Berriz ere EBZk hondorik gabeko likidezia iturria ireki die bankuei. Azken asteetan asko espekulatu da bankuek eska zezaketen kopuruari buruz. Aurreko enkantean, abenduan, 492.800milioi eman zituen eta oraingoan haren truke banku zentralak eskatu behar zituen betebeharrak apalagoak zirenez, une batzuetan bilioi bat euro izan zitekeela ere pentsatu zen. Azkenean, 800 bankuk hiru urtera gutxi gora behera %1ean itzuli beharko duten 529.500 milioi izan dira; analistek espero zuten bilioi erdia baino pixka bat gehiago.
Eta kopuru handi horiek ikusita, baten batek pentsa dezake mailegu asko eta baldintza onetan iritsiko zaizkiela berriro familiei eta enpresei. Bada, ziur aski, ez asko. Finantza entitateen gorabeherak jarraitzen dituzten analisten aburuz, 215.000 inguru bankuek EBZrekin dauzkaten zorrak berfinantzatzeko erabiliko dira. Gainontzekoa, 314.000 milioi, bankuek lehendik EBZn gordailu moduan daukaten likidezia soberakinari gehituko zaizkio. Jarrera zuhur horretarako bi arrazoi nagusi daude. Alde batetik, ez dirudiela EBZk beste enkante bat egingo duenik, epe laburrean behintzat; eta, bestetik, egungo ekonomia eta finantza egoeraren ziurgabetasun handiarekin bankuak erosoago sentituko dira likidezia erreserba handi bat edukita, garaiak zailtzen direnerako. Bankuek beharrezkoa duten kapitala lortu eta egoera ekonomiko nahasiaren etorkizuna argitzen ez den bitartean, zaila izango mailegu kopuruaren hazkuntza bat ikustea.
Zorraren krisia. EBZren enkantea. Analisia
Gehiena diru kutxara doa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu