Aste honetan Laudioko Glavistako langileek mezu etsi bat bidali diote Eusko Jaurlaritzari: enpresaren akzioak erosteko eta haren kontrola hartzeko eskatu diote. 240 langileren geroa dago jokoan, eta azken ahalegintzat jo daiteke deia.
Kasuak berezitasun eta zailtasun propioak ditu, baina antzekotasunak ere bai beste batzuekin. 2020an, aurreko jabeak, AEBetako Guardian multinazionalak, Suitzako Parter Capital funtsari saldu zion lantegia. Halakoetan ohi denez, bi aukera zituen: enpresa biziberritzea ala hiltzen uztea. Eta bigarrena aukeratu zuen. Hori da putre funtsen bereizgarria.
Baina badira bestela jokatzen dutenak ere. Azken urteetan, kanpoko kapital funtsen esku geratu diren enpresen zerrenda handitu da: Euskaltel, ITP, Aernnova, Solarpack, Uvesco —BM eta Super Amara saltokiak—... Oro har, ezin da esan, itxuraz behintzat, erabakitze guneak eraman dituztenik edo lanpostuak galdu direnik. Nahiz eta halakoetan beti azaltzen den hori gertatuko den mamua. Hitz batean: deserrotzea.
Aurrerantzean ere industria sustraitu bat izateko, beharrezkoa izango da finantza sistema sustraitu bat.
Finantza erakunde horien aritzeko moduari erreparatuz gero, ez litzateke harritzekoa hori gertatzea. Lauzpabost urte egoten dira administrazio kontseiluetan, eta gainbalioa lortzen dutenean, ospa egiten dute. Urte batzuk pasatu dira Euskal Herriko enpresa estrategiko batzuetan sartu zirenetik, eta orain kezka da gutxi barru horiekin zer gertatuko den.
Oinarrian, kanpoko funtsak etortzeak gabezia bat erakusten du: bertako inbertitzaileen falta. Orkestra lehiakortasunerako institutuak ohartarazia du: finantzaketa lortzeko orduan euskal enpresak bankuen oso menpekoak dira, eta kapitala handitu eta horren bila ateratzen direnean zailtasun handiak izaten dituzte. Arazoa bereziki larria da familia enpresen kasuan. Horietan ere erreleboa falta da.
Poltsaren tamaina
Maiz gatazka politikoarekin lotu izan da kultura inbertitzailearen gabezia. Baina inor gutxik ukatzen du atzerriko funts horiek sartzeko arrazoi nagusietako bat aurrezki kutxak desagertzea izan zela, eta, batez ere, Europako Banku Zentralak bankuek enpresetan zuten partaidetza mugatu izana.
Horiek hala, gaur egun, kanpoko funtsen ondoren, Jaurlaritza bihurtu da inbertitzaile nagusia: 400 milioi eurorekin. Bi tresna ditu horretarako: bata, SPRIren Arrisku Kapitala (100 milioi) eta, bestea, 2020an martxan jarritako Finkatuz funtsa (300 milioi). Nagusiki teknologia eta energia alorretako tamaina ertain eta txikiko ehun bat enpresatan ditu akzioak, eta hiru handitan: ITP, CAF eta Kaiku. Nafarroako Gobernuak, berriz, Sodenaren bitartez egiten du hori.
Biek beren diruaren zati bat bertako funtsa pribatutan ere badaukate. Adibidez, Artizarra fundazioaren Stellum Capitalen —horko kide dira Teresa Madariaga Ingeteameko presidentea, Jose Galindez Euskal Enpresarien Zirkuluko burua eta Solarpackeko presidente ohia, eta Ignacio Martin Gamesako presidente ohia—. Funts bakoitzak bere berezitasun eta jardun esparruak dauzka. Beteranoena Talde da: horren buruan dago Jose Maria Zalbidegoitia EAJren EBBko kide ohia eta Merkataritza sailburuorde izandakoa. Beste bat All Iron da, Athleticeko presidente Jon Uriartek sortutakoa. Berrien artean Mirai dago, Sidenorreko presidente Jose Antonio Jainagarena. Eta duela aste batzuk, Bidegiñ aurkeztu zuten, Kutxabankek eta Elkargik osatutakoa. Denen artean 1.000 milioi inguruko poltsa bat dute. Kopuru oso txikia da kanpoko funtsek egindako inbertsioekin konparatuta, baina kontuan hartzeko modukoa.
Badago zaku handiagoa bat, BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeena, 27.000 milioirena. Askok dute begiz joa, baita Jaurlaritzak ere, eta araudi berri bat prestatzen ari da haien inbertsio gaitasuna alor gehiagotara zabaltzeko, Eskozia, Norvegia eta Kanadako pentsioen funtsen antzera.
Erronka ez da makala. Kanpoko funtsen itzal luzeak eta garrek kultura aldaketa bat ekarri dute, eta, proposamenak gorabehera, ideia bat errotu da sektore ugaritan: aurrerantzean ere industria sustraitu bat izateko beharrezkoa izango dela finantza sistema sustraitu bat.