Ordulariaren alarmarekin esnatu ondoren, komuneko itzulia egin, eta kafea egin bitartean telefonoari lehen begirada eman. Begiak pantailatik altxatu gabe, eguneko eguraldiaren iragarpena bilatu, geroago bezeroekin egin beharreko bilerara joateko bidea mapan errepasatu, aparkalekua ordaintzeko aplikazioa deskargatu, bikotekidearen urtebetetze oparirako ideiak arakatu, eta bezperan zintzilik geratutako ordainketa egin. Kontu fisiologikoak alde batera utzita, hamar minutu eskasean egindako guztia konpainia baten bitartez egin daiteke, eta egin egiten da, Googleren bitartez. Gehiegitxo dela uste dutenen taldera batu da orain AEBetako Gobernua.
Europako Batzordea izan da orain arte Googleren nagusitasuna auzitan gehien jarri duen erakundea. Zenbakaitzak dira Bruselak lehia librea desitxuratzeagatik Kaliforniako konpainiaren aurka zabaldutako ikerketak, eta garaile irten da batzuetan, eta galtzaile beste batzuetan. Baina EB baino urrutiago joateko urratsak egin ditu aste honetan AEBetako Gobernuak, Google zatitzeko aukera jarri baitu mahai gainean.
Duela lau urte zabaldu zuen Googleren aurkako auzia AEBetako Justizia Departamentuak, Donald Trump presidente zela, eta joan den abuztuan arrazoi eman zion Amit Mehta epaile federalak. Frogatutzat jo zuen Google enpresa monopolista bat dela eta Chrome nabigatzailea, Play Store aplikazio denda eta Android sakelako telefonoen sistema eragilea erabiltzen dituela bere bilatzailea —eta diru iturri nagusia— hobesteko eta lehiakideak baztertzeko.
Halaber, kolokan dago auzibidea eragin zuen salaketa, hots, Googlek dirutza ordaintzen duela bere bilatzailea sustatzeko. 2022an Appleri 20.000 milioi dolar ordaindu zizkion Safari nabigatzailean Google bilatzaileari lehentasuna emateko. Mehta epailearen ebazpenak dio ordainketak jaso zituztela Mozilla nabigatzaileak, Samsung, Motorola eta Sony smartphone egileek, eta AEBetako hiru telefonia konpainia nagusiek (AT&T, Verizon eta T-Mobile).
Epaiaren arabera, ordainketa horiek erraztu dute Googleren bilatzailea gaur egun jaun eta jabe izatea. AEBetan, Interneten egiten diren bilaketen %90etan erabiltzen da, eta apurrak baizik ez zaizkie geratzen haren lehiakideei —gehien erabilietan bigarrenak, Microsoften Bingek, %6 baizik ez ditu egiten, eta are gutxiago hirugarrenak, Duck Duck Go-k—. Europan, Googlek debekatuta dauka Android telefonoetan Google lehenestea, baina, hala ere, hamarretik bederatzitan hura erabiltzen da. Horrek erakusten du arauek ez dutela higatu haren nagusitasuna eta oso zaila dela lehia berriro sortzea behin hautsi denean.
Aurrekariak
Asteartean, konponbide batzuk aipatu zituen Justizia Departamenduak, baina proposamen zehatzagoak azaroaren 20an egitekoa da. Abenduan, berriz, Googleren txanda izango da bere neurriak proposatzeko Mehta epaileari. Datorren urtean da azken epaia ematekoa, baina nekez itxiko du horrek auzia, Google prest baitago helegiteak aurkezteko; beharrezkoa badu, baita AEBetako Auzitegi Gorenean ere.
Denerako aurrekariak daude. XX. mendearen hasieran AEBetako Gobernuak Rockfeller familiaren Standard Oil zatikatzea lortu zuen, eta 1956an, berriz, Alexander Graham Bell telefonoaren asmatzaileak sortutako AT&T konpainiaren monopolioa hautsi zuen. Garai modernoagoetan, 2000. urtean, Microsoft zatitzeko agindua eman zuen justiziak, orduko hartan ere lehiakideak zapaltzeagatik, baina Bill Gatesen enpresak helegitea jarri zuen, eta irabazi egin zuen.
AEBetako Gobernuak iradokitako neurririk gogorrena da Google zatitzea eta, esaterako, Chrome nabigatzailea eta Android telefonoetako sistema eragilea enpresatik bereiztea. Ikusteko dago neurri horren eraginkortasuna, enpresa horiek erabaki baitezakete Google kontratatzea beren bilatzaile gisa eta, hortaz, monopolio erreala ez bailitzateke desagertuko. Gainera, teknologiaren mundua hankaz gora jar dezakeen beste eragin bat izan dezake: Android eta Chrome aurrerantzean doan ez izatea, eta horrek kostuak handitzea telefono, telebista eta beste gailuen egileei.
Beste aukera bat da Google behartzea bere bilatzailearen bitartez lortzen duen informazio guztia lehiakideekin partekatzera, hartara haien bilatzaileak hobetzeko. Googlek erantzun du puntu hori agian ez dela bat etorriko datuen babeserako AEBetako eta EBko legediekin eta, gainera, bere bilatzailearen formula sekretuak agerian utziko lituzkeela.
datuak
280.000Fakturazioa. Iaz, Googleren negozioak biltzen dituen konpainiak, Alphabetek, 280.000 milioi euroren fakturazioa egin zuen, Finlandiaren barne produktu gordina bezainbeste.
2Balioa, bilioi dolarretan. Alphabetek bi bilioi dolar balio ditu burtsan, Errusiaren ekonomia adina.
AEBetako auziak ondoriorik izan dezake adimen artifizialaren hedapenean ere. Bere bilatzaile boteretsuaren bitartez lortutako informazioari esker, adimen artifizialeko bere sistema elikatzen ari da etengabe Google, eta horrek abantaila ematen dio lehiakide askoren aurrean. Baina, hain zuzen ere, adimen artifizialaren arlotik datorkio Googleri bere nagusitasuna auzitan jar dezakeen lehia. Open AI enpresa, esaterako, bere bilatzailearen prototipoa garatzen ari da, Microsoften finantzaketak lagunduta; Applerekin ere akordioa lortu du, ChatGPT integratzeko Siri ahots bidezko laguntzailean.