Aurpegi askoko mugimendu politikoa da Argentinako peronismoa. Boterean izan zen aurreko epean—lehenik Nestor Kirchnerrekin (2003-2007) eta ondoren haren emazte Cristina Fernandezekin (2007-2015)—, gerra luze batean katramilatu zen Argentinari dirua utzitako nazioarteko inbertsiogileekin. Mauricio Macriren (2015-2018) saio liberalak huts egin ondoren, abenduan itzuli ziren peronistak boterera, Alberto Fernandezen eskutik. Cristina Fernandez haren lehendakariordea dela kontuan hartuta, eta diru aldetik eskas dabilela, pentsa zitekeen Buenos Airesko gobernuak berriro gatazka hasiko zuela bere hartzekodunekin. Bada, usteak ustel. Asteartean, negoziazio luze eta gogorren ondoren, nazioarteko zorraren zati handi baten inguruan akordioa itxi zuten Fernandezek eta Fernandezek.
Bi hitzetan, hartzekodunek onartu dute Argentinako Gobernuari utzitako 55.000 milioi euroen %54,8 bakarrik bueltan jasotzea, eta ordainketak urte batzuk atzeratzea. Herrialdearen egoera ekonomiko makurra ikusita, eta jakinda Buenos Airesek zorrak ez pagatzeko beldurrik ez duela —bederatzi aldiz egin du hori—, pragmatiko jokatzea erabaki dute Black Rock, Ashmore, Fidelity eta beste inbertsio funtsek. Inbertitzaile txikiagoek tratua onartuz gero, hilaren 24an izenpetuko dute.
Pragmatiko jokatu du Fernandez presidenteak ere, orain lortutako akordioari esker ziurta baitezake nazioarteko finantza merkatuak ez dituela itxita edukiko beste hamarkada batez —hori izan zen 2001ean zorra ez ordaintzeko erabakiaren ondorioetako bat—. Baina akordioa lehen urratsa baizik ez da gobernuak aurrean duen erronka zailean: Argentinako ekonomia dagoen zulotik ateratzea, eta hazkunde jasangarri baterako zutabeak jartzea.
Zaila? Nahikoa da esatea azken 70 urteetatik 24 urte atzeraldian igaro dituela. Eta 2020, noski, ez da salbuespena izango. Koronabirusak jo aurretik ere txikitzen ari zen barne produktu gordina, eta pandemiari aurre egiteko gobernuak (nahiko) garaiz hartutako neurri gogorrek eroriko handi bat eragingo dute ekonomian, %10 eta %13 artekoa, iragarpenen arabera. Zama astuna berez desoreka izugarriak dituen herrialde batentzat: inflazio handia (%45), diru ahula —balioaren %60 galdu du aurten dolarrarekiko—, eusterik eta ordaintzerik ez duen gastu publikoa—%10eko defizita aurten—, esportazio gutxi batzuekiko menpekotasuna, pobrezia hedatua...
NDFren baldintzak
Gobernuaren hurrengo urratsetako bat da NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin akordio bat lortzea, Argentinak harekin duen 37.000 milioi euroko zorrari buruz. Negoziazio horretan ez du lortuko zorra txikitzea —NDFk ez du euro bakar bat ere barkatzen—, baina agian bai 2021ean hasi beharreko ordainketak atzeratzea, eta Fernandezen garaipenarekin etendako programa berriro abian jartzea. Macrik eskatutako dirua da itzuli beharrekoa, pesoaren etengabeko ahultzea behingoz geratzeko, baina ez zuen helburua lortu. Gainera, eskaerak hotzikarak eragin zituen Argentinan, herritarrek gogoan daukatelako iraganean NDFren botikek zer-nolako kaltea eragin zioten ekonomiari.
Baina aldatu egin dira garaiak: gaurko NDF 2001ekoa baino ulerkorragoa da, eta ez luke interes handirik bere zordun handiena hondoratzeko. Baina, noski, NDFk ez du ezer musu truk ematen, eta ikusi beharko da jarriko dizkion baldintzak onargarriak diren Fernandez batentzat eta bestearentzat.
GEURE KONTU
Fernandezen eta Fernandezen lanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu