BAKARRIZKETA

Ezkur hozkadunak eta gezurrak

JERO MORALES / EFE.
Irune Lasa.
2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
1 'Bellotagate'? Zer da hori? Extremaduran egindakotzat saltzen ziren Zetta telefonoen eskandaluari eman zaion izena.Appleren sagar hozkadun ezagunari erreferentzia egiten dion logotipoa du Zettak: ezkur hozkaduna (bellota, gazteleraz). Hortik, bellotagate.

2 Ezkurrarena ideia ona edo txarra den alde batera utzita, zein da, bada, arazoa? Hasteko, Zettaren telefonoek Extremadurarekin zerikusi txikia dutela, enpresaren sortzaileetako batzuk hangoak direla eta denda han dutela (Zafran) kenduta.

3 Guztiok dakigu, halaber, sakelako ia guztiak Txinan egiten direla. Eta iPhoneak estatubatuartzat ditugu. Zettarenekin ez da berdin gertatzen? IPhoneak bai, Txinan egiten dira, baita beste hainbat markatako sakelakoak ere. Baina marka estatubatuarrak egiten du haien diseinua, lantzen du softwarea... Zetta telefonoen ia ezer ez da Txinatik kanpo egindakoa.

4 Baina ez dago arazorik marka batek osorik, diseinua eta guzti, Txinan egindako telefonoak saltzeko, ezta? Ez dago arazorik, ez. Eta badira horrela jarduten duten marka nahiko ezagunak. Edonork egin diezaioke enkargua Txinako lantegi bati han katalogoan dituzten telefono generikoetako baten ehunka batzuk ale ekoizteko, eskatutako logotipoarekin. Mugikorrak inportatu eta listo, aurrera negozioarekin. Modelo generikoenaz gain, badago beste aukera bat ere: norberak egitea diseinua eta ezaugarri batzuk zehaztea (pantaila, prozesadorea, kamera...). Horien araberako telefonoa di-da egingo dizute Txinan. Aukera hori pixka bat garestiagoa da, baina horrela merkatuan bereiz zaitezke.

5 Eta Zettakoek ez dute hori egin? Ez dira Txinara joan ere egin. Xiaomi markako telefonoak erosi, karkasa aldatu (ezkur hozkadunaren eranskailuarekin) eta barneko Xiaomiren eranskailua beste eranskailu batekin estali. Softwarean, berriz, Android sistemaren aldaera arrunt bat instalatu. Eta gero, Zetta izenarekin saldu, iPhone onenaren ezaugarriak dituela baina haren erdia balio dutela esanez. Hori bai, Xiaomiak baino garestiago saldu dituzte: Xiaomi Redmi 2ak 90-150 euro artean balio du. Zetta Conquistador bat 185-275 euro artean dabil. Bi urtean 2.700 telefono saldu eta 19.000 euro irabazi dituztela esan berri dute Zettakoek.

6 Zeinek salatu du iruzurra? Inork ez. Zettaren sortzaile gazteak goraipatzen zituen albistea agertu zen El Español egunkarian, eta sare sozialetan konturatu ziren Zetta eta Xiaomi Redmi 2a gauza bera zirela. Eskandalua piztuta, Extremadurako Kontsumo Institutuak ofiziozko ikerketa zabaldu du. Bere garaian Zettakoekin bilera eta argazkia egin zituen Extremadurako presidente Guillermo Fernandez Varak berak esan du ikerketaren emaitzaren zain dagoela. Orain jakin da, halaber, logotipoko ezkurra Internetik kopiatutakoa dela, eta toki beretik lapurtu dutela publizitateko hipsterraren argazkia.

8 Eta Zettakoek? Zer diote? Beti esan dutela telefonoak Txinan egindakoak direla, ez dutela soilik eranskailu bat jartzen, softwarean aldaketak egiten dituztela; salmenta osteko zerbitzu bikaina eskaintzen dutela, oso lanpetuta daudela bezeroen arretarekin, dena argituko dela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.