Irune Lasa.
GEURE KONTU

Diruzalekeria eta inflazioa

2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Zerk eragiten du inflazioa? Badu mamia galderak, prezioen goraldiari eutsi nahian EBZ Europako Banku Zentralak asmoa baitu interes tasak igotzen jarraitzeko. Berez, tasen igoerak ekonomia hoztea du xede, likidezia eta kreditua murriztu, eta, ondorioz, eskaria apalduz prezioen igoera neurrira ekartzeko.

Baina zer gertatzen da prezioen igoeraren erantzule nagusia eskaintzaren aldean badago? Orduan, zenbateraino da eraginkorra tasak igotzea, eta, hala, atzeraldi bat eragin eta langabezia handitzea?

Eskaintzaren aldetik, kostuen igoerak eragin dezake inflazioa; eta hor zalantza gutxi daude: bai COVID-19aren osteko lehengaien eta inportazioen buxadurak bai Ukrainako Gerragatik izandako energiaren garestitzeak enpresen kostuak handitzea ekarri zuten, enpresek euren prezioetara pasatu zuten igoera, eta, hortik, inflazioa etorri zen.

Baina askatu zen buxadura, merkatu dira lehengaiak, merkatu da energia, eta inflazioa apenas moteldu da eurogunean. Egia da behin prezioak garestituta hainbat sektoretan zaila dela —edo ezinezkoa— haiek apaltzea; ez da erraza kafe baten prezioa jaisten ikustea. Baina inflazioa asko luzatzen ari da.

Eskariaren aldera begira, pandemiako itxialdi eta murrizketekin aurreztutako dirua hor zegoen, eta hor dago oraindik, nahiz eta inflazioak berak jada eraman duen diru horren zati handi bat familien poltsikoetatik. Baina horrek eragin al dezake prezio ia guztiak hainbeste garestitzea?

Eskaria ez bada erantzulea, atzera eskaintzari begiratu behar. Behin lehengaiengatik edota energiaren eraginez handitutako kostuak baztertuta —esandakoa, hori igaro zen—, baliteke soldatak izatea enpresei kostuak handitu eta oraindik prezioak igoarazten dituztenak? Bada, ez; esan daiteke soldatak jaitsi egin direla. NDF Nazioarteko Diru Funtsak berak eman du datua: urteko lehen hiruhilekoan, enpresen etekinak, inflaziora doituak, pandemia aurrekoak baino %1 handiagoak ziren eurogunean. Soldatak —horiek ere inflaziora doituak—, aldiz, pandemia aurrekoetatik behera zeuden, %2, inflazioak erosahalmena apaltzen baitu, hain zuzen.

Irabazi marjinak

Eta hor dago datua, irabazi marjinetan. Ekonomista, analista eta erakunde gehienen artean adostasuna zabala da: inflazioa oraingoan eskaintzaren aldetik datorrela diote. Enpresak izan dira eta dira hilabeteotako inflazioaren eragile nagusiak, etekinak handituz prezioak igo dituztelako.

Iritzi eskuzabalenen arabera, batetik, enpresa handi gutxi batzuek baino ez dute egin hori, eta sektore gutxi batzuetan soilik gertatu da; energiarenean, kasurako; bestetik, aldakortasun handiko garaietan arriskuak murrizteko estrategiarekin lotu daitezke marjinak igotzeko joerak; zuhurtasuna da, ez xuhurkeria.

Begirada eskuzabalarekin jarraituz, zenbaiten ustez marjinen eta soldaten arteko aldea esplikatzen du enpresek gaitasun handiagoa izateak inflaziora bizkorrago egokitzeko soldatek baino. Soldatak eguneratzeko denbora gehiago behar delako, negoziazioak aldian behin egiten direlako. Hots, etekinen eta soldaten arteko tartea murriztea denbora kontua litzateke.

Baina begirada zorrotzagoek —Isabella Weber ekonomista aitzindari izanik— diote kostuena aitzakia dela. Merkatuan boterea duten enpresek, hots, prezioak igotzeko aukera handiagoa duten enpresa handi eta ez horren handiek, abagunea baliatu dutela irabaziak handitzeko, eta hasierako kostuen shocka zuzenean kontsumitzaileei pasatzeko. Handitu dira irabaziak, eta handitu dira dibidenduak.

Greedflation (diruzalekeriaren inflazioa) terminoak denbora darama egunkari ekonomikoetako iritzi artikuluetan, baina inflazioa enpresen etekinekin eta irabazi marjinekin lotzen aritu da Christine Lagarde EBZko presidentea ere. Lagardek martxoan jada ohartarazi zuen enpresek beren kargaren partea hartu behar zutela sasi-zerga bat den inflazioarekin.

Martxotik, baina, gauzak gutxi aldatu dira. Aste honetan berretsi du NDFk azken bi urteetako inflazioaren erdia enpresen etekinetatik etorri dela. EBZk beste datu bat eman du BPGaren deflatorearen inguruan: ondasun eta zerbitzu guztien prezio aldaketak neurtzen dituen indizeak azken hiru hiruhilekoetan izandako hazkundearen bi herenak irabazietatik etorri dira, nahiz eta azken 20 urteetan etekinen ekarpena herena izan zen .

Diruzalekeria da, espekulazioa, edo sinpleki kapitalismoa, bere onenean? Eztabaida hor dago. Eta, horiek horrela, zer-eta soldatak dira banku zentralen kezka orain. Inflazioaren bigarren itzuliaren beldur dira, soldaten igoera datorrelako.

Zer egin

2025era artean soldatak %14 igoko direla espero du EBZk. Soldatak igotzeak kostuak handitzea esan nahi du, eta baliteke horrek inflazioa areagotzea. Halere, Lagarde ez dago soldatak igotzearen kontra. «Ziurtatu behar dugu konpainiek irentsiko dutela lan kostuen igoera. Hala joango gara desinflaziorantz, soldatek galdutakoaren zati bat berreskuratzen duten bitartean».

Baina Fabio Panetta EBZko kideak aitortu du banku zentralek, eskaintzaren aldetik sustatutako inflazioarekin, ezer gutxi egin dezaketela horretan, diru politikek soilik eskarian baitute eragina. Beraz, inflazioa apaltzeko, nork behartuko ditu enpresak etekinak murriztera? EBZk ezin du.

Hori kontuan hartuta, Weberrek inflazioa beheratzeko eta kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk proposatu zituen 2022. urtearen hasieran, tartean prezioak kontrolatzeko neurri estrategikoak. Sekulakoak eta bi entzun zituen, baina badirudi denborak arrazoia eman diola, energiaren eta garraio prezioen gaineko neurriek eutsi egin baitiote inflazioari, adibidez Espainian.

Hori bai, bitartean, enpresa batzuk eta haien akziodunak dirutza ari dira irabazten oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500