«Ziurrenez, Ekonomiako Nobel saria emango didate». Ezaguna da Javier Mileiren apaltasuna, zeina beste behin agerian utzi duen ultraliberalen sariak jasotzeko Europara egindako bisitaldian. Nobel sariarena astelehenean bota zuen Txekiar Errepublikan, eta ekonomista asko marmarka utzi zituen, Argentinako presidenteak bere hitzontzikerian Austriako eskola, Paretoren kurbak eta Adam Smithen orratz fabrika aipatu baitzituen nahas-mahasean.
Nonbait, zirkuluaren laukitzea lortzear dagoela uste du Mileik, zerbait berritzailea egiten ari dela. Egia da lortu duela inflazioa apaltzea Argentinan; hilabeteko inflazioa %4,2ra jaitsi da debaluazio osteko abenduko %25,5etik; urte artekoa ere jaitsi egin da aspaldian lehen aldiz, %276ra. Baina, Mileik ez du edabe magikorik sortu. Doikuntza klasikoaren bidea erabili du.
Sekreturik eta berritasunik ez; inflazioa apaltzeko, herrialdeko ekonomian atzeraldia eragin du; modu basatian, hori bai: urteko lehen hiruhilekoan barne produktu gordina (urte artekoa) %5,1 amildu da. Gastu publikoa bortizki motozerratuta, dena jaitsi da, kontsumoa, inbertsioa, inportazioak... soilik esportazioak igo dira. Prezioak jaitsi egin dira, eta superabit fiskala iritsi da (%0,4).
25 milioi pobre
Hori bai, pobrezia izan da ordaina. Mileiren gobernuak haurrentzako laguntzak eta elikagai kupoiak hedatu ditu, baina UCA Argentinako Unibertsitate Katolikoaren behatokiaren arabera, pobrezian dauden argentinarren tasa %55,5era igo da lehen hiruhilekoan, 2023ko bigarren seihilekoko %44,7tik. Horrek esan nahi du pobrezian bizi direla 25 milioi argentinar.
Austeritatea eta pobrezia, dena dela, agendan egon dira Mileik orain sei hilabete kargua hartu zuenetik. Desoreka fiskalak konpontzeko politiken ondorioz, aurten Argentinako ekonomia %3,5 uzkurtzea aurreikusita dauka Nazioarteko Diru Funtsak.
Mileik oraindik kreditua du motozerrarekin jarraitzeko. Krisi jarraituekin akitutako herritarren babesa dauka, besteak beste, balaztak jarri dizkiolako inflazioari, gai horrekin oso sentikorra den herrialdean. Gizartearen zati handi bat oraindik prest dago sakrifizioa onartzeko, behingoz ekonomia bideratuko bada.
Babes horrekin lortu du Milek aste honetan Diputatuen Ganberak erreforma ekonomikoen pakete handia onartzea, nahiz eta haren alderdia gutxiengoan egon. Alderdi batzuetan, deskafeinatua atera da legea. Adibidez, baztertu egin dira enpresa publiko handien —YPF, Aerolineas Argentinas...— pribatizazioak.
Hala ere, kaleratzeak nabarmen erraztuko dira, eta langileentzako proba epeak luzatu. Langabezia gero eta kezka handiagoa bihurtu da argentinarrentzat, eta langileen ia erdiek merkatu ez-formalean jarduten dute. Legearekin, errenta zerga ere itzuliko da, klase ertaineko langileen kalterako.
Gauzak horrela, noiz arte estutu dezake Mileik Argentinako ekonomia eta gizartea? Doikuntza klasikoak funtzionatu du oraingoz, baina noizbait iritsi beharko da hazkundearen suspertzea, eta oraindik horren zantzu gutxi daude.
Ildo horretan, aurtengo sojaren eta abarren uzta iazkoa baino hobea izan arren —2023koa oso txarra izan zen lehorte handi batengatik—, herrialdeak arazoak ditu erreserbak biltzeko, nahiz eta 9.500 milioi dolar handitu diren gobernua aldatu zenetik. Eta urtearen bigarren erdialdean ez da uztarik izango, ez eta hortik eratorritako diru sarrerarik ere.
Pesoa
Pesoaren trukea ere arazoa da, inflazioak gainditu egin duelako gobernuak hilabetero ezarritako %2ko debaluazioa, eta pesoaren gehiegizko balioak berak esportazioak eta inbertsioak oztopatzen dituelako. NDFk, beste laguntza pakete baten truke, dibisen gaineko kontrolak kentzeko eskatu dio Mileiri, baina zaila da neurtzen zein izan daitezkeen beste debaluazio sakon baten ondorioak.
Eta berriz inflazioa handitzen hasten bada, adibidez, subsidio batzuk ezabatzean? Motozerrak ere bere mugak ditu?
Dena den, galdera nagusia da ea argentinarrek noiz arte pentsatuko duten sakrifizioak merezi duela. Ze, Argentinako etxe askotan urteak daramatzate derrigorrean Ekonomiako Nobel sari batek adina kontu egiten.