Autoak, McDonald's-eko freskagarriak, hirien arteko distantziak, etxe orratzak, sabelaldeak... Jakina da AEBetan gauzak Europan baino handiagoak izan ohi direla, geografiak, ekonomiak eta soziologiak hala erabaki dutelako. Ezin da kasualitatea izan Make America Great Again leloko bisera gorrien arrakasta; handia izateko bokazioa nahiko zabaldua dago Atlantikoaren beste aldean.
AEBetan Europan baino handiagoak diren gauzen zerrendara beste bat gehitu du aste honetan Joe Biden AEBetako presidenteak: muga zergak. Erabaki du Txinako auto elektrikoen inportazio tarifak egungoak halako lau izatea,%100eraino. Hau da, norbaitek BYD edo MG elektriko bat erosiko balu, bi aldiz ordainduko lukeela. Eguzki panelen, altzairuaren eta produktu medikoen inportazio tarifak ere igo ditu Etxe Zuriko maizterrak.
Muga zerga berrien ondorio praktikoa ez da berehalakoan ikusiko, AEBek aipatutako produktu horietako gutxi inportatzen baititu. Auto txinatarrik ia batere ez du erosten, eta eguzki panelak batez ere Vietnamdik heltzen dira duela hamar urte Txinakoei muga zergak jarri zizkienetik.
Baterien sektorean, ordea, kaltea egingo luke orain inportazio tarifak asko handitzeak, eta horregatik Washingtonek salbuespen bat egin du, eta bi urte barru jarriko ditu indarrean. Keinu horrek erakusten du Bidenen benetako asmoa ez dela inportazio olde bat etetea, baizik eta gertatu aurretik geratzea. Ez du 1990eko hamarkadan egindako akatsa errepikatu nahi. Orduan ateak zabaldu zizkien Txinako inportazio merkeei, kontsumitzaileen onerako, baina industriako bi milioi lanpostu galdu zituen.
Muga zergen atzean dagoen ideia da denbora emango diela AEBetako enpresei energia berriztagarrien eta auto elektrikoen industria propio bat sortzeko. Bidenen gobernua milaka milioi dolar inbertitzen ari da IRA Inflation Reduction Acten bitartez herrialdea berrindustrializatzeko, eta ez du nahi Txinako industria izatea etekina ateratzen diona. Planetaren eta industriaren artean hautatu behar zuen Bidenek, eta industria hautatu du.
Ikusi gehiago
Mugimendu horrekin Bidenek nolabait arrazoia eman dio Donald Trumpi. Hark hasi zuen olatu protekzionista, Txinarekin lehenik eta EBrekin ondoren hasitako gerra komertzialekin. Baina bada aldea bien artean: Bidenek sektore jakin batzuei jarri dizkie trabak; Trumpek, berriz, ziurtatu du Etxe Zurira itzultzen bada %60ko muga zerga bat jarriko diela Txinako inportazio guztiei, eta %10ekoa mundu osokoei.
Europa, bere erritmoan
Europan, berriz, gauzak zailagoak dira, eta ez da soilik 27 gobernu izateak dakarren zatiketarengatik. AEBetako enpresek baino gehiago saltzen dute EBko enpresek Txinan, eta, hortaz, galtzeko gehiago daukate Pekinek ere muga zergekin erantzunez gero. 2023an, Eurostaten arabera, 202.600 milioi euroren esportazioak egin zituzten euroguneko enpresek Txinara, hau da, esportazio guztien %7,1.
Egia da inportazioak horren halako bi direla (421.000 milioi, edo %15,1), baina oraindik sektore batean EBk superabita dauka Txinarekin: autoetan. Zehatzago esateko, Alemanian egindako autoetan. Horregatik, ez da inoren harrigarri izan EBk muga zergak igotzearen aurkako kanpaina abiatu izana Mercedesek, Volkswagenek eta BMWk. «Ez dut muga zergetan sinisten. Denek baldintza berdinetan lehiatzea nahi dut», esan berri du Thomas Schaefer VW markako buruak. Merkataritza librearen aldarrikapen horren atzean dago VWek hiru autotik bat Txinan saltzen duela. Iaz, 2,28 milioi izan ziren, baina aspaldiko partez ez zen gehien saldu zena izan, BYD txinatarra baizik.
Aurki jakingo dute beren lobby lanak fruitua eman duen ala ez. Europako Batzordea irailean hasi zen ikertzen Txinak bere auto elektrikoen industriari emandako laguntzak, eta, informazio batzuen arabera, uda aurretik da bere epaia ematekoa. Txinako eguzki panelen eta haize erroten aurkako ikerketak zabaldu ditu orduz gero.