Euskaltelen gidaritza Zegona Erresuma Batuko funtsak hartu duen aste honetan, urrearen balioa hartu du BBK-ko arlo juridikoko buru Javier Aldazabalek agerraldi publiko batean asteon bertan egindako aitortzak: «Oso zaila izan zen [Kutxabank] burtsara ez ateratzea erabakitzea, baina erabaki hori hartu zuenak asmatu egin zuen». Aitortza berretsi du, gainera, Xabier Sagredo BBK fundazioko presidenteak: «Denborak arrazoia eman digu».
Mezu argi bat ematen du BBK-ko buruzagien adierazpenak: marra igaro eta gero, alferrekoa da negar egitea. Marra, kasu honetan, burtsara buruz behera salto egitea da. Mario Fernandezek izan zuen tentazioa hiru banku ohien —BBK, Kutxa eta Vital Kutxa— fusiotik sortutako finantza erakunde berria (Kutxabank) burtsaratzeko, baina kolpean moztu zioten tentazioa eta kendu besaulkia.
Euskaltelen, aldiz, ez zioten eutsi tentazioari, eta marra igaro zuten 2015eko uztailaren 1ean, burtsara salto eginda. Gainera, presio sozial eta politiko handia egin behar izan zen orduko zuzendaritzako 24 kideek burtsaratzearekin 44 milioi euroko bonusa orduan bertan ez poltsikoratzeko —44 milioiak akzioetan berrinbertitu zituzten azkenean—.
Oso urruti geratu dira sorrerako nortasun marka eta irizpideak. 1995ean sortu zen, Eusko Jaurlaritzak (%40) eta hiru aurrezki kutxek (%60) jarritako diru publikoarekin: herri ikuspegiko proiektuaz hitz egiten zen orduan, eta deserrotzeaz orain.
'Erosi, konpondu, saldu'
Desinbertsio politiken bidetik, euskal erakunde publikoek Euskaltelen gaineko kontrola galtzea erabaki zuten, eta euren parte hartzeak saldu. Joan den apirilaz geroztik, Erresuma Batuko Zegona da akziodun nagusi (%21), Kutxabanken aurretik (%19,88).
Baina, esan bezala, Euskaltelek 2015eko udan igaro zuen Rubikon, ez orain, Zegonak lema hartu duenean —espero zitekeen ondorioa baita oraingoa—. Erresuma Batuko inbertsio funtsa zintzo ari da jokatzen, bere webgunean harro erakusten duen filosofiari jarraikiz: Erosi, konpondu, saldu. Arrisku kapitaleko funts bat den heinean, ez dio axola handirik Euskaltelen errotzeak, akzioa garestitzeak baizik.
Euskaltelen jabetzan konpainia pribatuak nagusitu zirenean erabaki zuten negozioa penintsularen iparraldera hedatzea: R Cable erosi zuen Galizian, eta Telecable Asturiasen. Orain, Zegonak penintsula osora hedatu nahi du, eta buruz buru lehiatu Espainiako konpainia handiekin. Horretarako, Virgin britainiarrak bere marka alokatuko dio haren izena erabil dezan, Euskal Herrian izan ezik, non eutsi egingo baitio Euskaltel izenari, errotzea errentagarria izan baitaiteke toki batzuetan.
Eta hori guztia zertarako? Euskaltelen akzioak garestitzeko, eta hori lortutakoan Zegonak konpainia beste funts edo sektoreko erraldoiren bati saltzeko. Erosi, konpondu, saldu. 2015eko udaz geroztik, akzioen bilakaerak markatzen ditu Euskaltelen norabidea eta erritmoa.
Deigarriena da —baina beharbada ez horrenbeste— akziodun guztiek egin dutela bat asteon Zegonak proposatutako gidariarekin (Jose Miguel Garcia) eta planarekin, baita Kutxabankek ere. Azken batean, bankuari ere akzioak garestitzea komeni zaio.
Burtsaratze egunean, akzio bakoitzak 10,05 euro balio zituen; orain 7,80 euro. Zegonarentzat eragiketa ez da errentagarria izango hamar eurotik gora igo arte, baina espero du Virgin operazioarekin urte gutxian balioa handitzea burtsan.
Eusko Legebiltzarrak Euskaltelen esku hartzeko eskatu die Jaurlaritzari eta Kutxabanki, deserrotzea saihesteko, nahiz eta bataila horren porrota 2015ean sinatu zen. Kutxabankek berak Rubikon igarotzeko tentazioari eutsita, gaitz erdi.
GEURE KONTU
Euskaltel: akzioak jarriko du erritmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu