Duela bi urte, euroguneak —Alemaniak?— izan balu Grezian piztu zen txinparta hura itzaltzeko zorroztasuna eta abilezia, ez geundeke gauden tokian; ez zuketen europarrek Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa bilioi bat eurora igo beharko. Ala bai? Kazetaritzak gertaeren gain ikuspuntu bat aukeratzearekin zerikusia duen bezala, gauza bera esan daiteke krisiari buruz. Foku guztiak Greziara zuzendu dira. Adur txarreko hegaztiak esan eta esan dabiltza euroaren eraginez mundu osoa kinka larrian dagoela. Euroa hondamenditik gertu izan bada ere, AEBetako Gobernuak presio egin dio Europari, eta irailean, Timothy Geithner AEBetako Altxorreko idazkariak, zor merkatuetako inbertitzaileen eledun bihurtuta, Europako gobernuei eskatu zien banka berkapitalizatzeko bi bilioira igo behar zuela EFSF funtsa. Zergatik bi bilioi? AEBen presio horrek susmoa pizten du, auzi honek guztiak interesen gatazkarekin zerikusia ere baduelako.
Hori izan da Europaren oker nagusia. Bi urteotan ez du ikuspuntu propiorik izan. Gertaeren atzetik joan da, kolpeei nola erantzun ez zekiela. Ematen du eurogunea esnatu dela azkenik. Lehen zantzua udako akordioetan ikusi zen, eta atzokoak berretsi du.
Alde batetik, Greziari ezinbesteko zuen arnasbidea eman zaio, eta hartzekodunek bere gain hartuko beharko dute zorraren erdia. Bestetik, kapital baldintzak zorroztu egingo zaizkie bankuei, eta, ondorioz, 108.000 milioi beharko dituzte hainbat bankuk. Asmoa da kapital gehigarria inbertitzaile pribatuen bidez lortzea, eta ez zergadunen bidez. Gainera, erabateko ziurtasuna emate aldera, bilioi bat eurora igoko da EFSF funtsa. Beharbada zalantza handiena da nola esku hartuko duten gobernuek kapital pribatua lortzen ez duten bankuen kasuan, argi baitago iritzi publikoak ez duela onartuko nola edo halako beste erreskate bat.
Dena den, Europak bere ahots propioa hartu du. Euroguneko desoreken zergatiaz jakitun, gobernantza ekonomiko eta fiskal baterako urrats gehiago egiteko prest daude gobernuak.
Bidean, arazoak ez dira faltako. Halere, bilioi bat euroko funtsa izateak balio behar luke merkatuei konfiantza sakratua igortzeko... baldin eta benetan zor subiranoa arazoaren muina bada. Izan ere, Dexiaren erreskate berriak erakutsi du 2008ko produktu toxikoek banku batzuren kontabilitatean jarraitzen dutela, eta hor daude ere adreiluarekiko arriskuak. Errua soilik euroari egotzi nahi diotenen aurrean, euroguneak sorburura jo du: bankara. Ikuspuntu kontua da.
Zorraren krisia. Europaren erantzuna. Analisia
Berandu bada ere, erreakzionatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu