Endika Alabort Amundarain.
Eusko Lebebiltzarrerako hauteskundeak. ANALISIA

Berdina egitea atzera egitea da

2016ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gobernu batek egindako lana aztertzerakoan, kontu handiz ibili behar da. Proposamen argiak eta zehatzak ez dira oso arruntak eta betetze maila neurtzerako orduan, analisia zaila da.

2013ko apirilean, Euskal Autonomi Erkidegoaren gobernuak helburuak eta ildo estrategikoak zeintzuk ziren argitaratu zuen, 2012-2016ko Gobernu Programa-n laburtzen zena. Honen balorazioa Plan Estrategikoen balantzea izan zen. Hau aztertzea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa, argi ikusten baita eskaini nahi den irudia nahiko positiboa dela. Hau dela eta, gizarte politikak lantzen dituzten eragileen informazioarekin alderatzea beharrezkoa da.

Zer-nolako etorkizuna nahi dugun zehazteko, geure erreferentziak ere definitu behar ditugu: Estatu Espainiarrekin alderatzea edo hobeto bizi diren herrialdeekin (herrialde eskandinaviarrak, Herbehereak, eta abar). Hau kontuan hartuz, hurrengo lerroetan pobrezia, familia eta etxebizitza politiken inguruko laburpen bat duzue.

2015ean, Elkartzenek pobreziaren muga urtean 11.422 euroan zehaztu zuen; Eustaten arabera (2013), populazioaren %35,92k 9.000 euro baino gutxiagoko errentak zituzten. Horri aurre egiteko, Jaurlaritzak Gizarte Larrialdietarako Laguntzak moldatu zituen, baina ez da aski izan, batez ere betebeharreko baldintzek behartsua izatea exijitzen dutelako. Bestetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta moldatu da, haren kontrola eta erabiltzaileekiko eskakizunak handituz. Aldi berean lan baldintzak okerrera egin dute, prekaritatea (gazte aurpegiduna) orokortuz joan da, langile pobreen kopurua handituz. Hau dela eta, gizarte bazterketa ekiditeko erreminta (DSBE) ez da gai izan bere helburua betetzeko, alde batetik, lan merkatuaren aukerak murritzak eta prekarioak direlako eta, bestetik, beste politiken gabeziak gainditzeko erabiltzen baita (etxebizitzaren prezioak, langabezia saririk ezak, pentsio murritzak...). Beharrezkoa da, baina ongizatea eta gizarte kohesioa bultzatu nahi bada, etorkizun laburrean oinarrizko errenta unibertsalean edo enplegu-bermatuan helburua jarri beharko litzateke.

Familia politiken eremuan, sentsibilizazio programak eta zerga deskontuak izan dira neurri garrantzitsuenak. EAEn arazo demografikoa larria da eta beharrezkoak dira gainditzeko politika erabat ezberdinak, egindakoa oso murritza baita. Lan eta bizitzaren arteko kontziliazio parekidea bultzatzen dituzten neurriak martxan jartzea, beste herrialde arrakastatsuenen ereduak aztertuz, malgutasuna gurasoen esku utziz. Noski, genero ikuspegia kontuan hartuz, gizon eta emakumeen arteko parte hartze parekidea bultzatuz. Ereduak ugari dira: Suedia, Herbehereak....

Aurrekoekin lotura zuzena duena etxebizitza da; zenbait sustapen publiko egin dira, Alokabide programa, baina neurriak ez dira nahikoak izan. Azken finean, merkatu libreak ezartzen dituen prezioak ez dira guztiontzako eskuragarri, gazteek euren errentaren %62 erabili behar baitute bai alokairua bai hipoteka ordaintzeko.

Laburbilduz, Jaurlaritza berdin mantendu da, eta hori atzera egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.