Bridgestonek Basauriko plantako 335 langile kaleratzeko asmoa du

Erregulazio txosten bat aurkeztuko du, eta langileen %40ei eragingo dio. Ekoizpenean izandako jaitsiera handia erabili du argudiotzat. Langileek greba deialdia egin dute.

Kamioi bat Bridgestonek Basaurin duen plantatik irteten. JUAN HERRERO / EFE
Kamioi bat Bridgestonek Basaurin duen plantatik irteten. JUAN HERRERO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko apirilaren 1a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Autogintzaren krisiak beste kolpe handi bat eman dio Euskal Herriko industria ehunari. Bridgestone Japoniako pneumatiko konpainiak Basauriko plantatik 335 langile kaleratzeko asmoa duela esan dio langile batzordeari. Ekoizpena asko jaitsi da azken bi urteetan, eta erregulazio txosten bat egin nahi du; erregulazio txosten horrek langileen %40ei eragingo die —831 behargin ditu—. Langileek greba deialdia egin dute dagoeneko. Neurriak ez dio eragingo Usansolon (Bizkaia) duen lantegiari.

335 kaleratze Basaurin eta 211 Puente San Miguelen (Kantabria, Espainia) duen plantan, hori da Bridgestone Hispania Manufacturing konpainiak ezagutarazi duen erabaki drastikoa. Langileek urtebete baino gehiago egin dute aldi baterako lan erregulazioan, eta haren amaieran erabaki gogorrago bat espero zuten sindikatuek. Mobilizazioak egiten hasiak ziren, baina guraizekada espero baino handiagoa izan da. Hala azaldu du Igor Mena (CCOO) langile batzordeko buruak: «Kolpe latza izan da, eta ezustekoa. Enpresak, gainera, ez du etorkizunerako inolako planik aurkeztu».

Langileek urtebete egin dute aldi baterako lan erregulazioan. Usansoloko lantegiari ez dio eragingo, baina konpainiak beste 211 langile kaleratuko ditu Espainiako planta batean.

Konpainiak ohar bidez azaldu duenez, salmentak asko murriztu dira «ingurune makroekonomiko makur baten, inflazioaren, ziurgabetasunaren eta arau aldaketen eraginez». Gaineratu du merkatuaren egoera txarrak eta Europatik kanpoko ekoizleen lehiak lantaldearen doikuntza egitera behartzen duela, eta prozesua «errespetuz eta erantzukizunez» egin nahi duela, «langileen ordezkariekin elkarlanean».

Sindikatuak —CCOOk zortzi ordezkari ditu; UGTk, zazpi; BUBek, lau; eta ELAk, bi—, baina, ez datoz bat, eta zuzendaritzaren «ganora faltari» egozten diote egoera. Are gehiago, salatu dute Bridgestonek Europa osoan dituela arazoak eta bi planta horietan baino ez dituela iragarri neurriak. Halaber, «fede txarrez» jokatzea egotzi diote, eta salatu dute bi plantetako zuzendaritzek multinazionalaren diskurtsoa onartu dutela, eta erabaki hauek bi mugarri izango direla bi lantegiak lanez husteko bidean. Gauzak horrela, dagoeneko greba deialdia erregistratu dute Bridgestonek Euskal Herrian eta Espainian dituen lau plantetan. 

Iragarpen txarra

Sindikatuekin izandako azken bileretan, enpresak jakinarazi zien iragarpena ez zela ona, eta 2026an iaz baino %25 gutxiago saltzea espero zuela, kamioientzako pneumatikoei dagokienez; traktoreetakoetan antzera ibiliko direla aurreikusi zuten. Basaurin pneumatiko handiak ekoizten dituzte, eta sindikatuek eginiko beste kritika bat zera da, haien merkatuaren inguruko ondorioak goizegi atera dituela Bridgestonek. Autoentzako pneumatikorik ez dute ekoizten; horiek Usansolon egiten dituzte.

Enpresaren datuen arabera, iaz salmentek %58 egin zuten behera, eta aurtengo urtarrilean iazkoaren erdia baino gutxiago fakturatu du.

Arrazoiak arrazoi, 2024 oso urte txarra izan zen Basauriko lantegian, enpresaren datuen arabera bai behintzat. Izan ere, salmentek %58ko jaitsiera izan zuten 2023koekin alderatuta: 2023an 183.152 tona saldu zituzten, eta iaz, 77.633 tona; hots, 2023an 841 milioi euro fakturatu zituzten, eta iaz, 351 milioi euro.

Eta aurten? Nola hasi da urtea? Bada, gaizki. Urtarrilean 5.584 tona pneumatiko atera ziren Basauritik; 25,6 milioi euroren balioa zuten. 2024ko urtarrilean, berriz, 14.113 tona atera ziren —64 milioi euroren balioa—, eta 2023koan, 15.986 tona atera ziren —69,5 milioi euroren balioa—. Hau da, bi urtean salmentak bi heren murriztu dira. Dena den, ELA sindikatuak ohar bidez gogoratu duenez, enpresak irabazi handiak izan zituen 2021. eta 2023. urteen artean.

Albisteak ezustean harrapatu du Eusko Jaurlaritza, baina Maria Ubarretxenak baieztatu du Industria saila dagoeneko harremanetan jarria dela plantako zuzendariekin eta langileen ordezkariekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.