Aitor Aranburu.
IRITZIA

Draghiren asmoak betetzen ari dira

2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
EBZ zor publikoaren erosketekin hasi zela hilabete bete berri den honetan, bere eraginak nahiko garbi ikusten ari dira. Espero bezala, euroaren balioa amiltzen ari da. Dolarraren aurrean 1,1575ean zegoen urtarrilaren 21ean, erosketak egiten hasiko zirela azaldu zuten bileraren bezperan. Gaur 1,06 azpitik dago; hau da, bere balioaren %8 baino gehiago galdu du. Yenaren aurrean %6 murriztu du bere balioa eta %5 liberaren aurrean. Hiru hilabete eskasetan bere balioa horren azkar jaistearen eraginak gutxika-gutxika nabarmentzen ari dira ekonomiaren hobekuntzan. Azken finean monetaren debaluazioa atzeko atetik egiteko modu bat besterik ez da.

Beste ondorio nabari bat da gobernuek askoz gutxiago ordaindu behar dutela beren zorraren truke. Horrela, urtarrilaren 21ean Espainiako Gobernuak jaulkiriko bonuek hamar urteko epean %1,63 ordaintzen bazieten haien erosleei, gaur %1,26 ordaintzen dute; Italiarenak %1,75etik %1,26ra jaitsi dira, eta Portugalekjaso du hobekuntza handiena: %2,76tik %1,69ra. Jaitsiera horipolitika fiskal hedakorragoak bultzatzeko baliatu beharko lukete gobernuek, baina ez dirudi politikarien asmoa hori denik.

Euriborra ere poliki-poliki jaisten doa. Aipatutako epealdian%0,28tik %0,18ra pasatu da, eta bere helmuga zeroan edo beherago egon liteke. Izan ere, hilabete bat eta bi hilabeterako Euriborraren erreferentziak jada alde negatiboan kokatzen dira.

Zor erosketa masiboek finantza sisteman dagoen likidezia soberakina areagotu dute, 263.000 milioira iristeraino. Horrek, azkenean, eragin du bankuak geroz eta errazago ematea maileguak. Hala dio, behintzat, atzo EBZk bankuei galdetuta egindako txostenak. Hala ere, EBZren helburu nagusia den kredituaren gorakada eta horrek ekarri behar duen inflazio tasen errekuperazioa oraindik urrun daudela dirudi. Kreditu merkeagoa izan arren haren eskaria baxua baita, txostenak berak aitortzen duenez.

EBZren planak badu beste ondorio bat: finantza errepresioa areagotzen dute. Alegia, aurreztaile txikiei geroz eta zailago egiten ari zaie errentagarritasun nahiko bat lortzea beraien gordailuekin, eta etekin handiagoa nahi dutenek arrisku handiagoak hartzeko beste modurik ez dute. Oraindik bankuek kontu korrontean dirua izateagatik ez dute kobratzen, baina egoera honek luzean jarraitzen badu, nork daki ez ote duten ordaindu behar izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.