GEURE KONTU

Behin-behinekoa ala egiturazkoa?

Kaleratu nahi zituzten ITP Aero Castingeko bi langile elkar besarkatzen. M. D. V. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
EAEko Auzitegi Nagusiko gizarte arloko salak argudio kontrajarri batzuk dituzten bi ebazpen eman ditu astebeteko epean. Jakina da epaiketa guztiak direla ezberdinak, eta auzi guztiek dituztela ñabardura propioak, baina, apirilaren 27tik maiatzaren 4rako tartean, aeronautika sektoreak bizi duen krisiak egiturazkoa izateari utzi dio, eta behin-behinekoa bihurtu da. Edo, beste modu batera esanda, Aernnova Aeroestructuras Alavako eta ITP Aero Castingeneko erregulazio espedienteei jarritako salaketen ebazpenen arteko tartean. Aurrenekoan, 82 kaleratzeak bidezkoak zirela ebatzi zuten; bigarrenean, aldiz, erregulazioa indargabetu zuten, eta, ondorioz, 87 kaleratuak enpresara itzuliko dira. Zehatzak izanda, ez dira aeronautikan eginiko kaleratzeen inguruko bi ebazpen bakarrak, martxoaren 3an auzitegi berak indargabetu egin baitzuen Jesda aeronautikarako lanabesak egiten dituen enpresak langile bat kaleratzeko erabakia.

Aernnova eta ITP Castingen egoera ekonomikoa ez zen berdina, baina deigarria da kasu bakoitzean epaileek zer argazki egiten dioten sektoreari. Aernnovakoan diote erregulazioaren arrazoia, «frogatua gelditu denez», egiturazkoa dela, eta «zeharka bakarrik izan da indartua» pandemiarengatik. Kasu horretan, zehazten dute enpresa 2014tik ari zela ekoizpena gutxitzen. ITPri dagokionez, berriz, kaleratzeak erabaki neurrigabea direla diote, eta enpresak aurkezturiko arrazoiak «ez direla ekonomiko-produktibo estrukturalak. Eta, izatekotan, martxoaren 20tik aurrera liratekeela».

ITP Castingeko ebazpenean, epaileek gehitu dute egiturazko edo behin-behineko krisia den zehaztea ez dela «garrantzitsua»; pandemiaren legediaren arabera, egoera guztiak «behin-behinekoak» izango baitira, «pandemiatik kanpo dagoen tesitura batean ematen direnak izan ezik». Beraz, arrazoiak egiturazkoak edo pandemiak eragindakoak diren argi uztea kontakizunaren gudatik haratago doan zerbait da, horren arabera aplika baitaiteke Espainiako Gobernuak pandemiak eragindako arrazoiengatik eginiko kaleratzeak debekatzeko onarturiko araudia.

Epaileak, beharturiko igarle

ITP Aeroren eta Aernnovaren kasuan, abokatuek epaiketan azaldu zuten komeriak pandemiaren aurretik zetozela. Orokortzea inoiz ez da ona, baina horrek talka egiten du Hegan aeronautika euskal klusterrak 2019an sektorearen inguruan eginiko analisiarekin. Haren arabera, pandemiaren arrastorik ere ez zegoenean, aeronautikaren euskal enpresen fakturazioa %4 igo behar zen 2020an, eta munduan aire trafikoa urteko %4,5 igo behar zen «hurrengo bi hamarkadetan». Abokatuak etorkizunera begira ere jarri ziren, eta sektoreak 2026ra arte aurrekora itzuliko ez dela dioten JP Morganen eta Deloitteren txosten ustez independenteak aipatu zituzten. Alde horretatik, sindikatuek ere beste iragarpen batzuk hautatu zituzten, IATArena kasurako, eta, haren arabera, aire konpainiek irabaziak izango dituzte berriz 2022. urte amaieran. Horri cherry picking [gereziak biltzea, ingelesez] deitzen zaio ekonomian; alegia, norberaren tesia sendotzen duten frogak bakarrik aukeratzea.

Lan erreformak ere ez die laguntzen epaileei, haren arabera aski baita erregulazioa martxan jartzeko hiru hiruhilekotan aurreko urtean baino irabazi gutxiago izatea, edo hurrengoetan izango direla aurreikustea. Haiek, gainera, ezagutzen dute gerezien teknika; beraz, toga erantzi eta igarle, epidemiologo eta analista ekonomiko janztera behartzen ditu legeak. Alde horretatik, interesgarria da ITP Castingi buruzko bere boz partikularrean Maite Alejandro epaileak idatzitako hausnarketa: «Enplegua babesteko legedia iraupen mugatuko behin-behineko egoera bati aurre egiteko jaio zen, baina dagoeneko ezin da horrela izendatu, aplikatzen hasi zenetik urtebete igaro delako, eta ziurgabetasun egoera handia dago planeta osoan». Alegia, behin-behineko krisi gisa jaiotakoa noiz bilakatzen da egiturazko?

Sindikatuek argi dute, eta kaleratzeak neurri ez hain traumatikoengatik aldatu daitezkeela aldarrikatu dute. Neurri garantistak nahi dituzte, enplegua nola edo hala babestuko dutenak, eta aldi baterako erregulazioak neurri aproposa izan daitezkeela uste dute. Kanpotik ikusita ere, horrelako bideak errazteak logikoa dirudi, hainbat kasutan, epe motzean behintzat, aldi baterako erregulazioak merkeagoak baitira. Esaterako, hala azaldu zuen ELA sindikatuko abokatuak ITP Castingeko epaiketan.

Korapilo zaila da, hari mutur asko dituena, baina askatzea erraztuko luke urtebete pasatuta pandemia behin-behineko edo egiturazko krisia den zehazteak.

EAEko Auzitegi Nagusian, eta aeronautika enpresei dagokienez, 2-1 ari da irabazten behin-behinekoa dela, baina ezin dira langileak eta enpresariak aldagai horren menpe izan. Irizpide garbi batekin testuingurua argitzeak ziurgabetasuna aldenduko luke, eta enpresariek zein langileen ordezkariek argiago ikusiko lukete egoera mahaiaren inguruan esertzean.

Orain erabaki behar dena zera da: nori dagokio irizpide hori legez ezartzea, epaileei edo erakundeei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.