Ivan Santamaria.
ASTEKO GAIA

Gaur beherapenak, bihar murrizketak?

2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Denok estutu beharko dugu gerrikoa». Eusko Legebiltzarreko tribunatik hizlari, hitz horiekin laburbildu zuen orduko lehendakariak, Patxi Lopezek, sozialisten norabide aldaketa aurrekontu politikan. Egun batzuk lehenago, noski, Lopezen alderdikide eta Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok emana zion hasiera Europatik behartutako austeritate zorrotzaren aroari. Pilula mingotsak zerbitzu eta ordain publikoen nahiz pentsioen murrizketaren forma zuen.

Politikak memoria laburra du, ordea. Lopezen hitzaldi ezkorretik 105 egunera — eta uda tarteko — Carlos Agirre Ogasun sailburuak krisi ekonomikoa gainditutzat jo zuen, ziur asko bere agintalditik ezabatuko lukeen zoritxarreko ateraldi batean. Ekonomiaren fundamentuak ez da halako tarte laburrean aldatzen, noski, baina bai politikaren beharrak. Udal eta foru hauteskundeak hurbildu ahala tropa animatzeko mezuei heltzea kanpaina abiatzeko lehen urratsa da.

Lau urte igaro dira pasadizo hura gertatu zenetik. Joan zen Zapatero, joan zen Lopez, baina politikaren gurpilak jiraka jarraitzen du, eta berriro ortzean daude udal eta foru hauteskundeak. Oraingo honetan, PPri dagokio, Espainiako Gobernutik, susperraldia saltzea. Espainia Europako gaixoa izatetik miraria izatea igaro dela edo halako zerbait, sinistu nahi dutenentzat. Krisi osteko paisaia irudikatzeko, ustez zergak murriztuko dizkien erreforma ere jarri du mahai gainean, gozoki gisa, Mariano Rajoyk.

Estrategia hori egokitu nahi dute popularrek Euskal Herrian dituzten boteregune apurretan. Gutxiengoan, baina Arabako foru gobernua eta Gasteiz hiriburuko alkatetza eskuratu zuen PPk aurreko hauteskundeetan, eta horiek eusteari jarriko dio arreta guztia, izan diren hauteskunde prozesuek lidergo hori pitzatzen ari dela agerian utzi ondoren.

Koordenada horietan kokatu behar da, hortaz, Javier de Andres ahaldun nagusiak bere kasa eta inolako babesik gabe jaurti duen zerga erreforma. «Ez da bidezkoa aldundien ekonomia langileena, familiena eta enpresena baino askoz hobe egotea», argudiatu du De Andresek, beherapen proposamena justifikatzeko. Batek pentsatuko luke, hori entzunda, murrizketen eta gerriko estuen garaiak aspaldi igaro zirela. Behintzat, erakunde publikoen finantzazioari dagokionean.

Zer diote datuek? Bada, kontrakoa. Hartu zerga bilketa. Aurten ezarritako helburua beteko balitz ere, Arabak krisiaren aurretik baino %15 diru gutxiago bilduko luke. Foru aldundiak kudeatzen duen aurrekontu propioan zuloa sakonagoa da, gainera: 2009. urtean goia jo zuenetik aurrekontu hori %25 jaitsi da. De Andresek dirua sobera duela iradokitzeak murrizketa horietan guztietan atzera egiteko asmo gutxi dagoela uzten du agerian, kontu publikoek euren onenetik urrun, oso urrun, segitzen dutenean.

Egia da aurten zerga bilketaren emaitzak hobetu direla. Hortik euforiara tarte bat dago, ordea. Lehen aldia litzateke krisia hasi zenetik ogasunek egindako aurreikuspena bete edo gaindituko litzatekeela. Edonola ere, egoera horrek jarraipena izango duen edo ez beste kontu bat da. Europako ekonomia nagusien ajeek eta deflazio arriskua hor daude, eta Euskal Herria ez da irla bat. Ez dago garbi arrisku horiek gauzatuko diren edo ez, baina zuhurtzia eskatzea ez dago sobera, ez daitezen izan gaurko beherapenak etorkizuneko murrizketen aitzakia.

Estrategia politiko hutsari erreparatuta, logika du De Andresen mugimenduak. Beherapena onartuta, PPren ekimenez lortu dela aldarrikatzeko aukera luke. Beste alderdiek errefusatuta, hiritarrei zergak murriztu nahi dizkien baina utzi ez dioten ahaldun nagusi saiatua izan dela esan dezake. Zerga jaitsiera aurrera atera eta bozak irabazita, arazo bakarra izan liteke ekonomiaren gainbehera batek berriro foru kontuak hankaz gora jartzea, baina orduan, berriro, gerrikoa estutu beharra ezinbestekoa den mezua prest izango luke agintari popularrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.