruk esportatzen dute AEBetara, eta horiei guztiei eragin diezaieke muga zergak handitzeak.

Aurtengo lehen zortzi hilabeteetan, Hegoaldeko enpresek 1.632 milioi euroren salmentak egin dituzte herrialde hartan, iaz bezainbeste (-%0,1). Esportazioetan %6ko kuota dute AEBek, eta soilik Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batua ditu aurretik.

AEBetatik ere produktu asko inportatzen dira: 1.205 milioi euro urtarriletik abuztura, inportazio guztien %4,4. Iaz baino %21,9 gehiago da, asko handitu direlako petrolio eta gas inportazioak —AEB esportatzaile handi bat bihurtu da—.

Tubos Reunidosen estuasunak

Trumpek bere lehen agintaldian ezarritakoak bereziki egin zion kalte Tubos Reunidosi, hango energia sektorea bere hodien kontsumitzaile handia zelako. Zehazki, fakturazioaren %45 egiten zuen han. Horren ondorioz, kinka oso larrian izan zen Amurrioko enpresa hori, eta arindu handia hartu zuen Joe Bidenek Etxe Zuria demokratentzat berreskuratu eta altzairuaren gaineko muga zergak kendu ez baina izoztu zituenean —2025eko martxo arte, gutxienez—. Gainera, azken urteetan Tubos Reunidosek AEBen aldeko apustua sendotu du: 2016an Rotary Drilling Tools enpresa erosi zuen, Houstonen (Texas), eta inbertsioak handitu ditu han egiten duen ekoizpena bikoizteko eta, hortaz, Euskal Herriko fabriketako esportazioekiko menpekotasuna txikitzeko.

AEBetan dago Arabako beste hodigile handia ere, Tubacex, lantegi bat baitu Oklahoman eta beste bat Pennsylvanian. Trumpen lehen agintaldiak ez zion Tubos Reunidosi bezainbesteko kalterik egin, sektore bakarrarekiko menpekotasun txikiagoa duelako. AEBetan lantegiak dituzte beste euskal enpresa handi batzuek ere, hala nola CAFek, Gestampek eta Cie Automotivek. Hango merkatu handiari erantzuteko modu bat da, baina baita demokraten garaitan ere AEBetan egindako produktuei lehentasuna ematen dioten arauak betetzeko modu bat ere.

EBren erantzuna

Garaileari zuzendutako kortesiazko hitzak gorabehera, Europako Batasunak ez du asko ezkutatu nahiago zuela Harrisek irabaztea, baina bere burua prestatzen aritu da bere lehentasunak eta AEBetako hautesleenak desberdinak baziren ere. Lehenik eta behin, ahalegina egingo du EBko produktuak muga zerga berrietatik kanpo gera daitezen. Nola? AEBetako produktu gehiago erosiko dituela esanez eta, hortaz, txikituz AEBek harekiko duten merkataritza defizit erraldoia —155.000 milioi eurotik gorakoa—. Arazo bat badago, ordea: lehengaiez gain —petrolioa, gasa, elikagai batzuk...— AEBek ez dutela askorik eskaintzeko EBk ez duenik.

Azenarioak funtzionatzen ez badu, makila erakutsi beharrean izango da Brusela. Trumpek altzairuari jarritako muga zergei bere tarifa propioekin erantzun zion EBk —bourbon whiskiari eta Harley Davidson motorrei, esaterako—, baina oraingoan gogorrago erantzun beharko du, Trumpek botatako erronka handiagoa da eta. Financial Times-ek kaleratu duenez, %50erainoko muga zerga izan dezaketen produktuen zerrenda osatzen ari da Brusela. Erabateko gerra komertziala, alegia.

1.700

 

AEBetara esportatzen duten Hegoaldeko enpresak. AEBak bazkide komertzial handienetan bosgarrena dira Hego Euskal Herriko enpresentzat, eta Europatik kanpoko handiena. 1.700ek saltzen dituzte beren produktuak han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.