«Ezer ez dago adostuta guztia adosten den arte». Etxepekoen bileraren batean entzuteko moduko baieztapen hori Judit Varga Hungariako Justizia ministroak erabili du, beto mehatxu disimulatua egiteko baliatu duenean. Europako diruez ari zen, Europako luzera begirako aurrekontuaz eta ezinbestean hari lotuta dagoen 750.000 milioi euroko Errekuperaziorako eta Erresilientziarako Mekanismoaz.
Batek baino gehiagok galdetuko du ez al zegoen, bada, jada erabakita Europako funtsena; uztaileko bilera amaigabe haietan akordioa lortu zela, eta diruak badatozela, koronabirusak Europara ekarritako txikizio ekonomiko eta soziala arintzera, sare produktiboak transformatzera. Baina Vargak arrazoi du: oraindik ez, oraindik guztia ez dago adostuta. Horrela izaten dira etxepeko kontuak erabakitzeko bilerak, eta Europako Batasuneko negoziazioak.
Batasuneko prozedura bihurretan dago oraindik errekuperazio funtsa, baina azaroko lehen egun hauetan gainditu berri ditu bi langa zail. Europar Kontseiluak, kostata, baina lortu du Europako Parlamentuaren oniritzia 2021-2027 bitarterako Batasunaren aurrekonturako (harekin batera doa errekuperazio funtsa). Parlamentuak, trukean, nahi zuenaren zati handi bat erdietsi du: 15.000 milioi euroko gehigarri bat Batzordeak eta Kontseiluak aurreikusitako kopuruei, Europa mailako egitasmoetarako —besteak beste, hezkuntzako Erasmus eta ikerketako Horizon programetarako eta laguntza humanitariorako—.
Aurretik, EBko herrialdeetako enbaxadoreek eta Parlamentuko negoziatzaileek beste langa bat gainditu behar izan zuten, eta adostu zuten Rule-of-Law mekanismoa deiturikoa, zeinak arautzen duen aurrekontuko diruen esleipena nola baldintzatu EBren zuzenbide estatuari buruzko printzipioetara. Gaia ezaguna da: Batasuneko hainbat herrialde eta Batzordea bera ere kezkatuta daudeherrialde batzuetako gobernuetan, batez ere Hungarian eta Polonian, ikusten diren joera autoritarioekin.
Halako jokaerei muga jartzeko bidea litzateke aipatutako mekanismoa. Harekin, Europako Batzordeak eskumena luke EBko arau eta printzipioak hausten dituen herrialde bati dirubideak etetea proposatzeko. Enbaxadoreek eta parlamentuak adostutakoaren arabera, Batzordeak etete hori proposatuz gero, aurrera ateratzeko nahikoa litzateke herrialdeen gehiengo kualifikatu bat. Eta, beraz, inork ez luke beto eskubiderik.
Baina, gogoratu: ezer ez dago adostuta guztia adosten den arte. Poloniak eta Hungariak badute oraindik betorako aukerarik. EBko luzera begirako aurrekontuek eta, adi, harekin errekuperazio funtsak ere, herrialdeen oniritzia jaso behar dute; besteak beste, horrela izango du Europako Batasunak baimena funts horretarako diruen bila merkatuetara jotzeko. Eta, hor, Hungariako eta Poloniako parlamentuak sartzen dira tartean.
Bi herrialdeetako agintariek salatu dute EBko herrialdeentzat «tratu desberdinak» eta «estandar bikoitzak» daudela. Eta mehatxu nahiko argia egin dute, esanez gauzak dauden moduan zaila dela beren parlamentuek EBko aurrekontua onartzea.
Hori bai, aurrekonturik gabe ez dago errekuperazio funtsik, eta diru horien balizko onuradun handienen artean daude, hain zuzen, Polonia eta Hungaria. Osasun eta ekonomia krisi betean, ezetz esango diete itzuli beharrik gabeko milaka milioi eurori?
Europako Batasunak badu halako egoerei aurre egiteko modu bat: luzamenduetan ibiltzea, joan-etorri eta negoziazio amaigabeetan, azkenean erdipurdiko irtenbide bat topatzeko. Baina gauzak ez daude luzamenduetarako. Batetik, pandemiaren ondorioei erantzun behar zaielako, eta, bestetik, zorpetze bateraturako lehen apustua, errekuperazio funtsa, ondo ateratzea garrantzitsua delako Bruselarentzat.
Aurrekontuak 2021. urtearen hasierarako egon beharko luke erabat onartuta. Lehen sei hilabeteetan funtsen %10 iritsiko lirateke herrialdeetara, eta beste zati bat urtearen amaieran banatuko litzateke. Nola banatuko diren eta zertarako? Hori etxepeko beste bilera bat izango da.
GEURE KONTU
Europa eta etxepeko bilerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu