Ingurumenaren babesari buruzko hitzaldi hanpatuen eta interes ekonomikoen defentsaren arteko bidea bihurgunez betetakoa erakusten ari da berriro ere Europako Batasuna. Oraingoan, teorian, Brasil, Indonesia eta Afrikako basoak babestu nahi dituzte, baina horren prezioa bada inflazioa berriro suspertzea eta merkataritza harremanak zailtzea, tira, orduan agian ez dira hain garrantzitsuak. Basoak eta planeta babestea bai, baina ez horrela.
Kontua da abenduaren 30ean indarrean jartzekoa zela Europako Batasuneko arau bat, baso soiltzearen ondorio diren produktuen inportazioa debekatzeko. Arau horren arabera, industriek erakutsi beharko dute beren produktuen lehengaiak ez datozela deforestazioaren ondorioz landatutako eremu batetik.
EB barruko ekoizpenei ere eragiten die neurriak, baina batez ere kafe, kakao, soja, palma olioa, kautxu eta behikien inportazioari eragingo die, produktu horiek landatzeak eta abereentzako larreak sortzea eragiten ari baita leku beroetako oihan handien soiltzea. Arauak eskatzen du produktu bat inportatu duenak erakutsi beharko duela, argazki bidez, hura landatu zen lurra ez zela baso bat 2020. urtea baino lehenago. Lursail garbietako produktua deforestazioaren ondorio denarekin ez nahasteko, gutxi gorabeherako produkzio gaitasun bat emango diote barruti bakoitzari, eta hortik gorako guztia susmagarritzat joko dute.
Protestak bi aldeetan
Arau horren aurkako bi talde handi sortu dira. Batetik, produktu horien esportatzaileak daude. Brasilek, Indiak, Malaysiak, Indonesiak eta beste batzuek ziurtatu dute haien ekoizle txikiei sekulako kaltea egingo dietela. Halaber, hipokrisia leporatzen diete EBko herrialdeei, haiek bere garaian asko txikitu zituztelako beren basoak nekazaritzari eta abeltzaintzari lekua egiteko, eta orain ez dietelako haiei gauza bera egiten utzi nahi.
Kritika ugari entzun dira EBko elikagai industriaren aldetik ere, nahiz eta aldekoak ere badauden; Nestlek, Michelinek eta beste batzuek esan dute etxeko lanak jada egin dituztela. Kritikoen argudioa da burokrazia handituko diela produktuak garbi daudela erakutsi behar izateak, eta kostu horiek kontsumitzaileen bizkar jarri beharko dituztela. Gainera, produktu batzuen eskasia eragingo dutelakoan daude.
Mezu horiek guztiak entzun ondoren, neurria urtebetez atzeratzea proposatu zuen Europako Batzordeak. Horrela denbora emango litzaieke inplikatuei beharrezko teknologiaz jabetzeko eta beste prestakuntza tekniko batzuk egiteko, gaur egun gehienak atzeratuta doazelako. Hori bai, Bruselak ohartarazi du ez duela «inolaz ere» auzitan jartzen araua bera, eta geroago bada ere indarrean jarriko dela.
Azken hauteskundeetan eskuinera jo zuen Europako Parlamentuak, eta esperotako ondorioa izaten ari da: politika 'berdeak' indarra galtzen ari dira
EBko gobernuek urrian onartu zuten atzerapena, eta gaia Europako Parlamentura pasatu da azaroan. Azken hauteskundeetan eskuinera jo zuen nabarmen parlamentu horrek, eta esperotako ondorioa izaten ari da: politika berdeak indarra galtzen ari dira. Horrela, joan den astean, kontserbadoreen eta eskuin muturreko taldeen botoekin, atzerapena onartzeaz gain, eurodiputatuek zulo bat ireki zioten arauaren aplikazioari. Zehazki, deforestazio «arriskurik gabeko herrialdeen» kategoria bat sortu zuten, eta handik iritsitako produktuek kontrolik ez pasatu behar izatea onartu zuten.
Zuzenketa hori aplikatuz gero, EBko bertako herrialde gehienetako produktuek ez lukete dokumentaziorik aurkeztu behar, gaur egun kontinente zaharrean, oro har, basoak zabaltzen ari baitira berriro, landa eremu handien despopulatzearen ondorioz. Eurostaten datuen arabera, 2021. urtean 160 milioi hektarea baso zeuden EBn, azalera osoaren %39. 2000. urteaz geroztik zortzi milioi hektarea handitu da basoen hedadura (+%5,3).
Azken hitza
Talde ekologistek zuzenketa hori kritikatu dute; haien ustez, lege osoa auzitan jartzen duelako eta «protekzionismo berdea» delako, hau da, kanpoko produktuei sarrera oztopatzea ingurumenaren aldeko aitzakia batekin.
Oraingoz, zuzenketa airean dago, gobernuak beraiek aurka azaldu direlako, aste honetan egindako bileran. Negoziazioak zabalduko dira orain gobernuen eta parlamentuko ordezkarien artean, atzerapenari azken oniritzia emateko eta xehetasunak fintzeko.
Edonola ere, abenduaren 30eko datak dagoeneko eragin ditu tentsio batzuk merkatuetan. Kafe inportazioak asko handitu dira, zailtasunen esperoan, inportatzaileek biltegiak bete dituztelako, eta horrek prezioak garestitu ditu. Maiatzean kafe libra batek bi dolar balio zuen, eta 2,85 dira orain.