Nafarroako industriaren aldeko manifestazioa egingo dute gaur eguerdian, Iruñeko Golem zinema aretoetatik hasita. Deitzaileen artean Nafarroako zazpi enpresa batzordetako ordezkari sindikalak daude, hala nola BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetakoak. Konpainia guztien egoera ez da berdina, baina guztiek partekatzen dute zerbait: egoera zail batean daudela, alegia. Azken mende erdian industriak pisu ekonomiko handia izan du Nafarroan, baina hori arriskuan egon litekeela ohartarazi nahi izan dute, eta hortxe galdera: ba al da larritzeko arrazoirik, ala salbuespen bat besterik ez al dira kasuok?
Itxuraz, datu makroekonomiko sendoak ditu sektoreak Nafarroan. Azken datuen arabera, barne produktu gordinaren %31 inguru dagokio industriari. Goranzko joera argia izan du azken sei urteetan, hiru puntu egin baitu gora. Pandemia eta inflazio handiko garaia tartean izanik, datu esanguratsua da. Enpleguari dagokionez, inoizko markarik handienak erdietsi ditu. Gizarte Segurantzaren arabera, 72.200 laguni ematen die lana.
Une honetan, industriaren egoera sendoa ez da finkoa, eta aldatzen ari da. Iragana ez da adierazle egokia. Iraganeko arrakastak ez baitu ziurtatzen etorkizunekoa
Datu horiek gorabehera, ordea, ahulgune batzuk antzematen dira. Kasurako, Hego Euskal Herriko beste lurraldeen aldean, Nafarroako industriak menpekotasun handiagoa du multinazionalekiko. Izan ere, 135 multinazionalek sektorearen erdia kontrolatzen dute gutxi gorabehera, eta, erabakiguneak Nafarroatik at daudenez, baliteke errazagoa izatea deslokalizaziora jotzea edo, egoerak okerrera egiten badu, neurri drastikoak hartzea. Horren adibide argiena da BSH. Alemaniako zuzendaritzako kide bat bidali zuten Ezkirotzera abenduan, ekainean lantokia itxiko zutela zioen komunikatu bat irakurtzera, aurretiaz inolako abisurik eman gabe. Poloniako eta Turkiako lantokiek hartuko dute beren gain Ezkirozko produkzioa.
Egoera partikularrak
Zenbateraino, baina, larritu beharko lukete egoera txarrean diren beste enpresek? Ez dago zehatz esaterik. Asteon bertan, Tuterako Nano Automotivek gutun baten eta telefono dei baten bidez iragarri die itxiera langileei. Haien ustez, enpresa gaizki kudeatu dutelako itxi beharko dute. 2011n Koreako KPFk bereganatu zuen, eta, harrezkeroztik, inbertsio falta handia izan da. Altsasuko Sunsundeguin, berriz, erabakiguneak Nafarroan bertan zeuden, eta enpresak etorkizun ona zuen Volvoren kontratuari esker, baina ez dute ondo kudeatu, eta horrek eragotzi egin du egiturazko arazoak konpontzea; egun, hartzekodunen konkurtsoan dago.
Alabaina, adibide zehatzak ez dira nahikoak dena azaltzeko. Nafarroako Gobernuaren arabera, datozen urteetan 1.500 milioi euro inbertituko dituzte enpresek industrian. Alta, inbertsioek ez dute etorkizuna bermatuko. Horren adibide: autogintza. Nafarroako Volkswagenek auto elektrikoen aldeko apustua egin du, eta eraldaketa horri aurre egiteko trantsizio betean da fabrika aurten. Guztia egin ondoren, ikusteko dago zer gertatuko den merkatuan, eta zer eragin izango duen Txinako enpresen lehiak.

Horri buruz asko dakite sektore eolikoan eta fotovoltaikoan. Nahiz eta energia berriztagarrien aldeko bultzada handia den, aerosorgailuen eta plaka fotovoltaikoen ekoizleak kinka larrian dira aspaldi honetan. Iaz bezala, Mikel Irujo Industria kontseilariak neurriak hartzeko eskatu dio Europako Batzordeari alorreko enpresen izenean, sektorea eta sektorearen hornidura katea estrategikoki babes ditzan. Izan ere, industria arriskuan jar dezaketen faktore nagusiak Europa mailakoak dira; Donald Trumpen merkataritza politikak, esaterako, edo Txinaren lehia, desleiala baita zenbaitetan.
Adi, beraz: une honetan, industriaren egoera sendoa ez da finkoa, eta aldatzen ari da. Nafarroako Gobernuan lege bat lantzen ari dira oraingo erronkei hobeki aurre egiteko, baina araudi soil batek ezin ditzake arazo guztiak konpondu, eta iragana ez da adierazle egokia. Iraganeko arrakastak ez baitu ziurtatzen etorkizunekoa. Ohartarazpen horrek indar handia izango du gaurko manifestazioan.