Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Europako industria, laguntza eske

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ez dute aste ona izan neoliberalek. Erresuma Batutik etorri den notiziak erakusten du merkatuek beraiek ere ez dutela konfiantza handirik «zergak jaitsi eta dena ongi joango da» dioen leloan, eta hori proposatu zuen Liz Trussen erorikoa eragin dute. Zorraren krisiak, COVIDenak eta Ukrainakoak gastu publikoaren garrantzia nabarmendu dute, eta oraingoz lurperatu dituzte dogma neoliberalak.

Baina Liz Trussen kanporatze krudelak, auzo lotsa eragiteko modukoak, neoliberalismoak aste honetan jasan duen beste higatze bat ezkutatu du. Merkatu libreei ez zaiela mugarik jarri behar defendatzen dutenek entzun behar izan dute nola kapitalismoaren bi ordezkari peto-petok eskatu duten merkatu libre horri muga batzuk jarri behar zaizkiola. Carlos Tavares da bata, Stellantis auto enpresako burua—Peugeot, Citroen, Fiat, Opel, Jeep...—, eta Jochen Eicholt da bestea, Siemens Gamesako buruzagi berria. Europako erraldoi industrialen ordezkariak, batek zein besteak gauza bera eskatu dute aste honetan: Txinako ekoizleen nagusitasuna mugatzeko, bestela etorkizun beltza ikusten baitiote Europaren autogintzari eta sektore eolikoari.

Eicholtek Financial Times-i esan zion EBk energia independentziarekin serio jokatu nahi badu berehala neurriak hartu beharko dituela bertako ekoizleak laguntzeko. «Geure produktua estrategikoa bada, orduan instalazioen %100 ez, baina horien zati bat behintzat geure esku izan beharko litzateke».

Beste hitz batzuetan, EBk ez badu nahi eguzki panelekin gertatu dena gertatzea—txinatarren esku dago sektorearen oso zati handi bat—, neurriak hartu beharko dituela Europan jartzen diren haize erroten gutxieneko kopuru bat Europako industriaren esku geratzeko.

Europako ekoizleak oraindik aktore garrantzitsuak dira sektore eolikoan. Bloombergek bildutako datuen arabera, urte hasieran Danimarkako Vestasek (%9,6) eta Siemens Gamesak berak (%8,8) izan dute merkatu kuotarik handiena, eta lehen hamarren artean dago Nordex ere (%2). Baina haien kuota jaitsi egin da, ekoizle txinatarren mesedetan: txinatarrena %36,6tik %53,5era igaro zen 2018tik 2021era, eta sei ekoizle ditu lehen hamarretan.

Europako ekoizleak kinka txarrean dabiltza, eta fabrikak ixten ari dira inoiz baino haize errota gehien jartzen diren garai batean. Siemens Gamesak 1.200 milioi euro galdu ditu aurten, eta beste 2.900 langile bota nahi ditu. Horietako gehienak Zamudioko egoitza nagusian (Bizkaia) eta Sarrigurengo ingeniaritza zentroan (Nafarroa) izango dira, eta batu egingo zaizkio Tuterako, Altsasuko eta Agoizko fabrikak ixtean eragindakoei.

Gerta liteke Eicholten eskaerak erantzun bat jasotzea, EBk berak bere sektore eolikoaren kuota %32tik %45era igotzea jarri baitu helburu Repower EU planean.

Autogintzaren nekeak

Autogintzarekin ere zerbait egiteko presio handia du. Aste honetan Stellantiseko buru Tavaresek gogorarazi du Europako autogileek ez dutela Txinan autogile txinatarrek Europan duten askatasun bera. Pekingo gobernuak joint-venture edo enpresa partekatuak sortzera behartu zituen Txinan ekoitzi nahi zuten kanpotarrak. Horrek teknologia transferentzia bat ekarri die, eta, noski, orain Txinako ekoizleek duela hamar-hogei urte baino auto hobeagoak egiten dituzte. Europan lur hartzeko lehen saio bat egin zuten duela urte batzuk, baina porrot egin zuten, ez zituztelako gainditu Eurocapen segurtasun azterketak. Orain itzuli dira, auto guztiz elektrikoekin, eta emaitza bestelakoa izaten ari da.

Oso esanguratsua izan zen Parisko auto azokan txinatarrak izan zirela, Stellantisen marka frantsesez eta Renaultez gain, beren modeloak erakutsi zituzten bakarrak: BYD, MG, Geely, Lynk, Polestar... Izen horiek gero eta ezagunagoak egingo dira Euskal Herrian ere, baina lehenik Alemania hautatu dute Europan lur hartzeko, hura delako merkaturik handiena eta auto elektrikoei harrera hobeenetako bat egin diena, %15eko kuota gainditzeraino.

Ez dirudi EBk Txinako autogileak behartu egingo dituenik Europakoekin batzera; europarrei laguntzeko bide bat izango da haiek diruz laguntzea auto elektrikoen bateriak eta lantegi zaharren moldaketak egiteko. Mercedesek jada badu Next Generation funtsen laguntza horretarako, eta VWek erronka bota dio asteon Espainiako Gobernuari: laguntza gehiago eman ezean, ez du Sagunteko baterien fabrika egingo. Arrazoia? 1.000 milioi eskatu zituen eta 167 milioi baizik ez zituen eskuratu lehen epe batean. Presioak funtzionatu egin du, Madrilek iragarri baitu autogintzako plan estrategikoan beste 880 milioi jarriko dituela. Datorren astean zehaztuko du banaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.