BAKARRIZKETA

Elikagaien kolorea ere ez da neutroa

JULIO MUÑOZ / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
1. Haragi gorriarekin dabiltza gora eta behera: gehiegizko kontsumoa kaltegarria dela ingurumenarentzat eta osasunarentzat. Haurretan esaten ziguten litxarreria asko jatea txarra zela. Orain, entzun dut Europak jopuntuan jarri dituela gozokiak. Martxa honetan dena debekatuko digute. Ez kezkatu, litxarreriak behintzat jaten jarraitu ahalko duzu. Kolore eta mota guztietakoak. Nahi adina, baina gauza guztiekin komeni den bezala, neurrian bada, hobe. Dena den, adi kolore zurikoekin.

2. Zergatik diozu hori? Horietako askok konposatu kimiko bat daramatelako: E171 edo titanio dioxidoa. Horregatik dira zuriak. Eta, hain justu, hori debekatu du aste honetan Europak, osasunarentzat kaltegarria delakoan.

3. Baina karameluak, berez, ez al ziren zuriak? Ez karameluak eta ezta buruan dituzun hainbat produktu ere. Titanio dioxidoa edonon dago: eskuan duzun paperean, soineko arropan, erabili berri duzun hortzetako pastan, margoetan... Baina baita txikleetan ere, opiletako azukre glasean, maionesan, jogurtetan, izozkietan...

4. Eta denerako debekatu dute? Ez, soilik elikagaietarako. E171 jakiak zuriagoak eta distiratsuagoak izan daitezen erabiltzen da. Horixe da bere zeregin bakarra, ez du beste funtziorik elikagaietan, ez da kontserbagarria, ez du zaporerik ematen: itxuran baino ez du eragiten.

5. Nola jakin dezakegu erabili duten ala ez? E171 gehigarria elikagaien koloratzaile gisa katalogatuta eta erregistratua dago, eta produktuen etiketetan azaldu behar du derrigor.

6. Zergatik da arriskutsua osasunerako? ikerketa batzuek diote koloneko minbiziaren eragileetako bat izan daitekeela. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak zalantzak ditu, baina ondorioztatu du elikagaietan erabiltzea ez dela segurua. Aurretik egindako ikerketetan esaten zuen egungo kontsumo dosietan ez zela kantzerigenoa, baina azken ebazpenean ez du aukera hori baztertzen. Eta kontsumo maila segururik ezarri ezin duenez, debekatzeko eskatu du, eta hala egin du Bruselak. Frantziako Gobernuak 2020an egin zuen.

7. Eta halako zenbat konposatu egongo dira elikagaietan guk jakin gabe! Sodio nitritoa, esaterako: hestebeteetan asko erabiltzen den kontserbagarria. Hori debekatzeko eskaera aspaldikoa da. Eta aspartamoa, koipe gutxiko edo azukrerik gabeko produktu askotan erabiltzen den edulkoratzaile sintetiko ospetsua. Ikerketa batzuek diote gibeleko eta biriketako minbizia eta nahasmendu neuroendokrinoak eragin ditzakeela.

8. Debekua dela eta, elikagaien industria haserre egongo da, ezta? Bai, kolpe ekonomiko handia aurreikusten dute. Pentsa, E171aren ordezkoa bilatu eta hainbat produkturen formulak aldatu beharko dituzte. Gainera, abuztuaren 7ra arteko epea dute horretarako eta biltegietan duten produkzio guztia saltzeko, etiketak aldatzeko...

9. Dena den, arriskutsua bada, zergatik ez dituzte produktu horiek merkatutik berehala kentzen? Bai, kontraesana dirudi. Baina osasunak eta interes ekonomikoek talka egiten dutenean zein da erabaki zuzena? Azken bi urteetan pasatakoak pasatu eta ikusitakoak ikusi ondoren, dagoeneko zuk zeuk iritziren bat izango duzu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.