Oparotasunaren aroa amaituta—horretan bizi izan garela dio Emmanuel Macronek—, «sakrifizioak» egiteko unea iritsi omen da. Hitz itsusi hori Isabel Schnabel Europako Banku Zentraleko buruzagitzako kideak erabili zuen abuztuaren amaieran, Jackson Holen (AEBak), banku zentraletako arduradunek gorbatak kendu eta ikasturtearen atarian egiten duten udaleku horretan.
Inflazioa kontrolatzeaz ari zela,Schnabelek zehazki honako hau esan zuen: «Banku zentralek 1980ko hamarkadan baino sakrifizio ratio handiago bati egin beharko diote aurre, inflazioaren globalizazioak zailago egiten duelako banku zentralek prezioen presioa kontrolatzea». Uler dadin, «sakrifizio ratio» horrek esan nahi du zenbateko kaltea egin behar dien EBZk hazkunde ekonomikoari eta enpleguari inflazioa menperatu ahal izateko. Beste era batera esanda, Schnabel esaten ari dena da derrigorrezkoa izango dela atzeraldi bat inflazioaren piztia berriro kobazulora itzularazteko.
Langabezia txikia, arazo
Erronka zein den aste honetan Eurostatek jakinarazi dituen bi daturekin uler daiteke. Batetik, inflazioa %9,1era iritsi zen abuztuan eurogunean, inoizko kopururik handienera, eta EBZk egokitzat jotzen duen %2tik oso gora.
Bestetik, langabezia tasa %6,6ra jaitsi zen uztailean euroaren eremuan, beste 77.000 langilek lana aurkitu zutelako. Berri pozgarritzat jo beharko litzatekeena, ordea, kezkaz hartu du banku zentralak. Schnabelek berak Jackson Holen esan zuen «arrisku handia» zela lan merkatu indartsua, «inflazioa elikatzeko mehatxua» delako.
Hortaz, sinplifikatuz esan daiteke helburua dela langabezia handitzea inflazioa jaitsi ahal izateko. Gordina? Bai, demagogia pixka bat eginez, gogorarazi behar delako sakrifizio hori ez dutela Schnabelek edo haren lankideek egingo; ikasketak ordaintzeko lanen bat aurkituko ez duen haren ilobak egingo du, fruta denda itxi beharko duen bere auzotarrak egingo du, eta bere tailerra larri dabilelako kalera joan den lehengusuak ere bai.
Eraginkorra izango al da sakrifizioa inflazioa jaisteko? Hori ere baliteke, baina ez da berehalakoa izango; ekonomiaren eragile guztiak beren kostuak, prezioak eta sariak egokitzen ari dira —hori dira ugaritzen ari diren lan gatazkak ere—, eta atzeraldi batek ez du prozesu hori bat-batean etengo.
Baina pilula mingotsak funtziona dezake. Jakina da lana duen jendeak baduela bere soldata gastatzeko ohitura txar bat, gehiago kontsumitzen duela, eta horrek prezioen igoera ekartzen duela. Eta kontrakoa, soldata ezean, gerrikoa estutzen du.
Ikusi besterik ez dago zer gertatu den azken asteetan erregaiaren prezioarekin. Atzeraldi bati buruzko aipamen hutsak eten egin du petrolio upelaren goranzko bidea, eta (pixka bat) merkatu ditu gasolina eta gasolioa. Metalen eta beste lehengaien prezioak ere beherantz egiten ari dira, etor daitekeenaren beldur.
EBZren eskuetan, sakrifizioak eragiteko tresna interes tasak dira. Igotzen baditu, maileguak garestitu egingo dira. Kredituak ordain ditzaketenek bankuen irabaziak gizenduko dituzte —horren zain daude—, eta ezin dutenek, berriz, ez dituzte eskatuko eta gutxiago gastatuko dute eta gutxiago inbertitu. Horrek ekarriko du hazkunde ekonomikoa txikitzea eta, ziur aski, hiruhileko batzuetan negatiboa izatea.
Bai, baina zenbat?
Ekuazio horretan hirugarren zenbaki bat aipatu behar da. Zenbat igoko dira interes tasak? Uztailean, 0,25 puntuko igoera espero zenean, eta 0,5 igo zituen. Baina orduan kopuru handia zena orain kopuru txikia da, inflazioa nola doan ikusita. Analistek gehienek 0,75en alde egiten dute orain, eta Schnabelek ere hori iradoki du; «erabaki indartsu» bat eskatu du, «bizkor ez egokitzearen kostuak nabarmenak izan daitezkeelako». Zuhurrago mintzatu da aste honetan Phil Lane ekonomistaburua, esan baitu «igoera txikiak» egokiagoak izan daitezkeela, hazkundearen lepoa gehiegi estutuko duen beldur.
Berri txarrak gaur egun tasa aldakorreko mailegu bat dutenentzat. Hainbat urtez interesetan hutsaren parekoa ordaindu ondoren, errealitateak dutxa hotz batekin esnatu ditu. Abuztuan %1,249ra iritsi da Euriborra, eta irailean hortik oso gora bukatuko du, ostiralean %1,87an zegoelako. Ehunka euro gehiago urtean.
Eta berri kaskarra estatu zorpetuentzat ere, beren zorraren truke gehiago ordaindu beharko dutelako, hainbeste zulo estali beharrean ari diren garai batean.
GEURE KONTU
Atzeraldi bat, mesedez, inflazioa konpontzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu