Bezperako filtrazio interesatuak erdizka bete zituen atzo Europako Banku Zentralak. Hileroko erosketa kopuruan asmatu zuten. 50.000 milioi aipatzen ziren asteazkenean, eta azkenean 60.000 milioi izan dira, baina kopuru horrek bere trikimailua du. Izan ere, 60.000 milioi horien artean agertzen dira azken hilabeteetan martxan jarri duen Quantitative easing urardotuaren elementu bat, bankuen zedula hipotekarioetan eta ABSetan egin duen 10.000 milioi euroren erosketa. Hortaz, zor publikoaren erosketa 50.000 milioirena izango da, hilero.
Ustekabea operazioaren luzeran eman du Mario Draghik. Martxoan hasi eta gutxienez datorren urteko irailera arte jarraituko du. Horrela, 19 hilabetetan bilioi bat euro baino gehiago erosiko ditu, herenegun aipatzen ziren 500.000 milioi euroren halako bi. Gainera, eta horrek garrantzia handia dauka, epe horren amaieran EBZk uste badu bere helburua ez duela lortu —inflazioa %2ra gerturatzea—, erosketek jarraitu egingo dute.
Atzoko erabaki horren ahaztuak enpresak izan dira. Batek baino gehiagok espero zuen enpresa ez-finantzarioen bonuak ere bere erosketa politikan barneratzea, EBZk merkatuan jarriko duen diru berri hori ekonomia errealera iristeko modu efizienteago bat izan litzatekeelako. Baina ez da horrelakorik gertatuko.
EBZren erabakia nagusiki euroan nabarmenduko da. Udaz geroztik euroak dolarrarekiko bere balioaren %15 inguru galdu izanaren arrazoi nagusia da zor erosketa programa bat jarriko zen espektatiba. Pentsatzekoa denez, hurrengo hilabeteetan jarraitu egingo du debaluazio horrek. Alegia, sisteman dagoen euro kopurua areagotzen den bitartean euroak balioa galduko duela.
Depreziazioak esportatzaileei eurogunetik kanpo merkeago saltzen lagunduko die, eta horregatik mesede egin behar die euskal enpresa askori ere, betiere merkatu urrunagoetara iristeko ahalmena badute.
Baina inflazioan eta, oro har, ekonomia osoan, eragina mugatua izango da, baldin eta politika fiskal hedakor batekin batera egiten ez bada. Gobernuek aukera daukate austeritate politikak behingoz alde batera uzteko; EBZren neurriak beren finantza kostuen murrizketa ekarriko duenez, defizit txikiagoa izango dute eta diru gehiago gastatzeko.
Eragin mugatua espero da kredituaren gorakadan ere. Orain arteko dinamikek jarraituko dutela espero da. Alegia, bankuak kapitala pilatzen eta erregulazio berriei erantzuten, eta enpresak eta kontsumitzaileak aurretik egindako zorrak kitatzen. Egungo dinamikekin jarraituz, errepresio finantzarioa areagotu egingo da eta errentagarritasuna txukun bat lortu nahi duenak geroz eta arrisku gehiago hartu beharko ditu.
Europako Banku Zentrala. Zor erosketa. IRITZIA
Eragin mugatua inflazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu