Urriaren amaierarako bi jaiotzen zain zegoen Nicolas Sarkozy: bat, alabarena, arazorik gabe iritsi da. Bestea, eurogunearen arazoak behingoz konpondu behar zituen neurri sortarena igandean zen jaiotzekoa. Jaioberria mesias bat bailitzan espero dutenen atsekaberako —Greziako Gobernua, Europako Batzordea, bankuak, AEBak...—, erditzea zailtzen ari da, eta gurasoek, Alemaniak eta Frantziak, asteazkenera arte helduko ez dela ohartarazi dute.
Nagusiki hiru dira erditzearen aldrebesten ari diren faktoreak. Bata, Greziari zorraren zein zati barkatu behar zaion erabakitzea. Uztailean, azken erditze historikoan, EBko buruek eta banku handiek hitzartu zuten zorra epe luzeagoan pagatzea, eta kalkulatu zuten horrekin %21 gutxiago bilduko zutela. Kopuru hori oso gutxi dela oso garbi dago hiru hilabete geroago. Frantziak %30 ingurukoa nahi du, bere bankuak —hartzekodun nagusiak, Greziako bankuen ondoren— babestu nahi dituelako; Alemaniak %50tik gora barkatzea nahi du.
Bigarren desadostasuna bankuen kapitalizazioari dagokio: Greziak pagatuko ez dien dirua estaltzeko —eta beste herrialdeetako zorrarekin izan ditzaketen galerak estaltzeko—, kapital gehiago beharko dute. Zenbat beharko den eta nondik lortu behar erabakitzean dago koska. Frantzia saiatu da dirua EFSF funtsak jar zezan, baina amore eman du. Hala ere, kosta ahala kosta eragotzi nahi du dirua bere kutxetatik ateratzea, horrek AAA kalifikazioa galtzea ekar diezaiokeelako. Bitartean, banku handiak presioa egiten ari dira bakean utz ditzaten.
Azken faktorea EFSF funtsaren molde berria da. Behin onartuta Greziak ez duela zor duen guztia pagatuko, helburua da egoera hori beste herrialdeetara ez kutsatzea. Horretarako sortutako funtsari 250.000 milioi geratzen zaizkio erabilgarri, eta ez da nahikoa Italia edo Espainia salbatzeko. Baina Alemaniak eta beste herrialde askok diru gehiago jartzeko oztopo politiko handiak dituztenez, EFSFren eraginkortasuna handitzeko beste moduen bila dabiltza. Frantziak eta Bruselak nahi dute banku bat bilaka dadila, hartara EBZren likidezia balia dezan; EBZk eta Alemaniak, ordea, ez dute halakorik onartuko, eta beste proposamen bat egin dute: inbertsiogile pribatuen zein publikoek bono publikoetan jarritakoaren %20 eta %30 artean bermatzea.
Analisia
Erditzea asko zailtzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu