EBZk erasoa hasi du»; «Super Mariok bere fusila atera du»; «Draghik bere munizio guztia bota du»; «EBZk bere azken-aurreko bala bota du», «Mario Draghik eta bere lagunek bazuka handia hartu dute»... Metafora beliko horiek eta antzekoak barra-barra erabili zituzten Euskal Herriko eta inguruko egunkariek Europako Banku Zentralaren neurri sortaren berri emateko. BERRIA bera ez zen oso urrun geratu, Krisiari buelta emateko kolpea izenburuarekin. Funtsean, halako hizkera ez dago guztiz lekuz kanpo, Draghik egin nahi zuenak antza duelako armadaburuek gudu zail batean egiten dutenarekin: arerioa inpresionatzen saiatu.
Kasu honetan hainbat arerio daude. Merkatuak izan daitezke bat, ekonomia errealari kalte egiteko duten ahala begi bistakoa geratu baita azkenaldian. Egia da, ordea, Draghik «beharrezkoa den guztia egingo dugu euroa salbatzeko» ospetsua bota zuenetik nolabaiteko su-eten bat sinatuta daukatela Europako Batasunarekin; EBZren planari eman dioten lehen erantzuna ikusita, oraingoz menia errespetatuko dute. Hautsiko balute, hasiko lirateke komeriak, benetakoak.
Beste hiru arerioak dira oraingoz serioenak: hazkunde pattala, inflazio txikiegia eta euro indartsua. Hiru horiek beldurtuko al dituzte EBZren armek?Nekez, diote analista askok: interes tasa %0,25etik %0,15era jaistea plazebo bat dela, bankuen gordailuei tasa negatiboa berandu datorrela inor gutxik erabiltzen duelako orain EBZren segurtasun kutxa, eta bankuei 400.000 milioiko likidezia emateak ez dituela maileguak ugalduko, benetako arazoa eskaera falta delako. Baikorrago dira beste batzuk, uste baitute EBZren bultzadak hazkunde zalantzatia suspertuko duela. Baina batzuk zein besteak ados daude Draghik ez zuela beste erremediorik, eta neurriak ez daudela sobran.
Beno, den-denak ez; hor daude Alemaniako finantza erakundeen elkarteak eta hedabide batzuk, aurrezleei egiten zaien kalteaz kexu, Europako hegoaldeko alferren erretolikari iltzatuta. Borroka nahiko galdua dute, ordea, ikusita Draghi lortzen ari dela harriz harri Bundesbanken ezezkoaren pareta eraistea.
Beste gauza bat daukate kontra eszeptikoek: errealitateak orain arte arrazoia eman diela ausart jokatzea eskatzen zutenei, eta kendu, berriz, ortodoxiaren defendatzaileei. Azken urteotan EBZk hartutako neurri ezohikoek —LTRO, SME, OMT eta adituek baino ulertzen ez dituzten beste laburdurak— ez dute apokaliptikoek iragarritako hiperinflaziorik sortu. Ezer izatekotan, motz geratu dira Frankfurteko banku zentrala, %0,5eko inflazioa baitago orain euroaren eremuan, %2ko zenbaki magikotik urrun.
Errealitateak urrunago joan direnak saritu ditu. Zein da Europako Batasuneko ekonomia handienen artean gehien hazten ari dena? Erresuma Batua, Alemaniak nozitu ez zuen etxebizitza burbuila bat lehertu zaion arren, eta Alemaniak baino zor eta defizit handiagoa izan arren.
Beste adibide bat, agian mingarriagoa: ostiralean zabaldu zuten AEBetan enplegua krisiaren aurreko mailara itzuli zela, Atzeraldi Handian galdutako 8,5 milioi lanpostuak berreskuratu zirela —haien kalitatea krisiaren aurrekoa baino okerragoa den arren, hori ere esan behar baita—. Gaur egun eurogunea osatzen duten hemezortzi estatuetan, berriz, bost milioi enplegu galdu dira (horietatik 3,5 milioi Juan Carlosen erresuman): 145,5 milioi lanpostu izan ziren batez beste 2008an, eta 140,4 milioi 2013an. Langabeak, berriz, ia bikoiztu dira: 11,9 2008an, eta 19,1 milioi iaz.
Draghik ere badaki panorama ez dela baikortasunaren apostoluak marraztu duten bezain ona, eta inflazio txikia gaixotasun handi baten seinale dela. Horiek horrela, ziur aski denbora kontua baizik ez da Draghik bere fusila berriz har dezan. Abisatu du: «Amaitu al dugu hau? Ez, ez dugu amaitu». Hilabete batzuk ditu orain Bundesbank tiroa entzuteko prest egon dadin.
ASTEKO GAIA
Eta Draghik bere fusila hartu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu