Irune Lasa.

Europartzera

2025eko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Kontuan izanda askok txosten hitzari dioten alergia, nola saldu hau? Bat ez, bi ez, hiru txosten aipatzen dituen Geure Kontu hau? Zaldieroaren Txosten eta Emendakiña heroiak agertuko balira, gutxienez, baina ez; Enrico Lettarekin eta Mario Draghirekin konformatu behar. Eta Zedarriak plataformarekin.

Baina kontuak badu garrantzia. Gauza da Europako Batasuna aldatzera doala, halabeharrez. Eta horrek Euskal Herria ere aldatuko duela, halabeharrez. Dramatikoegi jarri gabe, esan daiteke mundua bizkor mudatzen ari dela. Eta hor, ez da gauza bera izango zartaginaren giderrean egotea edo su berotan.

Mundu globalari kirtenetik heltzen ziotenen artean egon da Europa orain arte. Baina gai izango al da hor jarraitzeko, Txina eta AEB gero eta boteretsuagoek aldean txikituta?

Laburrean, hori egiaztatu zuten iaz Lettaren eta Draghiren txostenek, egiaztatu Europako Batasuna atzean geratzeko arriskuan dagoela, bere aje eta gabezien ondorioz. Eta hori eragozteko hainbat moldaketa proposatu dituzte.

MARIO DRAGHI
Mario Draghi ekonomista italiarra, EBZko presidente ohia eta Italiako lehen ministro ohia. TERESA SUAREZ / EFE

Ursula von der Leyenen eskariz egin zuten bi ekonomista italiarrek txosten bana. Zertarako? Bada, azken hauteskundeetatik ateratako Batzorde berriak, exekutibo berriak, tresna eraginkorra edukitzeko erreformetarako. Eraginkorragoa, teorian behintzat; izan ere, ez litzateke lehen aldia izango Batasunaren politikak hitz arranditsuetara mugatzen direna.

Sintesi ariketa muturrera eraman eta bi txosten oso mardul laburbilduz, esan daiteke Lettak eta Draghik Europako Batasun europarrago bat proposatu dutela. Herrialdeen arteko muga gutxiago merkatu bakarrarentzat, industria politikarentzat, merkataritzarentzat, azpiegiturentzat...

Eta Europa horrek inbertitu beharko luke, dirutza jarri beharko luke maila teknologiko handiko alorretan, eta defentsan eta berrikuntzan, Txinako eta AEBetako ekonomiak egiaz hauspotu dituzten alorretan.

Ez dago argi nondik etorriko den horretarako guztirako aurreikusten den dirutza —800.000 milioi euro urtero, Draghik esan zuenez—, Batasuna europarrago, integratuago izateko urrats garrantzitsuenetakoa litzatekeen zorpetze bateratuaren inguruko adostasuna urrun baitago oraindik.

 

Eta hor, Euskal Herria nola kokatzen da? Zedarriak plataformak ariketa hori egin du, nola ez, soilik Euskal Autonomia Erkidegoa izanda buruan. Txosten mardul batean, industria berrindartu beharraz, elkarlan publiko-pribatuaz eta halakoez gain, bizpahiru proposamen interesgarri egin ditu Zedarriak-ek.

Zedarriak-en ustez, «Euskadik» Europako funtsetatik parte ahalik eta handiena lortzeko erronkari eutsi beharko lioke. Adibidez, horretarako berariazko estrategia bat diseinatu beharko luke. Ez hori bakarrik, ahalik eta hurbilen egon beharko luke aurrekontuak eta funtsak banatzeko erabakiguneetatik, eta horretan ari diren batzorde eta lantaldeetan euskal ordezkariak egotea sustatu.

Plataformaren arabera, «gune horietan presentzia handiagoa izateak eskualdearen interesak EBkoekin lerrokatzea bermatuko luke, eta finantzatzerako sarbideetarako aukerak handitu».

Ez hori bakarrik, «Euskadik» Bruselan bulego bat, «jarraipen zentro bat» izatea proposatu du Zedarriak-ek, Europako Batasuneko arau, programa, funts eta erabakiei buruzko informazioa bildu, analizatu eta zabalduko duena.

Garai batean, euskal eliteek garrantzitsutzat jotzen zuten Madrilen egotea, erabakiguneetan, eta eragina izatea. Orain, Bruselan egotearen garrantzia ari dira azpimarratzen. Txosten batean agertuta ere, interesgarria europartzeko behar hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.