Aitor Aranburu.
Europako Banku Zentrala. Tasa negatiboak. IRITZIA

Draghiren azken bala

2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Beste behin, espero zen baino urrunago joan da EBZ, egoera pattal ikusten duenaren seinale. Aurretik abian jarritako neurrietan sakondu du, eta berri bat indarrean jarri: enpresa pribatuen zorra erosten hasteakaldaketa sakona da, praktikan, enpresa pribatuei maileguak ematen hastea dakarrelako.

EBZ bere azken bala erabiltzen hasi da. Urtebete da bonuak modu masiboan erosten hasi zela. Hasieran, hilean 50.000 milioi ziren, eta, aurrerantzean, 80.000 milioi izango dira. Baina zer zentzu du ekonomian diru gehiago sartzea, bankuek diru berri horretatik 500.000 EBZn bertan aparkatuak badituzte?

Onartu beharra dago jarrera zuhurregia alde batera utzi eta ezohiko tresnak erabiltzea iraultza izan zela EBZren mentalitate germanikoan. Baina urtebete pasatu da eta egoerak, hobera egin beharrean, okerrera egin du. Neurri gehiago martxan jartzeak balioko al du egoerari buelta eman eta inflazio tasa %2ra hurbiltzeko? Nik ezetz diot.

EBZren politikaren eragin nagusia euroaren ahultzea izan da, esportazioen mesedetan. Baina, gaur egun, herrialde asko daude murgildurik dibisa gerra batean, eta euroa beherago ikustea ez da batere erraza. Bestalde, diru gehiago jaulkitzeak ez du eragin handirik izango kredituaren gorakadan, orain arteko dinamikek —zorra kentzea da familia eta enpresa gehienen lehentasuna— bertan jarraitzen baitute. Aldiz, likidezia andana horrek finantza merkatuen desegonkortasuna areagotzen lagunduko dute.

Azken neurriekin, EBZk erakutsi du egoeraren larritasunaren jabe dela, eta aldaketen aurrean azkar erreakzionatzeko gai dela. Baina, aurrekoak bezala, azken bala ere antzua izango den susmoa dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.