aitor biain

Berriz hasteko biziberritze bat

2024ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun

Eroski jada ez da lehengo bera; beste bat da, edo beste bat izan nahi du. Eta oinarriak jartzen hasia da horretarako. Hala aitortu du asteon Rosa Carabelek, Eroski taldeko kontseilari ordezkariak, kazetariekin egindako bilkura batean: «Eroski ezberdin bat gara orain». Izan ere, Mondragon taldeko banaketa taldearentzat iraganeko kontuak dira jada enpresaren geroa eta izaera bera arriskuan jarri zituzten ilbeltzak; eraldatu egin da, eta baikor begiratu nahi die hurrengo urteei.

«Eroski garai onean dago», Carabelen hitzetan. Eta ez da gutxi, arnasa baino gehiago hartu baitu Mondragon taldeko banaketa taldeak; biziberritu egin da. Negozioa emaitza onak ematen ari da azken urteetan —salmentak %6,3 hazi ziren, eta 109 milioi euroren irabazi zituen—, eta finantza egoera ere bideratzea lortu du taldeak, zorraren zama astuna gainetik kenduta —2.743 milioi euro itzuli dizkie banku hartzekodunei, eta horietatik 700 milioi iaz amortizatu zituen—.

Albiste ona da hori Euskal Herriko kooperatibarik handienarentzat, eta han lan egiten duten 27.000 langilerentzat. Ez baita samurra izan azken hamarkadan igaro duen kalbarioa. Garesti ordaindu du onbideratzea Eroskik, aktiboak salduz egin baitio aurre egoera horri, hein handi batean: merkataritza guneak konpetentziaren esku utzi ditu, eta negozio adarrak beste enpresa batzuei saldu dizkie. Taldeak negozioaren egitura nabarmen txikitu du, biziraupenaren eta eraginkortasunaren mesedetan.

Desinbertsioen aro hori dagoeneko amaitutzat eman du taldeak. Hori bera esan zuen 2017an ere, If lurrin denden katea Douglasen esku utzi zuenean, eta bi urte geroago Capraboren erdia Txekiar Errepublikako talde bati saldu zion. Iaz, berriz, Iberostarrek erosi zion Eroski Bidaiak. Beraz, ez litzateke harritzekoa izango beste operazioren bat egin behar izatea, aparteko diru sarrerak bilatzeko. Hain justu, Forum Sport kirol denda kateen salmenta posible baten zurrumurrua izan da azken urteetan, eta, taldeak salgai dioen kartela jarri ez badio ere, aitortu izan du bazkide baten beharra duela tamaina handitzen eta lehiakortasuna areagotzen laguntzeko.

Gauza bat baita aktibo gehiago galdu nahi ez izatea, eta beste bat, negozioaren errentagarritasunari aurre egin behar izatea. Ez alferrik, 671 milioi euro zor ditu oraindik Eroskik. Edonola ere, zorra tresna batean baino gehiagotan zatituta dauka egun, eta zatirik handiena —500 milioi euro— bonuetan du; zati txiki bat baino ez du bankuekin. Baina ez luke aparteko zailtasunik izan behar horri aurre egiteko, finean, bizirik irauteko partida gainditu baitu dagoeneko. Izan ere, urteko amaierarako zorra 1.200 milioi inguruan uztea jasotzen zuen aurreko planak, baina erdira murriztea lortu du urte hauetan.

Lehiakortasuna berreskuratu

Kontuak kontu, indar guztiak negozio arruntean jarri ditu taldeak: banaketarenean. Hori baita haren negozioaren oinarri nagusia. Eroskik behin eta berriz errepikatu baitu bere negozioa errentagarria dela, eta gai dela elikagaien merkatuan lehiakorra izateko. Elorrioko taldeak hurrengo hiru urteetarako ondu duen plan estrategikoak garbi islatzen du bi zutabe dituela ardatz 2024-2026ko aldirako: hazkundea eta errentagarritasuna.

Batetik, %4 igo nahi ditu salmentak urtero, fakturazio bolumena 6.600 milioiren langara iristeraino. Horretarako, oinarri izango da prezioetan lehiakorra izatea aurrerantzean ere. Eroskik badaki irabazi tarteak estutu beharko dituela horretarako. Bezeroak lehenetsi, mozkinen aurretik. Hala egin zuen iaz, eta hurrengo urteetan ere hala egin nahi duela iradoki du: 127 milioi euro inbertituko ditu prezioak «egokiak eta eskuragarriak» izan daitezen.

Baina merkatu kuota handitzea ere ezinbestekoa izango du Eroskik. Azken urteetako beheranzko joera etetea lortu badu ere, ia puntu bat galdu du 2020az geroztik, eta egun %12,8ko kuota du Euskal Herrian, Katalunian, Balearretan, Galizian eta Espainia iparraldean. Joera hori iraultzeko moduetako bat presentzia areagotzea da, hots, saltokiak irekitzea. Hori egingo du: 159 denda zabaldu gura ditu hurrengo hirurtekoan, eta 1.000 langile gehiago kontratatu. Horrez gain, beste 100 milioi euro inbertituko ditu teknologiaren garapenerako, ahalik eta errentagarritasunik handiena lortzeko. 

Plan anbiziotsua iragarri du horretarako Eroskik: 450 milioi euroko inbertsioa egingo du. Azken urteetako kopururik handiena da hori; aro berri baten adierazle nagusia. Amesgaiztoa hasi zenetik ia bi hamarkada igaro ostean, aldi berri bat hasiko baitu Eroskik. Biziberritzea berriz hastea bezala baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.