Nork finantzatu behar du Ukrainaren gerra gastua? Nork haren eguneroko beste gastuak eta herrialdearen berreraikitzea? Duela hogei hilabete inbasioa hasi zenetik, Kieveko gobernuaren babesleek uste zuten aurkitu zutela erantzuna: Errusiak berak ordainduko du. Horretarako, erasoa hasi eta gutxira bahitu egin zituzten eskura zituzten Errusiaren atzerriko erreserbak. Nagusiki, Errusiako Bankuak errubloari eusteko erositako finantza aktiboak. Aurrekariak baziren arren —Siriaren eta Iranen erreserbak, 2012an; Afganistanenak 2021ean—, Mosku ezustean harrapatu zuen mugimenduak, eta orduz gero ari da eskatzen dirua itzultzeko. Alferrik; Mendebaldeak 300.000 milioi euro inguruko harrapaketa egin zuen, eta ez du nola hala askatuko.
Diru hori gabe, Errusiako Banku Zentralak ezin izan dio errubloaren balioari eutsi —balioaren %25 galdu du euroarekiko—, baina hor jarraitzen du, izoztuta. Poloniak eta herrialde baltikoek besterik gabe diru hori hartzeko eskatu izan dute, baina nazioarteko legedia gehiegi ez bortxatzeko eskatzen duen ikuspuntu zuhurragoa nagusitu da.
Errusiari bahitutako diruaren bi heren, 196.600 milioi euro, Bruselan bertan daude, Euroclearren kontuetan. Munduko konpentsazio ganberarik handiena da Euroclear, eta haren ardura da finantza aktiboak (bonoak, akzioak, deribatuak...) gordetzea, haien arteko salerosketak bideratzea, eta ematen dituzten interesak jasotzea. Azken zeregin horrek beste bide bat ireki die EBko kideei: Errusiaren erreserbek sortutako mozkina edo haien zati handi bat bereganatzea. Argudiatzen dutenez, bahitu izan ez balira ez lukete interes handirik sortuko, eta, hortaz, zilegi daukate diru hori erabiltzea.
Baina horrek ere bere arriskuak dituela ohartarazi die Europako Banku Zentralak. Euroa arma gisa erabiltzea dakar, eta eragin dezake eurotan salerosten diren aktiboek erakargarritasuna galtzea. Hau da, beste banku zentral batzuek erabaki dezaketela eurotan dituzten aktiboak saltzea, eta, hortaz, euroa bera ahuldu. Guztira, atzerriko bankuek 2,2 bilioi euroren erreserbak dituzte eurogunean, eta haietako gehienen jabeek ez dute derrigorrez bat egiten EBk Ukrainako gerran duen ikuspuntuarekin.
Yellenen babesa
Horregatik, EBZk uste du euroguneak gutxienez G7ko taldearen babesa behar duela, haien dirutan baitaude atzerriko erreserba gutiz gehienak. Bide horretatik, urrats esanguratsuak izan dira azken egunotan, Janet Yellen AEBetako Altxorreko idazkariak babesa eman baitio. Nahikoa izan daiteke G7ko beste kideak —Erresuma Batua, Kanada eta Japonia— ere batzeko.
Agindua iritsi bitartean, Belgikak egin ditu etxeko lanak. Euroclearrek Errusiako aktiboekin egindakoirabaziei —1.260 milioi, urtearen lehen erdian—, sozietate zerga ezarri die, eta horrekin aurten 600 milioi euro jasoko dituela iragarri du. Horrekin Ukrainarentzat armak erosteko eta laguntza humanitarioa emateko 1.700 milioi euroko funts bat hornituko duela iragarri du Alexander De Croo lehen ministroak.
Bada dirua, baina huskeria Ukrainaren beharrekin alderatuta. Laguntza finantzarioaren, humanitarioaren eta militarraren artean, EBko kideek 132.000 milioi eurorekin finantzatu dute Ukraina, eta beste 70.000 milioirekin AEBek. Ukraina berreraikitzea 410.000 milioi euro kostatuko dela kalkulatu dute, baina faktura hori handitu besterik ez da egingo gerra luzatzen bada. Eta itxura hori du.
GEURE KONTU
Gerra bat etsaiaren diruarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu