Ainhoa Magrach (Berango, Bizkaia 1982), ospe handiko nazioarteko hainbat zentrotan egindako ibilbide baten ondoren, 2018tik BC3n ari da lanean, klima aldaketaren zioak eta eraginak aztertzen dituen bikaintasuneko zentroan. Beste ikerlari batzuekin batera, polinizatzaileei buruzko ikerketa batean parte hartu du.
Zein egitekoa dute polinizatzaileek eta zergatik dira hain garrantzitsuak?
Polinizatzaileak garrantzitsuak dira, haien jardueren menpe baitaude landareen %85: ugaltzeko eta, ondorioz, fruituak eta haziak lortzeko. Baina laboreak bereziki kontuan hartuta, polinizatzaile horien mende daude egunero kontsumitzen ditugun elikagaien laboreen %70 baino gehiago, zeinak erabiltzen diren zuzenean kontsumitzen diren fruituetarako edo hazietarako.
Gero eta polinizatzaile gutxiago dago, zergatik?
Polinizatzaileek lore dibertsitate handiko habitat bat behar dute inguruan, eta habiak egin ditzaketen lekuak. Horiek guztiak galtzen ari dira, hainbat faktore direla eta: batetik, habitat desberdinen galera dago; eta, bestetik, pestizida agrokimikoak erabiltzearen ondorioz, polinizatzaileak hil edo desagertu egin dira. Globalagoak diren beste faktore batzuk ere badaude: klima aldaketa, hain zuzen. Horregatik guztiagatik, polinizatzaileen populazioa gutxitu egin da.
Zein dira polinizatzaileak desagertzearen arriskuak?
Laboreen produktibitatea gutxitzea. Polinizatzaileak ordezkatzeko zenbait metodo erabiltzen ari dira gaur egun. Nekazariek ezti erleen erlauntzak erosi eta soroetan jartzen dituzte polinizazioa gertatzeko. Baina, ikerketa batzuetan frogatu dutenez, ezti erleak soilik erabilita, polinizatzaile mota bakarra izanda, ezin dira bete espezie basatiek egiten dituzten funtzio guztiak. Izan ere, polinizatzaile espezie asko daude; tamaina ezberdinekoak dira, garai ezberdinetan agertzen dira, eta modu ezberdinetan polinizatzen dute. Beraz, ezti erleek ezin dituzte haiek guztiak ordezkatu. Horregatik, elikagaien produktibitatea gutxitu egin da.
Polinizatzaile anitz daude eta ez gara horretaz jabetu.
Polinizatzaileetan pentsatzen jartzen garenean, ezti erlea etortzen zaigu gogora beti; erlauntzengatik eta eztiarengatik. Gainera, denek ikusi dugu noizbait espezie hori, eta ezaguna egiten zaigu. Baina, erleetan soilik pentsatzen badugu, 20.000 erle espezie daude, eta, horiez gainera, polinizazio prozesu hori egiten duten beste hainbat intsektu daude: euliak, kakalardoak, tximeletak… Denak garrantzitsuak dira; izan ere, horietako bakoitza modu ezberdin batean sartzen da lorean, eta jasotako polena leku ezberdin batean uzten du. Beraz, ezin dira bata bestearekin ordezkatu. Kasu askotan, landare batzuk polinizatzaile mota jakin batekin bakarrik ugaldu daitezke.
Zeintzuk izan dira polinizatzaileei buruzko ikerketako aurkikuntzarik deigarrienak?
Ondorioztatu dugu oso gutxi aztertu dela polinizazioa nola murriztu den laborantzan, eta munduko eskualdeetan oso presente dagoen zerbait dela. Ekoizpenerako polinizatzaileak behar dituzten laborantza askotan egin dugu azterketa, eta baita hasiera batean polinizatzaileen hain mendekoak ez diren laboreetan ere. Ekoizten diren produktu gehienak polinizatzaileen menpe daude, baina geroz eta gutxiago daude. Horrek eragin handia izan du, adibidez, kafean.
Zer egin dezakete nekazariek polinizatzaileen populazioa handitzen laguntzeko?
Askotan, hobe da ezer ez egitea. Landu gabeko eremuak utzi behar dira, lore espezie basatiak modu naturalean hazteko; hala, habitata mantendu egingo da. Horrek bide emango dio polinizatzaile gehienen populazioa berreskuratzeari. Belar txarrak loreak dituzten landareak dira, eta horiek ere baliabide garrantzitsuak dira. Gainera, ezinbestekoa da polinizatzaileek habiak egiteko gune bat izatea. Ukitu gabeko lursailak. Ezti erleak soilik ditugu gogoan, baina beste polinizatzaile mota batzuek lurrean edo egur zatietan jartzen dituzte habiak. Beraz, eremu desberdinak izan behar dituzte eskura. Horretaz gainera, nekazariek agrokimikoak murriztu beharko lituzkete.
Eta herritarrek?
Frantzian, adibidez, zigilu bat ezarri dute, adierazteko haien laborantzako ekoizpenak polinizatzaileak errespetatzen zituen labore batetik sortuak zirela. Erosten ditugun produktuen jatorriaz kontziente izan behar dugu, eta horrek gure inguruan duen eraginari buruzko informazio gehiago izaten saiatu behar dugu.